AURTeNGO Arabako Bertsolari Txapelketako irabazlea da Manex Agirre, Gasteizko finaleko buruz-burukoan Iñaki Viñaspreri gailendu ostean. 2011ko estreinakoaren ondoren, Arabako bigarren txapela du Agirrek, eta bertsotan jarrai-tzeko indarra emango diola ziurtatu du.

Bigarren txapela izanik, zer ekarri dizu?

Lehenengo txapelarekin euforia itzela izan nuen, sentitu nuen nire bertso ibilbideko helburu bat betea nuela. Bigarren hau gehiago da egindako bidearen konfirmazioa, aurrera egiteko motibazio bat da. Berriro indarra hartzeko heldulekua izango da bigarren txapela eta, gainera, ohore bat da.

Beraz, oraingo honetan lasaitasun handiagoz hartu duzu?

Dudarik gabe, nire izena esan zutenetik lasaiago hartu nuen, erlaxatuago. Lehenengo aldiz irabazi nuenean, oroitzen dut poz kontrolaezina izan nuela, aulkitik ia salto egin nuen. Oraingoan, beste era batean hartu dut, poz atsegin bat sentitu dut, lasaiagoa, gehiago irauten duten horietakoa.

2011tik hona gorabeherak izan dituzu, tartean etenaldia ere egin zenuen bertsotan.

Bai, kontuan izan bertsolaritza ez dela nire ogibidea. Hortaz, aukera dut bertsoarekin daukadan harremana estutzeko edo erlaxa-tzeko, unearen arabera. Momentu batean, aspertu samar nengoen, nekatuta. Jendeari nik nahi nuen hori transmititzen ez nionaren sentsazioa neukan, eta atsedena behar nuen. Urte eta erdi inguruko etena egin nuen, luze samarra, bai, baina onerako izan da. Indarberrituta nago, txapelketan indartsu aritu naiz eta aurrera begira gogotsu nago.

Nora eramango zaitu txapelak?

Hori txapelak bakarrik ez, bertsozaleek ere esango dute. Bertsolarion nahia izaten da ahalik eta saio gehien egitea eta ahalik eta ondoen kantatzea. Txapelak eman dezake horretarako aukera, erreferentzialtasuna ematen duelako. Bestetik, konpromiso bat ere eskatzen du: datozen bi urteetan txapel hori defendatu beharra dago. Ahalegina egin behar da, gutxienez, txapelketan erakutsitako maila mantentzeko.

Gasteizko finala, puntuazio aldetik, estua izan zen. Barrutik nola bizi izan zenuen?

Egia esan, denetik izan nuen. Batzuetan animatuta, konfiantzarekin, beste batzuetan beheraldiak izan nituen. Gorabeheratsu ibili nintzen, baina niri txapelketa guztietan gertatzen zait hori, ez naiz batere konstantea. Gainera, ikusten nuen denok oso parean genbiltzala, batez ere finalaren lehenengo zatian. Buruz-burukoa beste historia bat izan zen: lasaiago nengoen, helburua beteta.

Bertsolariek adierazi zenuten, kalitatea eskaini nahi zenutela aurtengo txapelketan, lortu duzue helburu hori?

Denbora beharko da horri buruzko balan-tzea egiteko. Erabaki kolektiboa izan zen kalitatea lantzearena, eta balorazio kolektiboa egin beharko dugu. Dena den, nik badaukat nire iritzia: oro har uste dut kalitatea igo dela, baina ez modu homogeneoan. Batzuek geure burua estutzea lortu dugula uste dut eta beste batzuek ez, agian ez dutelako izan motibazio nahikoa.

Arabako txapelketa, gaur egun, bi urtero antolatzen da. Finkatuta eta osasunez ondo ikusten duzu proiektua?

Lehen urtero egiten zen eta ez zegoen ezertarako astirik, txapelketa bat amaitu eta hurrengoa prestatzen hasi behar genuelako. Orain, bi urtean behingo atseden horrekin, txapelketan zer nahi dugun pentsatzeko denbora gehiago dugu. Aurten, kalitatearen eta ariketa zailagoen alde egindako apustua ere hausnarketarako aukera horri esker etorri da. Txapelketan gauza berriak probatzeko gogoa badaukagu, aurrera begira arrakasta ziurtatuta izango dugu. Aurten entzule asko etorri dira saioetara, finalera ere bai. Hori bide onetik goazen sintoma da.

Zuen inguruko belaunaldia da azkenengo urteetan Araban nagusi. Hurrengo belaunaldia badatorrela sumatzen duzu?

Ikusten dut gazteagoak badatozela. Horren adierazgarri da Xabi Igoa finalera pasa izana. Belaunaldi gazte horrek finalean izan duen lehenengo sartualdia izan da, burua atera duen lehenengoa izan da Xabi. Baina finalaren aurretik gazte askok kantatu dute, adinaren batazbestekoa ikusita, geu gara beteranoenak. Badator bultzada atzetik eta etorkizuneko txapelketetan beraiek esan beharko dute zer den Arabako bertsolaritza.

Zaletasunari dagokionez ere esan daiteke gorakada eman dela.

Bai, asko igartzen da. Ez bakarrik kopuruetan, esango nuke bertsozaleak desberdinak direla, gero eta bertsozale hobeak dira, gero eta hobeto ezagutzen dute bertsolaritza. Modu kritikoan jarraitzen gaituzte orain eta hori bertsogintzaren osasun onaren seinale da. Garai batean, Araban, ahalegin txiki bat egiten zuena edo multzotik pixkat burua ateratzen zuena, asko goratzen zen. Hori gero eta zailagoa da, eta uste dut ona dela hori denontzako. Kalitatearen exijentzia ez diogu geure buruari bakarrik jartzen, bertsozaleek ere badute zeresana.