Eusko Ikaskuntzaren enkarguz, Josemari Velez de Mendizabal (Aramaio, 1949) Arrasateko Doke Antzerki Taldeko kideak erakunde horren mendeurrenerako egindako obra da Hamaika amaren seme (alaba) antzezlana. Aramaioar idazleak gertutik ezagutzen du Eusko Ikaskuntza, zuzendari kudeatzailea izan zen 1994tik 2010era eta ondo ezagutzen du erakundearen ibilbide historikoa. Azken urteetan, Arrasateko Doke antzerki taldean murgilduta ere badabil. Velez de Mendizabalek testua idaztea onartu zuen, baina obra taldearekin taularatzeko baldintzarekin. Egileak hamabost urte daramatza antzerki konpainia honetan sartuta eta zortzigarren lana du Hamaika amaren seme (alaba).

Euskal Herria eta Eusko Ikaskuntzarekin istorio paralelo bat egitea erabaki zuen orduan Velez de Mendizabalek, mende oso bat kontutan hartuz. Eusko Ikaskuntzaren historia, esan bezala, bertatik bertara ezagutzeko aukera izan du. Euskal Herriaren historia berriz, “familia transmisioagatik ezagutzen dugu, gure aitona-amonak XIX. mendean jaio ziren, beraz, guk derrigorrez ezagutu dugu haiek bizi izandakoa. Horrez gain, gure gurasoek bizi izandakoa ere badakigu eta guk bizi izandakoa ere hor dago”, kontatu du.

MENDE BATEN LABURPENA Zentzu horretan, azken ehun urteen laburpena egiten du antzezlanak: Euskal Herriarena, eta, aldi berean, Eusko Ikaskuntzarena. “Paralelotasun handia dago Euskal Herriaren historiaren eta Eusko Ikaskuntzarenaren artean: Eusko Ikaskuntzan islatzen dira garai bakoi-tzeko tentsio ekonomikoak, politiko eta sozialak. Ezin daitezke bereizi bata eta bestea”, uste du aramaioarrak. Testua idazterako orduan, zailtasunak izan dituela azpimarratu du, baina ez bi errealitate historikoak azaltzerako orduan, baizik eta antzezlanak irauten duen ordubete pasatxoan mende oso bateko ibilbidea kontatzeko. “Arazoa izan da guzti hori testu dramatiko batean biltzea, dramaturgia ematea, elkarrizketak?”. Baina tira, nik uste jendeak 65 minutu horietan herri honetan zer gertatu zaigun pentsatzeko eta hausnartzeko aukera ematen duela lan honek”.

Mugarri historiko garrantzitsuak hartu ditu erreferentziatzat egileak horretarako: “Eusko Ikaskuntzaren sortze prozesua XIX. mendean kokatu daiteke, Foruak galtzen direnean eta Karlismoa pil-pilean dagoenean. Erakundea sortu zenean, guzti horrek nolabaiteko pentsamolde bat osatu zuen”, azaltzen du Velez de Mendizabalek. Antzezlanaren izenak berak ere Karlismo garaira eramaten gaituela gehitu du: “Hamaika amaren seme kantu karlista baten titulua da; izen horri buelta eman nahi izan diot, abesti horren izenak hamaika amaren semeak gerran hil egingo direla esan nahi duelako. Nik Hamaika amaren seme (alaba) izenburua jarri nahi izan diot obrari, Eusko Ikaskuntza bera ez delako ez seme ez alaba, erakundeak ez baitu generorik”.

GARAI LORIATSUAN JAIOA Eusko Ikaskun-tza beraz, giro hartan sortu zen, hainbat mentalitatek bat egin zuten sasoi korapilatsuan: “Karlismoa, nazionalismoa, monarkia? ditugu batetik; eta, beste alde batetik, gizarte maila askotako pertsonaiak: goi mailako aristokratak, langileak, intelektualak?”. Hau da, jende askoren artean sortu zen erakundea. Testuaren egileak aipatu duenez, “momentu loriatsu batean sortu zen Eusko Ikaskuntza, 1918an, hainbat helbururen bila, batez ere xede kultural eta intelektualak jomuga zituela. “Euskal Unibertsitatea zeukaten helburu nagusi emakume eta gizon horiek eta giro ikaragarri polita sortu zen. 1918-1936 urteen bitarteko garaia,euskal pizkundea deiturikoa, obran islatu egin behar nuen, indar ikaragarria egon zen bai zientzian, kulturan, gizarte zientzietan, ekonomian, arrantzan? hainbat esparrutan momentu aurrerakoi indartsu bat zegoen”, azaldu du Velez de Mendizabalek.

Laster heldu zen baina, 1936ko gerra, “drama bat” izan zena bai Euskal Herriarentzat eta baita Eusko Ikaskuntzarentzat ere. “Gerra an-tzezlanean islatu beharra zegoen, besteak beste, erbesteratze ikaragarriak izan zirelako. Inteligentziak Euskal Herritik atera behar izan zuen, jazarria izan zelako; batzuek Europara eta beste batzuekAmeriketara alde egin behar izan zuten. Horrek guztiak eragin negatiboa izan zuen euskal gizartearen normalkuntza prozesuan eta hori ere obran ageri da”, eman du jakitera idazleak.

