Jaiotzez donostiarra den arren, egun naturaren erdian bizi da Juan Luis Goenaga pintorea (Donostia, 1950), Alkizan duen baserrian. Goizak tailerrean pasatzen ditu, margotzen. Izan ere, horrela inspiratzen da Goenaga, pintzelkada bakoitza ematen duen bitartean. “Natura dut inguruan, bai, baina berez margoak margoetatik datoz”. Paisaia du oinarri Donostiako Kur galeriako erakusketak. Formatu handiko olioak dira guztiak eta natura dute gai nagusia: kobazuloak, portuak, mendiak, basoak, hondartzak... Piezak leku errealetan inspiratuta egon arren, “aitzakia” bat dela azaldu du pintoreak, prozesuaren amaieran oinarrizko leku hori urrun geratzen baita.

Margotzeko prozesuari dagokionez, Goenagak dio ez daudela bi prozesu berdin. Lan gehienak horizontalean hasten ditu, lurrean, materiala asko zanpatzen baitu. Normalean ez ditu koadroak banaka egiten, taldeka baizik, lau edo bost batera. Olioak direnez, lehortzea kostatzen zaie eta horrekin joka-tzen du. Gutxitan geratzen da konforme, eta ez du erraz jakiten margotzen ari den koadroa noiz amaitu. Hori nabari da bere lanean; izan ere, geruzaz beteriko piezak dira Goenagarenak. Esaterako, leizezuloetako pintura ageri den koadro batean, zaldi burua margotu zuen azken geruzan, bere lana biribilduz. “Azkenengo prozesuan atera daiteke Donostiako badia, kai bat...”, azaldu du erakusketako pieza batzuei erreferentzia eginez.

Pintura aldarrikatuz Aspaldi ezagu-tzen zuten elkar Juanma Arriaga arte galeriako zuzendariak eta Goenagak, eta artean bazuten erakusketa bat antolatzeko gogoa. Tailerrera joan eta paisaiei buruzko erakusketa prestatzea erabaki zuten. Biak ala biak “pinturan sinesten duten pertsonak” direla aipatu du Arriagak. “Gaur egun beste teknika batzuez baino ez da hitz egiten eta esango nuke arte galerietan pintura ez dagoela batere modan”. Goenaga ere bat dator, berak dioenez, belaunaldi berriek “beste norabide bat” hartu dute: instalazioak, bideoak, arte kontzeptuala, argazkiak... Egun margotzea “ekintza ia transgresorea” omen da. Erakusketa honen bitartez, nolabait, “pintura berreskuratu eta aldarrikatu” nahi dute.

Orain arte erakusketak oso harrera ona izan duela kontatu du Arriagak, eta batez ere publiko frantziarra pasatu omen da bertatik. “Asteburuko turismo asko dago Donostian, eta badago jendea pintxoen ibilbideaz gain, ibilbide kulturala ere egitea gustatzen zaiona: galeriak, artea...”. Frantzian museo eta erakusketetara joateko ohitura handia dagoela azaldu du Goenagak, “artearekiko errespetua”, gehitu du.

Urrian ikusgai jarri zirenetik, datorren urteko urtarrilaren 10erarte egongo dira ikusgai Goenagaren koadroak. Hiru hilabete inguruko erakusketak antolatzen dituzte Kur galerian, ohikoak baino luzeagoak. Izan ere, krisiak eragina izan du arte galerien funtzionamenduan, baina beste faktore batzuk ere kontuan izan dituzte. Erakusketak antolatzea “lan handia” dela azaldu du, adibidez, Arriagak. Askotan, hain izaten dira laburrak, jendeak ez duela begiratua ematen pasatzeko astirik ere izaten adierazi du. Horrez gain, pintorearen lana “baloratuagoa” izan dadin ere erabaki dute artelanak luzaroago ikusgai uztea.

Koadroen sailkatze eta antolatze prozesua galeriako espazioen arabera egin dute. Gehien gustatzen zitzaizkien piezak aukeratu eta gero formatuaren arabera kokatu dituzte galerian. Espazioa kargatuta ez egotearen garrantzia nabarmendu du Arriagak, izan ere, “indar handia” duten obrak dira Goenagarenak eta gauza gutxi jarri behar dira. “Artean koadroak antolatzeko orduan, gutxiago gehiago dela esan ohi da. Zenbat eta gutxiago jarri, orduan eta garrantzia handiagoa ematen ari zara pieza bakoitzari”, agertu du.

