Arreta dei dezake Xilema izenburuak, baina badu bere erantzuna Huntza taldearen azken diskoaren izenburuak. Musikariak ez ezik, biologian graduatuak dira Josune Arakistain eta Uxue Amonarriz taldekideak. “Biologiako kontzeptu bat da”, azaldu du Amonarrizek. Hasiera batean fonetikoki gustatu zitzaien terminoa, baina metafora moduan ere erabili dute. “Landareen garraio sistemaren parte da xilema. Gizakiok arteriak eta zainak dauzkagun moduan, landareek xilemak eta floemak dauzkate. Egin nahi izan diogu erreferentzia gure ibilbide guzti horri. Zenbat jendek, zenbat lekuk betetzen duten Huntzaren xilema. Gure xilema bisitatu ditugun herriak dira, ondoan izan ditugun pertsonak... Eta omenaldi txiki bat egin nahi izan diogu bide horri guztiari”.
Josune Arakistain (ahotsa eta trikitia), Uxue Amonarriz (ahotsa eta panderoa), Aitor Huizi (biolina), Ai-tzol Eskisabel (gitarra), Inhar Eskisabel (baxua) eta Peru Altube (bateria) dira Huntza. Espero gabeko oihartzuna lortu zuen taldeak Er-tzetatik (Mauka, 2016) euren lehen lan luzearekin, eta batez ere Aldapan Gora abestiarekin.
“Lehenengo lan horrekin ez genuen inondik inora espero hainbeste jenderengana iritsikoginenik”, kontatu du Amonarrizek. “Oraingoan desberdina izan da. Kontzienteki nahi izan diogu jendeari benetan lan on bat eskaini eta horretan denbora asko eman dugu, doinuak, melodiak eta letrak lantzen”, aipatu du taldeko abeslariak.
Erromeria formatuko kontzertuak ematen hasi zen taldea, batik bat Euskal Herrian, baina baita gure mugetatik kanpo ere, Estatu espainiarrean zein frantziarrean izan dira, baita Japonian, Uruguain eta Argentinan ere, azken aldian. Gainera, Youtuben entzunaldi gehien dituen euskarazko abestia eurena da (Aldapan gora), 8 milioi ikustaldirekin. “Oso zorioneko sentitzen gara -dio Amonarrizek- hainbeste jendek jarraitzea sekulakoa da. Harritzen gaituen gauza bat da, urteak pasa behar izango dira dena ondo asimilatzeko”, onartu du.
ESPERIMENTUA Bederatzi kantu berri jaso dituzte Xilema diskoan, “nahiko ezberdinak” direnak, Amonarrizen ustez. “Badaude erritmo berriak eta ahotsekin joko ezberdinak, baina betiere gure esentzia ondo markatuz”. Hala, badira kantu alaiak, lasaiagoak, akustiko bat... Eta baita arin-arin tradizional bat ere, Tremenda Jauria taldeak eginiko oinarri bat daramana, cumbia ukitukoa. “Esperimentu bat” dela adierazi dute taldekideek. “Gure esentzia galdu gabe, disko honetan trikitiaren presentzia pixka bat murrizten da, nahiz eta oso presente egon”.
Lumak diskoko bi kantuak ere gehitu dituzte amaieran. 2017an kaleratu zuten disko laburra da Lumak. Gipuzkoako haur minbizidunen gurasoen elkartearekin elkarlanean sortu zituzten bi abesti jasotzen zituen diskoak: Elurretan eta Zer izan.
Tremenda Jauria eta Mafalda taldeekin kolaboratu zuten Zer izan kantan. “Azken diskoan Tremenda Jauriako lagunekin sortu dugu arin-arin bat”, kontatu du Amonizarrek. Abestiaren melodia arin-arin tradizional batena da, non Tremenda Jauriakoek oinarria jarri dioten. “Gogoa geneukan zerbait ezberdina egiteko eta haiei esan genien momentutik prest agertu ziren, eta egia esan, oso gustura”.
MEZU IREKIAK Kanta bakoitza konposatzeko prozesua ezberdina izaten da Huntza taldean. “Normalean Josunek sortzen du oinarrizko melodia eta landu duenaren arabera proposatzen du gai bat soinu horrentzako”, kontatu du Amonarrizek. Hala eta guztiz ere, talde guztietan bezala, Huntzako gazteek elkarrizketa luzeak izaten dituzte gaiak aukeratzeko unean, izan ere, Amonarrizen esanetan, “askotan, letra idazterakoan, ez doa bat melodiarekin, eta hasieratik hasi behar izaten dira. Hitzei dagokienean, denetik dagoela dio Amonarrizek, baina ez dituztela gaiak itxita eman nahi izaten zehaztu du: “Nahiago dugu hori entzuleen esku uztea”.
Lehen diskoak izandako oihartzunaren presioa alde batera utzi nahian, momentuan momentukoa bizi nahi du orain taldeak, horixe baita Huntzaren filosofia: “momentu honetan disko berri bat atera dugu baina ez dugu helburu konkreturik jarri nahi. Orain, jendearen txaloak, txistuak eta abesti berrien letrak kontzertuetan koroan kantatzen gozatzeko momentua da”, dio Amonarrizek.
Harrera ikaragarri ona izan dute orain arte eta, Amonarrizek azaldu duenez, zuzenekoetan abesti berriak defendatzen hasteko irrikaz daude. “Otsailetik aurrera izango ditugu kontzertuak Euskal Herrian eta publikoak izango duen erantzuna nolakoa izango den ikusteko gogotsu gaude”.