Mari Puri Herreroren Jangela koadroa abiapuntu hartuta ondutako testuak ematen dio hasiera 100 artikuluz osaturiko antologiari. Arte kritika eta flamingoak du izenburua Mikel Onandiak 2014ko otsailean Berria egunkarian idatzitako artikuluak, eta baita orain esku artean dugun bilduma honek ere. “Kritika ortodoxoa baino, testu ireki eta jostalariagoa da hau, ordea”, argitu du egileak. Izan ere, genero honetako testuen eta arte kritikoaren irudia “ironikoa eta trufatikoa” dela gaineratu du, eta, kasu honetan, “kritikaren izaera serioa bigundu” nahi izan omen du. Liburuaren izenburuari erreparatuz, arte kritika terminoak “artea bezalako fenomeno bat arrazionalki epaitzeko ariketari erreferentzia” egiten diola adierazi du; flamingoak zeru berdean terminoa, ostera, artearen poetika eta arrazionalki ezin itzuli eta azaldu daitekeen esperientziaren adierazpidea litzateke”, azaldu du.
2009 eta 2015 urteen artean Berria egunkarian eta Ortzadar gehigarrian argitaratutako testuetako ba-tzuk dira lan honek jasotzen dituenak. “Den-denak kritikak kontsideratu ezin badaitezke ere, guztira artea hizpide duten 150 testutik gora idatzi ditut prentsan, eta horietatik 100 aukeratu”. Onandiaren aburuz, hautaketak sekula ez dira errazak izaten eta, ezinbestean, “desorekatua eta arbitrarioa” den arren, “azken urteotako euskal giro artistikoan izandako erakusketa nagusienen ikuspegi zabal eta fidelena” bermatu nahi izan du. Halere, idatzien hautaketak ez diola denbora handirik kendu aitortu du Onandiak. Iraitz Urkulo editorearen eta bien arteko lana izan omen da. “Eztabaida probetxugarrien ondoren, uste dut emaitza oso polita geratu dela”, agertu du.
“Kritiken balioaz gain, artearen egoera anitza islatu asmoz, liburuan ahalik eta museo, areto, diziplina eta arte korronte desberdin gehien iruzkindu dira”, jakinarazi du Onandiak. Hala, Bilboko Arte Ederren Museoa, Artium, Guggenheim Bilbao edo Oteizarena dira Euskal Herri mailan kontutan hartutakoa museoak. Bilboko Rekalde Aretoa, Basauriko Ariz Dorrea eta beste hainbat galeria pribatu ere izan dira, besteak beste, kritika guzti hauetarako erakusleiho.
Prentsarako testuak izaki, 100 kritika hauek “dibulgazioa dute helburu”, adierazi du egileak, baina zorroztasuna eta artearen gaineko mintzaira propioa galdu gabe. “Erreportaje informatibo hutsetik eta lengoaia auto-erreferentzial eta kriptikoetatik ihes egin nahian, irakurleari baliagarria zaion informazioa, obraren analisia eta judizio kritikoa uztartzen saiatzen diren lanak dira, baina, metodologia zehatz bat aplikatu beharrean, erakusketaren arabera aipatu ezaugarri batean edo bestean sakondu dut”, azaldu du. Hala ere, kritikara baino gehiago kronikara hurbiltzen diren testuak ere badirela aitortu du egileak; beste batzuk, ordea, “askoz kontzeptualagoak” direla jakinarazi du. “Finean, artearen pluralitatea isla-tzen duten testu anitzak direla esango nuke”, gehitu du.
Kontsultarako lana
Obra hau argitaratzearen ideia duela urtebete inguru otu zitzaion Onandiari. Batetik, arte-kritikek, kasu askotan, “erreferentzia dokumental bakarra” eskaintzen dutelako; eta, bestetik, bere idatziak “erdi ahaztuta” geratuko zirela uste zuelako. Hala, “guztiak modu koherentean bateratzeko aukera ona” zela ikusi zuen. Era berean, uste du “kritika unean-unekoa” dela, momentuan duela balioa. Hala ere, “artea erakusteko modua aintzat hartzen hasi da Artearen Historia”, eta, erakusketen historia egitean ere, kritiken balioa kontutan hartzen hasi dela uste du. Gainera, zenbait erakusketen kasuan, instituzioek sortutakoarengandik ikuspegi ezberdina” ematen dela azaldu du Onandiak. Dibulgazio helburu bat izan arren, egileak ez du uste berea artearekin lehen kontaktu bat izateko liburua denik. “Badira Artearen Historiara eta Arte Garaikidera bestelako hurbilketa oso onak eta ederrak; kasu honetan, artista eta mostra konkretuei egiten zaie erreferentzia, eta, hortaz, gehiago da kontsultarako edo mugimendu batzuetan sakon-tzeko lana, lehen esperientzia baterako liburua baino”.
Haizea Barcenillak libururako ida-tzitako sarrera ere aipatu nahi izan du durangarrak. “Testu mamitsua” dela azpimarratu du, “kritikaren eta euskal arte sistemaren diagnostiko garaikide eta pertinentea egiten duena”, gehitu du. Hain justu, Onandiak Barcenilla izan zuen irakasle unibertsitatean, eta honek erakusketen inguruan kritikak idazteko agintzen zion garai hartan. Horrela hasiko zen geroago Onandia genero honetako testuak lantzen prentsa idatzian.
Egindako lanak arteari buruz asko ikasteko balio izan dio Onandiari. “Kritikak egin beharrak erakusketa asko ikustera behartzen zaitu; artera hurbildu beharra dago, zuzeneko kontaktuan egon”. Bestetik, hari buruz idatzi beharrak erakusketa bat ikusteaz harago sakon-tzea eta asko irakurtzea ere eska-tzen du, eta gogoeta hitzetan adierazi beharra ariketa neketsu bezain polita da”, iritzi dio. “Zorionez, bidean artista berri eta interesgarri asko ere ezagutu ditut”.