“Ahal duen heinean”, egunero margotzen saiatzen dela dio Goenagak. Goizean Alkizan duen tailerrean aritzen da lanean, eta arratsaldean Donostiara gerturatzen da, galeriara. Bertatik pasatzen diren pertsonekin hartu-emana izatea gustuko du pintoreak: “Ondo dago jakitea jendeari ze paisaia mota interesatzen zaion. Onartzen dut askotan gauza ilunak margotzen ditudala; argi dago, ordea, etxean edukitzeko atseginagoa izan daitekeela argiagoa den zeozer”, aitortu du. Azken finean, artelanekin bizi egin behar zarela nabarmendu du Arriagak, bere aburuz, horiez “gozatzeko” erosten baitira, ez gordeta edukitzeko. Kur galeriak museo itxura hartu duela deritzo Goenagak, baina koadroak salgai daudela ere gogorarazi du. “Askok galdetzen dute ea sartzeko ordaindu behar den. Baina galeria pribatua da eta salgai daude hemen ikusten dituzun koadro guztiak, noski”, azaldu du pintoreak.

Ibilbide luzeko pintorea Zortzi urterekin margotu zuen koadroa erakutsi du pintoreak: baserri baten olioa. Txikitan hasi zen margo-tzen Goenaga eta gazterik Euskal Pintura saria irabazi zuen. Ordutik, bere koadroak munduko hainbat galeria zein museotako erakusketetan egon dira. Paris beti izan du erreferentetzat; bertan margotu eta bizi izan da. “Autodidakta” izan dela dio, bere kabuz ikasi duela, baina atzerrian ibili da eta “museo eta pintura asko” ikusi duela dio. Ez da etiketa zalea, ordea, eta Goenaga ez da inolako korronte artistikorekin identifikatzen. Artista edo sortzailetzat ere ez du bere burua. Bera “margolaria” dela dio, besterik gabe.

“Amondarainek esaten zuen Juan Luis euskal artearen munduko mitikoa dela. Ez zen Gaur taldean egon, geroago etorri zelako, beste belaunaldi batean: Zuriarrainekin, Ameztoirekin... Bera baino beranduago etorri diren pintore askorentzat erreferente bat izan da Goenaga, Lazkanorentzat, esaterako”, hausnartu du, bere aldetik, Arriagak. Goenagaren estiloari buruz galdetzean, Arriagak pintura figuratiboa aipatu du. Inpresionista frantziarren kutsua du Goenagaren pinturak, bere iri-tziz -Monet aipatu du, adibidez-. “Kasu askotan, figurazio abstraktua da, edo abstrakzio figuratiboa”, gehitu du. Galeriako koadro ba-tzuk figuratiboagoak dira, beste batzuk abstrakziorako joera handiagoa dute, baina denek dute oinarrian paisaia bat. “Lanaren abiapuntuan datu asko” izaten dituela-eta, bere pintura ez du inoiz ere guztiz abstraktutzat jotzen margolariak.

Egun gauza “oso materikoekin” dabilela kontatu du Goenagak; dena den, ez luke esango estiloa aldatu duenik. Aldaketa baino “eboluzioa” izan duela uste du Arriagak, baina estilo bera mantendu duela. “Serieak aldatu di-tzake, ezberdinagoak egin. Garai batzutan bere koadroek argi gehiago zuten, adibidez. Baina ez nuke esango aldaketa handia egon denik. Bera eboluzionatzen joan da, jakina. Azken finean, margotzen ikasi egiten duzu; baina, nire ustez, ez duzu inoiz ere margo-tzen ikasten amaitzen. Pintzelkada bat leku zehatz batean ematea urteetako ikaskuntza da”, azaldu du galeriako zuzendariak.

Goenaga bat dator margotzea “etengabeko ikaskuntza prozesua” dela adieraztean. “Batez ere, momentu bakoitzean behar duzun teknika erabiltzen ikastea oso prozesu luzea da. Barcelok zioen moduan, pintura dinosauroen lanbidea da”. Urteek aurrera egin ahala, “azkarrago” margotzen dela kontatu du, “askatasun handiagoarekin”, eta dena izaten dela “askoz ere argiago”. “Margolari onenen pieza onenak euren ibilbideko azken hamar urteetakoak dira: Goya, Picasso, Tiziano...”.