Liburu batzuek historiaren gurpila azkartzen dute, dena esplikatzen duten sistema itxiak dira. Beste batzuek duda, dardarizoa eta, asko jota, segurantza lauso bat opatzen digute. Bihotzaren filtrotik pasatutako hitzekin, ahotik erori zaizkio Otamendiri euskal herritar modernoaren hitzak. Niaren hezur bizia biltzen duen mami sozialaren ehundura poetikoa. Hala definitu zuen Kapital Publikoa Harkaitz Cano handiak 111 Aldizkarian. Eta ez zaigu otutzen zelan esan ezer gehiago, ezer berririk poetika delikatu eta aiztoa bezain zorrotz honetaz.
Tximeleta eri hura gelan sartu zi-tzaigunetik, azpeitiarraren mundura sentsazio bikoitzarekin hurreratzen gara: gozatu egingo dugu, triste jarriko gara uneka. Nola daiteke hain klasikoa, eternala eta konbentzionalki ederra izatea bere proposamena, material hain efimeroarekin egina?
Hildakoak, gupida, memoria, esperantza, euskara. Desagertuko dira denak. Zeinen gauza ederrak denak. Eurekin kontaktuan jar-tzen da bat, eta barruko mamuak direla iruditzen zaio, eta gu ere gandua garela, ura, norabideren bat hartu gura lukeen erreka-adar.
Eta, finean, Otamendik proposa-tzen diguna ez da bide bat, ibiltzeko modu bat baino. Aurreiritzirik gabe, baina ohartaraziz ez dela bururik makurtu behar: “gabiltzan bideak harrapatu gaitu/ eta ematen du ez gabiltzala ez dela biderik/ gelditasun handi batean/ isilak jan behar gaituela/ gure arrazoiak defenditzen ez dakigula/ ez dakigula azaltzen zergatik garen/ garen bezain setatsu eta ilun”.
Kapital publikoak poesiaren mugak gainditzen ditu, edo hobe, poesia bihurtzen du dena, zapalduaren mikatza eta pribilegiatuaren elkartasuna. Erretorikarik ez dago hemen, ezpada diskurtso luze bat aire gazi-gozokoa eta dotorezia berezko batekoa, hizkuntzaren eta bihotzaren bidezidorren ezagu-tzak soilik ematen duena.
Otamendik hizkera seguruz hitz egiten digu zalantzaz. Dogmaren kontrako poesia honek gogorarazten digu denok lurrunduko garela, eta enpatia, justiziaren zentzua eta are gupida ere bidaia labur honetan erabili beharreko bertuteak direla. Alegia, moralki izan behar dela bat garaile, beste garaitza guztiak ahaztuak izango dira-eta: “eta berriro bakea erein genuen/ auzoen gerra ezti eta/ geure gezur mikatzen soroetan?/ idatzita baitzegoen/ azkenean ba-tzuk ondo bizi/ eta denok laketu egingo ginela”.
Prosaren eta poesiaren mugetan eta luzatu eta luzatu egiten diren ahapaldien erritmo atseginean galtzeko liburua da hau, inondik ere. Lirikaren oinarrietara itzuli gura duen abangoardia zaharrak oraindik kitzikatu ditzake kon-tzientziak. Poeta biluzik ageri delako izan daiteke edo, osteran-tzean, justu kontrakoagatik, surrealismorik handiena delako, hain zuzen, gure zauriez eta herriaren ametsen markez hitzik ez egitea.
Titulua: ‘Kapital publikoa’
Egilea: Jose Luis Otamendi
Argitaletxea: Susa