Síguenos en redes sociales:

Pirritx, Porrotx eta Marimototsi herri omenaldia egingo diote maiatzaren 3an BECen

Ekitaldi honen bidez, euskal kulturaren zabalkundean izan duten garrantzia azpimarratu nahi da

Pirritx, Porrotx eta Marimototsi herri omenaldia egingo diote maiatzaren 3an BECenBorja Guerrero

Maiatzaren 3an, pare bat astetan, sekulako herri olatua altxatuko da Barakaldoko Bizkaia Arena -BECen. Festa erraldoiaren helburua Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoek 37 urteko ibilbidean zehar euskal jendarteari egindako ekarpena aitortzea eta eskertzea da. Omenaldi honen bidez, belaunaldi askoren heziketan eta euskal kulturaren zabalkundean izan duten garrantzia azpimarratu nahi da. 

Pirritx, Porrotx eta Marimototsi herri omenaldia egiteko ikuskizun paregabea antolatu dute: musikariak, abeslariak, dantzariak, antzerkigileak, arte plastikoak, bertsolariak… Ekitaldia Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ibilbideari eskainitako omenaldi artistiko eta emozionala izango da. Ikuskizun hunkigarria, dibertigarria eta adin guztietarako egokia izango da, haien unibertso magikoan inspiratutako jarduerekin. Diziplina anitzeko artista ugari igoko dira oholtzara. 

“Pirritx, Porrotx eta Marimotots lagunei eskerrak ematera gatoz, urteetan zehar kolorez eta alaitasunez bete dutelako gure txikien bizitza. Haiekin batera dantzan, kantuan eta barrez balio garrantzitsuenak ikasi ditugulako eta, gainera, euskaraz egin dugulako, baina garrantzitsuena da, Euskal Herriko areto handietan ez ezik, gehien behar izan dituzten haurrengana ere hurbildu izan direla. Profesional handiak izateaz gain, maila handiko pertsonak direla erakutsiz”, nabarmendu du Bizkaiko Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol Diputatua, Leixuri Arrizabalaga.

Maite Zaitut Elkarteko kide den Amagoia Mujikak adierazi duenez, “urtebete baino gehiago da herritar talde batek abentura ero hau martxan jarri genuela. Pailazoak gertuko sentitzen ditugun herritarrak gara Maite Zaitut Elkartearen inguruan bildu garenak. Eta helburu zehatz batekin sortu ginen, Pirritx, Porrotx eta Marimototsi herri omenaldi eder bat egitea eta Maite Zaitut kolektibo ozen bat eskaintzea”.

Maite Zaitut Elkarteko kide den Amagoia Mujika.

Amaia Elizondok, Bizipoza Elkartearen izenean, pailazoek bidean eman dieten laguntza goratu du. “Ezin da azaldu pailazoek eman digutena. Pailazoei esker, jendarte inklusiboagoa eta irrizaleagoa daukagu. Haien ekarpena izugarria da eta gu BECen egongo gara maiatzaren 3an, merezi dutelako”.

Oiartzungo alkatearen hitzetan, “kiroldegi eta antzokietan sartu dira ikuskizunarekin lehenik, liburutegira eta hezkuntza zentroetara ondoren liburu eta diskoekin eta, azkenik, gizarte zerbitzu eta ludoteketako ateak zabaldu izan dizkiegu. Pailazoak inspiratzaileak eta aurrerakoiak izan dira urte luzez gordeta eduki izan ditugun gaiak plazara ateratzeko”.

Sarrerak 

Maite Zaitut Elkarteak jakinarazi du gaurtik norbanakoek beren ekarpena egiteko aukera izango dutelawww.nikeremaitezaitut.eus webgunean. Eta pistako azken sarrerak ere badaude eskuragarri, orrialde horretan bertan. “Euskal irritarrak animatu nahi ditugu maiatzaren 3an Maite Zaitut festan parte hartzera. Bi orduko puntako ekitaldia izango da, arte diziplina desberdinetako 200 parte hartzaile baino gehiagok parte hartuko dute, eta bihotzean tatuatuta geratuko zaigu”, adierazi du Amagoia Mujikak.

Amagoia Mujika.

 “Hala, maiz pailazoekin elkarlanean, gizarte zerbitzuetatik lanketa bereziak egin izan dira adibidez arrazismoa edo familia ereduak lantzeko edo, ludotekatik abiatuta, dolua bezalako gai zailak haurrekin lantzeko. Zinez eskertuta gaude Pirritx, Porrotx eta Marimototsek ikuskizunak, materialak, jakintza, inspirazioa eta laguntza eman dizkigutelako tokiko erakundeetako zerbitzu publikoei gure herriak euskaldunagoak eta berdinzaleagok izateko”, amaitu du Joana Mendiburuk.