iruñea - Kreditu bat eskatzera joan eta bankariaren ezezkoarekin topa-tzea, tamalez, gaur egun maiz errepikatzen den egoera bat da. Ezezko horren aurrean bankaria mehatxatu, hari aurre egin eta bere mundua hankaz gora jartzea, alta, ez da ohikoa, seguruenik askori bururatu izanen zaion arren. Aitziber Garmendiaren itzulpenarekin eta Fernando Bernuesen zuzendaritzapean, gaur Gayarre Antzokian eskainiko den Jordi Galceran antzerkigile katalanaren Kreditua lana egoera horretatik abiatzen da. Joseba Apaolaza (Urretxu, Gipuzkoa, 1960) aktorea izanen da borrero izatetik biktima izatera igaroko den bankariaren azalean jarriko dena, Zuhaitz Gurrutxagak bezeroaren papera egingo duen bitartean.
Ez da lehenengo aldia Galceranen antzezlan hau eszenaratzen dela, aurretik katalanez eta gazteleraz ere atera izan da... Ibilbide luzea dauka obrak, ezta?
-Bai, galegoz ere egin izan da eta hemendik kanpo munduko hainbat tokitan egiten ari den obra bat da. Bere kalitatea da duen berme nagusietako bat.
Abiapuntua ez da edonolakoa... Gizon bat diru premiaz doa bankura eta bertako zuzendariaren ezezkoarekin topatzen da. Nola garatzen da istorioa une horretatik aurrera?
-Gaurkotasun handiko testuinguruan garatzen da antzezlana. Abiapuntuari dagokionez, nire ezezkoaren aurrean, bezeroak, Zuhaitz Gurrutxagak egiten duen pertsonaiak, mehatxatu egiten nau. Eta horrek hankaz gora jartzen du nik hain segurua zela uste nuen bizimodua.
Zure papera, bankariarena, gaiztoarena izaten hasten da. Biktima izaten bukatuko du?
-Nolabait biktima ere bilakatzen da bai, garapen erabat patetikoa. Pertsonaiak daukan gauzarik inportanteenetakoa, Galceranen pertsonaietan maiz agertzen den ezaugarria, bere estatusaren galera da. Hirugarren aldia da Galceranen obra bat egiten dudala. Pertsonaiaren estatusarekin jokatzen du, nolabait. Abiapuntu gisa, nire pertsonaia jauntxo moduko bat bezala aurkezten da, ofizina bateko nagusia da eta berak erabakitzen du zeini ematen zaion dirua eta zeini ez. Gero, horrek duen bilakaera, estatus aldaketa hori, oso erakargarria da, oso jostailu polita niretzat.
Umore beltzetik baduela ere erraten da...
-Ez nuke umore beltza esango, ezta komedia zuria ere. Beste estilo batean nahiko dramatikoa litzatekeen istorioa, azken finean gaur bizi dugun egoerari erreparatzen baitio, beste modu batean tratatzen du. Nahiz eta testuinguru horretan kokatu, nahiz eta bezeroaren ahotan dauden hitzak kritika latzak izan, obraren ardatza ez da iluna. Pertsonaiak muturreraino eraman eta horren erradiografia bat egiten du, gizakiok zein hauskorrak izan gaitezkeen erakusten du.
Muturrera eramate horretan kokatzen da, beraz, umorea.
-Abiapuntua bera, mehatxua, xelebrea da. Hortik aurrerako bilakaera nahiko naturala da, nire pertsonaiaren bizitza hankaz gora jartzen da baina beti umoretik abiatuz. Galceranek oso ongi egiten du hori. Pertsonaiaren sufrimendua ikusten duzu baina segituan dator umorea, txistea, ez dizu denbora sobera uzten sufrimendu horretan. Dibertsio aberatsa eskaintzen du antzezlanak.
Zuhaitz Gurrutxagaren pertsonaia ez da edonolakoa, ezta? Badu berezitasun puntu bat...
-Bai, oso. Diru premian datorren gizon bat da. Pertsonaiaren profila ezkutukoa da nolabait, nirea agerikoa den bitartean. Bere asmo ezkutuak halakoxeak dira: ezkutuak. Hasieratik bukaerara, ez dakizu benetan ari den, zenbateraino halakoa den edo ez den. Horrekin jokatzen du. Misterioa, birak eta ezustekoak Galceranen lanen ezaugarriak dira eta dialogista aparta da, aldi berean.
