Euskalgintzak eta feminismoak bat egiten dute geuregan, geure gorputzetan, geure eguneroko praktiketan, geure bizipenetan, geure erresistentzietan, geure militantzietan euskaldun eta emakume garen heinean, eta hortik euskaltzale eta feminista izateko eman dugun urratsean”. Esaldi horrek ondo laburbiltzen du datozen asteetan Bilboko Kafe Antzokian eskainiko den Euskaltzaletasuna eta feminismoa: zer ikasi hura elikatu ikastaroaren muina.
Lorea Agirre kazetaria eta Jakin aldizkariko zuzendaria da ekimenaren bultza-tzaileetako bat eta, era berean, bera da ekimenari hasiera emango diona, astelehenean, Idurre Eskisabel kazetari eta EHUko irakaslearekin batera. Lehen saio horretan, Euskaltzaletasuna eta Feminismoa, ahaldun-tzeko elkargunea hitzaldia eskainiko dute, euskararen eta feminismoaren arteko harremanak aztertzeko.
MENDERAKUNTZA
Feminismoa eta euskaltzaletasunaren arteko harremana lantzearen ernamuina, ziurrenik, Euskaldunon Egunkarian langile ziren garaian sortu zitzaiela azaldu du Agirrek. “Euskal hiztun eta emakume izateagatiko egiturazko menderakuntza oso bat bizi genuela ohartu ginelako eta, gainera, menderakuntza modua ere oso-oso bertsua zela jabetu ginelako”, jarraitu du. Horren ondotik, Agirrek eta Eskisabalek EHUko antropologia doktorego masterra egin zuten eta hango eztabaidetatik diskurtso eta praktika hori lantzen hasi ziren, feminismoaren metodologia eta epistemologia erabiliz.
Aurrerago, Eskafandra kolektiboan garatu dute lan ildo hau, baina baita Jakin aldizkariaren barruan ere. “Ikastaroaren hazia 2017an Usurbilen egindako Hizkuntza, generoa, klasea eta jatorria elkargunean jardunaldietan dago. Jakin monografikoa ere urte berean argitaratu genuen”, jakinarazi du Agirrek. Horrez gain, euskalgintza eta feminismoaren hainbat eragilerekin partekatu eta aberastu dute diskurtso eta praktika hau.
Iaz Gasteizko Oihaneder euskararen etxean eskaini zuten ikastaroa aurrenekoz, egitura berdintsuarekin. Hala ere, berritasunekin dator Bilbon egingo dena, bi hizlari eta gai berri izango baititu: Batetik, Bilgune Feministako Saioa Iraola izango da euskararen eta feminismoaren genealogia aztertzen, martxoaren 25ean.
Ikastaroan ere lehenengoz parte hartuko duen Itziar Gandarias psikologia sozialeko Deustuko Unibertsitateko irakasleak Iraolaren ildo beretik joko du, apirilaren 29an, Bilboko feminista taldeetako esperientzia baliatuta, kasu honetan.
Jardunaldien baitan eskaini ohi duten antzezlana ere berria izango da. Maiatzaren 27an izango da emanaldia, ikastaroko azken saioan. Amelia Barquin Lopez Mondragon Unibertsitateko Huhezi-ko irakasleak hitzaldia eskainiko du euskara ez-sexista nola erabili daitekeen azaltzeko. Horren ostean, Ane Labaka bertsolariak eta Bea Egizabal ipuin-kontalariak Erradikalak ginen bertso-antzerki ikuskizuna eskainiko dute. Erradikalak gara ikuskizunaren jarraipena da honakoa.
Berrikuntza hauez gain, otsailaren 25ean, Jaime Altuna Ramirez soziologoak eta Aizpea Otaegi Mitxelena Elhuyarreko kideek parte hartuko dute. Teoria eta praktika uztartuz, hizkuntzaren eta generoaren arteko loturez jardungo dute solasaldian, norbere esperientziatik eta lan-esparruetatik.
PUBLIKOAREN INTERESA
Bilboko Kafe Antzokiak hartuko dituen saio guztietarako sarrerak agortuta daude jada. “Interesa begi-bistakoa da -uste du Lorea Agirrek-. Gosea dute emakume euskaldun askok, eta baita gizon askok ere, bizi ditugun menderakuntza horiek ulertzeko; eta are garrantzitsuagoa dena, ahalduntze prozesu bat nola abiatu eta eskubide sozial horiek nola lortu ikasteko ere. Egia esan, bi ardatz horietan jokatzen da demokraziaren kalitatea”, azaldu du Agirrek. Ikastaroak piztu duen interesa ikusita, beste herri edo hiriren batean antolatzea nahiko luketela azpimarratu du Jakin-eko zuzendariak: “eskaera egiten badigute, gu prest geundeke, elkarlanean, pentsamendu eta praktika hau zabaldu eta eztabaidara ekartzeko”.