- Hilaren 17tik 20ra bitartean, Ondategi eta Gopegi (Zigoitia) ospakizun artistiko eta parte hartze eszenikorako gune bihurtuko dira, Festikale - Landa Inguruneko Arteen Jaialdiaren VII. edizioa egingo baita, 10 emanaldirekin. Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, Idoia Ayestaran Panta Rhei Produccioneseko eta jaialdiko zuzendariak eta Javier Gorbeña Zigoitiko alkateak aurkeztu zuten atzo ekitaldia prentsaurrekoan.
"Festikale 2020k publikoarengana hainbat diziplina artistiko hurbiltzen jarraituko du, objektuen antzerkiaren, txotxongiloen, musikaren, arte bisualen eta dantzaren arteko mugak lausotuz", azaldu zuten atzo Arabako Foru Aldundiatik eta erantsi zuten: "Sorkuntza horiek Gopegi eta Ondategiko hainbat espaziotan bilduko dira. Programazioaren zatirik handiena Bengolarra parkeko eta antzokiko txoko natural txikietan ez ezik, ikastolako gimnasion eta frontoian ere erakutsiko da, gune alternatibo gisa, Sarragoako zelaiaz gain, Ondategin". Programazioak, zehaztu zutenez, hausnarketarako gonbita egiten duten gai sakonak jorratuko ditu, "publikoa benetako bizipenetara eramanez": "Antzerki programazioak gai sakonak jorratuko ditu, hausnarketa eragin eta publikoak benetako bizipen biziagoetara eramanik. Baita kalean festa, animazio, musika eta kolorerako gunea ere", helarazi zuten.
Ekitaldiaren segurtasunari dagokionez, Aldundiak ziurtatu zuen protokolo espezifiko bat diseinatu dela, ahal den neurrian bermatzeko gune segurua eta arriskurik gabea izango dela bertaratuentzat. Izan ere, jaialdi honetan hartu duten segurtasun-neurri nagusietako bat edukiera txikia izatea izan da, aurreko urteekin alderatuta. Ostegunean, 19:00etan, jarriko da martxan El Patio eta A mano egindako lanarekin, lokatzez beteriko istorioa, "ihes egiteko gogo handia duen pertsonaia txiki bat" protagonista duena. Gainera, 20:30ean, Panta Rheik (proposamena errepikatuko du hurrengo egunean, ordutegi eta leku berarekin) Gorbeiaren taupadak izeneko esku-hartze bat egingo du Sarragoako zelaian, ezohiko espazio batean. Bertan, taldeak antzerki-konpainiarekin elkarlanean aritu diren hainbat pertsona izango ditu, beren ibilbidean zehar, musikaren aldetik. Ostiralean, hilak 18, Sapo Produccionesek irekiko du jardunaldia, 19:00etan, Te regalo el Sol-ekin. Gainera, 20:00etan, Bengolarra parkea estreinatuko dute, Granujas a Todo Ritmo musika taldearekin. Hurrengo egunean, arratsaldeko 16:30etatik aurrera, MSM Teatroren proposamen berezia izango da parkean. Laboratorios, rayas y puntos familientzako gonbidapena da, arteekin jolasteko eta esperimentatzeko. Leku horretatik mugitu gabe, 18:45ean Hortzmugaren txanda izango da, Jule taldearen eskutik, "ametsez gozatu behar dugula erakusteko". Gune soziokulturalean, 20:00etan, Maria Parrato konpainiak No te asuste mi nombre aurkeztuko du, inor hiltzen ez den mundu batetik abiatzen dena. 21:00etan Bengolarran Apodaka Jazz Band taldearen txanda izango da. Igandean, hilak 20, 13:30ean, Infraganti talde gasteiztarrak Artzegi Jatetxean joko du.