Elkarrizketa apartak bai, baina bakarrizketarako tartea ere eskaintzen dizu antzezlan honek.
-Bai, ikaragarria. Bakarrizketak baino, telefono bidezko solasaldiak dira, nolabait esateko telefonoan beste aldeko horiek ere pertsonaietan bilakatzen dira, aditzen eta ikusten ez diren arren. Erronka polita izan da niretzat, azken finean telefonoaren beste aldean dagoen hori irudikatzera behartzen didalako.
Antzezlana, orokorrean, erronka bat izan da zuretzat?
-Bai, dudarik gabe. Niretzat, esango nuke, oso obra zorrotza izan da, denetan zorrotzena agian. Ez dut esango obra zaila denik, komedia bat da eta ez duzu zure barrenean bilatu beharrik ez zure barneko sentimenduekin jokatu beharrik. Alde horretik ez da konplikatua, baina bada erabat zorrotza. Zergatik? Ba, ordu eta erdi gaudelako jo eta ke biak hizketan, hasieratik bukaera arte eszenatokitik ia apartatu gabe.
Bi pertsonaien arteko dialogoak pisu handia dauka?
-Bai, bata bestearen eskuetan gaude. Ez dago inprobisaziorako inolako tarterik, hitzekin erabat kateaturik gaude. Futbol partida baten tamainakoa da, baina atsedenik gabe. Arro nago, aldi bereak, horrelako lan bat defenditzeko aukera izateagatik. Aitziber Garmendiak itzulpen lan handia egin du, ezin hobeto heltzen dio jatorrizkoari, umorea eta erritmoa galdu gabe. Fernando Bernuesek egindako zuzendaritza lana ere handia izan da.
Dialogoak pertsonaien gain uzten du antzezlanaren ardura nagusia. Zer moduzkoa izan da pertsonaia horien prestaketa lana?
-Gauza bat aitortuko dizut, entseguekin hasi aurretik etxekolanak txintxo-txintxo egin genituen, testua ikasia eraman genuen biok. Entseguekin hasi ginenean, testua bagenekien eta horrek gauzak erraztu zituen. Egia da Zuhaitzen kasuan pertsonaiaren motorea zailagoa dela asmatzeko, baina eszenaratzeak ez dauka konplikazio berezirik, Fernandok oso argi zeukan hasieratik zer nahi zuen. Arindu nahian, berrikun-tza batzuk ere sartu ditu, joku batzuk, nire ustez funtzioaren mesederako direnak.
Zuhaitz Gurrutxaga eta zu buruz-buru aurkitzen zarete eszenatoki gainean. Lehenengo aldia da elkarrekin lan egiten duzuela?
-Bai, lehenengoa, eta bera ere hasi berria da antzerkigintzan. Aukera izan dugu elkar ezagutzeko eta oso bitxia suertatzen zait, bera futbolaren mundutik datorrelako. Bere buruaz oso seguru ateratzen da eszenatokira, ez du ematen hasi berria denik. Funtzioa oso zorrotza da eta, egia esan, ezin hobe defenditzen du.
Azken aldian emanaldi ugari eskaintzen ari zarete, ia astero. Erritmoa hartu diozue dagoeneko?
-Bai, estreno batetik funtzio batek hazteko aukera izaten du eta nire uste apalean antzezlan honekin horixe gertatu da. Momentu oso onean iristen gara Iruñera.
Zer daukate Galceranen lanek hain arrakastatsuak suertatzeko?
-Osagaiak hortxe daude. Pertsonaiek pisu handia daukate, oso ongi koka-tzen ditu gaur egungo gizartean eta antzerki garaikidea da. Aldi berean, dialogo bikainak egiten ditu, intriga ere hor dago, ezustekoak, estatus aldaketak... Eta umorea, batez ere. Ezin hobeto erabiltzen du baliabide hori.
Zer nolako aldartearekin zatozte Iruñera?
-Ilusio handiz noa Gayarrera. Azken aldian gutxitan tokatu zait antzoki honetan egotea eta plazer handi bat da, garai berri hauetan ere ilusio berezia egiten dit bertan antzezteak.