Laurek badute zerbait komunean: gazte sortzaileak dira, irudimenez, sormenez eta ilusioz beteak. Alejandra Bueno de Santiago (Ezohikoak ikus-entzunezko proiektuarekin), Aitor Vinagret (Kokito eta India antzerki eta musika proiektuarekin), Aitor Anda Velez de Mendizabal (Plazak plazara! Ikus-entzunezko proiektuarekin) eta Iker Aguirre Vea-Murgia (Telebistako Emakumea film laburrarekin) dira Gazte Sortzaileak bekaren lau irabazleak eta beren proiektua eta ilusioak zertan oinarritzen diren azaldu dute DIARIO DE NOTICIAS DE ÁLAVA egunkari honetan.

Gazte Sortzaileak deialdiak gazteen artean euskarazko sorkuntza bultzatzea du helburu. Era berean, euskarazko kultur programazioan ere eragin nahi du, gazteek gazteentzat sortutako jardueren bidez. Horrela, gazteek beren sormena garatzeko aukera-guneak izan ditzaten laguntzen du. Urtero, 2015etik, Gasteizko Udalak, Foru Aldundiak eta Oihaneder Euskararen Etxeak antolatzen dute beka.

Iker Aguirre Vea-Murgiak bekan izena ematea erabaki zuen bere film laburren proiektuarekin, ia pentsatu gabe. Landutako eta mimatutako ideia bat aurkeztu zuen, eta irabazleetako bat izan zen. Bere proiektua fikziozko laburmetraia bat da, euskarazko film laburra izango da, eta helburuetako bat lan giroan euskaraz egitea da. “Lehen momentu batean Goizetik neke zuen izena eta izenburu horrekin aurkeztu nuen nik, baina izenburua aldatzea erabaki dugu eta orain Telebistako Emakumea du izena. Filma azken finean bi emakumeen arteko elkarrizketa bat da, baina hamar minutuko elkarrizketa horren azpian pertsonarteko erlazioei, bakardadeari eta maitasunari buruzko hausnarketa bat egiten ahalegindu naiz”, azpimarratu du. Kontatzen duenez, filmaren ideia berez ez zen etorri momentu zehatz batean. “Ideia solteak ditut beti idatzita, istorio osoak ere ez direnak eta nahiko kaskarrak orokorrean, baina ideia kaskar horien nahasketatik batzuetan zerbait ona atera daiteke”. “Asko pentsatu nuen gaiari buruz. Lagun batek gomendatu zidan behar beste aldiz berridazteko gidoia, ez dagoela ezer txarragorik beranduegi denean damutzea baino. Gai nagusia zein den esan beharko banu, bakardadea dela esango nuke. Asko interesatzen zaidan gaia da”, dio. Irabazlea izendatu zutenetik, Iker hasi da bere proiektuan lanean, eta une honetan produkzio fasean dago.

Aitor Vinagret ere lanean eta bere proiektua zaintzen ari da. Kokito eta India familientzako ikuskizuna da. Antzerki fisiko, testuala eta komikoa garatzen dituen antzezlana. Irudimena, sormena eta jolas komikoa dira sorkuntzaren ardatz nagusia. Aktore berak soinuak, espazioak eta pertsonaiak eragiten ditu. “Oraingoan, erronka polita izango dugu, oholtzan ere Kokitorekin batera, Aurora Briz aktore eta musikaria egongo da, ikuskizunaren narratzailea izango dena eta zuzeneko musika eta giroa eskainiko duena”, azaltzen du gazteak. Vinagret-ek dioenez, hainbat egun eta aste daramatza proiektu horretan lanean, egunez egun, eta oso gustuko duela aitortu du. Zailtasunak ere baditu. Batez ere musikaren atalean. Baina, hala ere, zailtasun horiek konpentsatu egiten dute, bere irudimena garatzeagatik zoriontsu dagoela ziurtatzen baitu. “32 urterekin sortzen jarraitzea oso polita da niretzat, zorionez ez diot jolasteari utzi txikia nintzenetik eta hori niretzako pribilegio bat da. Betidanik irudimen handia izan dut eta egun barneko mundu hori elikatzen jarraitze horrek asko motibatzen nau. Kokitok hori eskaintzen dit, jatorrira bueltatzea, jolasaren esentziara, kreatibitatea piztuta izatera, sinpletasunera eta hortik espaziora. Sorkuntza prozesuan zaudenean, erne zaude momentu oro, beste modu batean begiratzen duzu, edozein detaile txiki batek inspira zaitzakelako”. Ezohikoak proiektua ere zorion dosi handia da Alejandra Bueno de Santiagorentzat. Proiektua ikusentzunezko produktu bat da, argazkieekin eginda, eta euskal matriarkatuaren mitoaz eta familia-ereduez hitz egiten du. “Esango nuke doku-fikzio bat dela, Errealitatetik dator, baina istorioen nahasketa da, gure istorioak. Argazkien gainean ahots bat dago, bere bizitzaren historia kontatzen duena, argazki horietako pertsonaia balitz bezala”, kontatzen du. Argazkiak Gasteizko udal-artxibotik aterata daude, XX. mendearen hasierakoak dira, “garai hartan nolakoak ginen jakin nahi nuen eta ez nuen eredu matriarkalik aurkitu”. Horregatik proiektuak historia eta hausnarketa batzuk egiten ditu, “guzti hau ez dagoela eredu perfektu bat esateko da, eta nola historioek edo argazkiek kontatzen dutena egia beti ez den”. Azaldu duenez, proiektu hori amaitzen ari da, eta pozik dago lan horri eskaintzen dion mimo, denbora, dedikazio eta maitasunagatik. “Ez nuen irabazteko asmorik, normalean itxaropenen bat duzu, baina kasu honetan ez. Proiektu hau beste deialdi batzuetara aurkeztu nuen, eta ez zen atera, baina irakaspena da inoiz ez dela atzera egin behar”.

Azken proiektu irabazlea Aitor Anda Velez de Mendizabalena da. Plazak plazara! izeneko ikus-entzunezkoa da. Gasteizko hiru txoko ezberdinen historia, ondarea eta memoria ikertu eta Gasteizen sorkuntzan diharduten pertsona eta eragile ezberdinekin harremanetan jarriz hiriko herri ondarea eta memoria aldarrikatu nahi duen proiektua da. “Gaurdanik existitzen ez den plaza bat ( Katxan kalezuloa), gasteiztarrok oso presente dugun plaza bat (Martxoaren 3 ko plaza) eta gaur egun eraikitzen ari diren plaza bat (Memoria plaza) elkarlotuko ditu proiektuak. Horretarako Mice edo Ane Gebara bezalako sortzaileen lanak izango dira bitarteko nagusia. Sorkuntza horiek euskarri digitalean egongo dira txoko horietan bertan eta eskura izango ditu bertatik pasatzen den edozein pertsonak”, azaldu du. “Sortzaileak txokoekin harremanetan jarri dira jada eta ikerketa lana bukatutzat eman dugu. Sorkuntza fasean aurkitzen da orain proiektua eta sortzaileek bere kabuz ari dira sorkuntzak prestatzen eta fintzen”.