Francoren heriotzarekin, berriz, erbesteratuak itzultzen hasi ziren eta horrek ere an-tzezlanari beste indar bat ematen diola azpimarratu du Velez de Mendizabalek. “1975. urtean Euskal Herria berriz ere esperantzara ireki zen. Gero, baina, 40 urteko hondoratze geldo moduko bat izan zen, Franco hil eta gaur egunera arte; esango nuke aurrera egin dugula, edo ez dakit... Jende askok genuen ilusioa eta ametsak bidean zapuztu egin dira, ez gara heldu nahi genuen tokira, ez dugu independen-tziarik lortu”. Horregatik, agian, etsipena ere islatzen da ikuskizunean. Bukaeran, berriz, itxaropenari egiten zaion kantu bat ageri da. “Nik beti esaten dut egunero jaikitzen garela ohetik esperantzarekin”, gehitu du obraren egileak.

HIRU PERTSONAIA Hiru pertsonaia nagusi ageri dira obran. Horiek Eusko Ikaskuntza irudikatzen dutela azaldu du Velez de Mendizabalek. “Erakundea jende askoz osatuta dago eta denok ez dugu berdin pentsatzen. Euskal Herriko historian ere gauza bera gertatzen da; zorionez,pentsaera desberdinak daude, eta arazo baten aurrean erantzunak ere diferenteak izaten dira”. Horregatik, istorioan aurrera egin ahal izateko, hiru pertsonaia horiek ikuspuntu desberdinak ematen dituzte.

SINBOLISMOZ JOSIA Vene Herrero antzerkigile arrasatearrak zuzendu du obra. Bere esanetan, Hamaika amaren seme (alaba) oso obra sinbolikoa da, eta pertsonaiak ere bai. “Berez bi emakume akore eta gizonezko bat ageri dira taula gainean. Hauek estanpa desberdinen bidez aurkeztu ditugu eta, historia kontatzeaz gain, Eusko Ikaskuntza bera ere irudikatzen dute”, azaldu du. Zuzendariaren ustez, obra oso bisuala da eta “zuzenean joko den musika ere oso interesgarria da.

Musikak, izan ere, presentzia handia du an-tzezlanean. Sabin Salaberri musikariari eskatu diote pieza batzuk egiteko eta une jakin ba-tzuei lotutako melodia adierazgarriak ere berreskuratu dituzte. Zuzeneko musika izango du ikuskizunak; hain zuzen, pianista bat egongo da, eta txalaparta doinuak ere entzungo dira. “Obra musikatua da, baina ez da musikal bat”, azpimarratu nahi izan du Herrerok.

Doke antzerki konpainiak jakitera eman duenez, antzezlanaren prestaketa ez da batere erreza izan, batik bat arlo teknikoari dagokionez. Eszenografia sortzea izan da eginkizunik konplikatuenetako bat. Taldeak Gregorio Gallego ingeniariarengana jo zuen eta berak aurreneko zirriborroak egin zituen. Ondoren, Iñigo Arregi eskultorearengana jo zuten, egitura hura nola jantzi zezaketen galdezka. Arregi bete-betean sartu zen Dokeren ideiarekin eta sortze-prozesuari ekin zion. Handik gutxira, sortzaileak aurreneko maketa aurkeztu zien. “Ideia asko gustatu zitzaigun”, kontatu du Herrerok.

Eszenografia “ikaragarri polita dela nabarmendu du Velez de Mendizabalek. Iñigo Arregiren lanaren emaitza “oso aktuala” deritzo testuaren egileak, “oso modernista da, guzti horrek indarra ematen dio bisualizazio horri. Plastikaren aldetik oso ondo lortuta dago”. Hainbat moduluz osatutako eszenografia sortu du Arregik. “Modulu horietan hiru kolore baino ez ditu erabili: zuria, beltza eta krema, iragana, oraina eta etorkizuna islatzeko, azken hau beti itxaropenarekin lotuta”, azaldu du Herrerok. “Ez du berderik edo gorririk sartu. Herri honetan tragediak bizi izan ditugulako ehun urte hauetan”, gehitu du bere aldetik Velez de Mendizabalek.

BENETAKO AZTERKETA Guztira hamabi kidek osatzen dute Doke taldea eta antzerkia ez da inoren ogibidea. “Zentzu horretan, ez da erreza denon ordutegiek bat egitea”, eman du jakitera obraren zuzendariak. Hala, ohiko antzezleez gain, beste kide batzuen laguntza ezinbestekoa izan dela kontatu du. Ikuskizuna dagoeneko Oñatin, Arrasaten eta Aramaion taularatu dute eta harrera ezin hobea izan dutela kontatu du Herrerok. “Ilusionatuta irten gara emanaldietatik. Jakin badakigu orain arte eskainitako emankizunak errazenak izan direla, etxean eskaini ditugulako, publiko konkretu baten aurrean. Oraintxe dator benetako azterketa, Iruñea, Donostia, Gasteiz eta Bilbora goazenean. Bilbon, adibidez, sekula ez gara egon”. Hain zuzen, Bilboko Arriaga antzokian izango da taldea (urtarrilaren 26an), Donostian (otsailaren 2an) eta Gasteizen (otsailaren 16an).