Azken gezia jaurti du EH Sukarrak, taldearen mende laurdeneko ibilbide oparoan hamargarrena. Beste behin, jomugan jarri dituzte beraien atzoko eta gaurko zaleak, nahiz eta horietako batek baino gehiagok, akaso, harriduraz hartuko duen eibartarren azken uztak dakartzan aire berriak. Izan ere, eta taldearen betiko nortasunari muzin egin barik, gaurko doinu eta moduak azaleratzen ditu taldearen azken uztak. Hala, EH Sukarrak berezkoa duen rock biziari lagunduz, zenbait kantutan ez dira falta pop doinuak edo erritmo elektroniko dantzagarriak, besteak beste.
Hasierako garaietako energia galdu gabe, “EH Sukarraren estiloa gara-tzen” joan dela dio Mikel Gorosabel Norton taldeko abeslari eta gitarra-jotzaileak (Eibar, 1967). “Beti saiatu gara gure esentzia mantentzen, baina ez diogu inoiz ezeri aterik itxi”, dio musikariak. Hala, beren ibilbideko disko bakoitzak “bere ukitutxoak” izan dituela dio. “Rock talde bat gara, baina diskoz-disko izan ditugu punk, heavy edo pop zertzeladak, eta gaur egun ere bestelako melodiei irekita gaude erabat”, gehitu du. Entzule askok “betiko EH Sukarra” nahiago izatea posible ikusten du; hala ere, Azken gezia “zaleen gustukoa” izango delakoan dago, “taldearen sustraiak mantentzen dituelako”, bere iritziz. Gainera, lan bakoitzean “pintzelkada berriak eranstea” positibotzat jotzen du Nortonek, “ez jende gehiagorengana heltzeko, entzuleari belarriak zabaldu eta, modu batean, musikalki berau hezteko baizik”.
KONPLEXURIK GABE
Intensitate eta luzera dexenteko kantuak dira Azken gezia lana osatzen duten bederatzi piezak. Rock doinuekin abiatzen da diskoa bere lehen kantuetan: Aspaldiko loreak, Atsedenleku perfektuenak eta Bizitzaren filmotekak ditugu horren adibide. “Aspaldiko loreak lehen kantua da EH Sukarraren esentzia argien isla-tzen duena -dio Nortonek-, betiko gure kantu askoren estiloan dator: Argi Ibili, EH Sukarra, Nerbixuak...” Aurrera egin ahala, ordea, norabidea aldatzen du diskoak, eta hondarreko bi abestiak doinu elektronikoz bustita datoz, teklatu, sintetizadore eta guzti. “Kutsu desberdineko kantuak dira diskoa ireki eta ixten dutenak, eta nahita daude ordena horretan jarrita”, jakinarazi du abeslariak. Guztien artean, San Juan suen bezperan azken pieza da kanturik desberdin eta ausartena, eta baita dan-tzagarriena ere. “Horrela egitea eskatu digu barrenak. Izan ere, disko honetan erabat libre eta konplexurik gabe aritu gara”.
2002 eta 2013 urte bitartean, sorkuntza aldetik etenaldi luzea izan zuen EH Sukarrak, eta hamaika urteren ondoren kaleratu zuten Uhinak (2013), beraien aurreko lana. Oraingoan, ordea, bi urte baino ez dituzte behar izan beraien hitz eta melodiak josi eta plazaratzeko. Zen-tzu horretan, aurrekoa baino “lan freskoagoa” da Azken gezia, abeslariaren esanetan.
Ohi dutenez, Norton bera arduratu da melodiak lantzeaz. Letrak, ordea, Asier Serranok idatzi ditu. Garaien Laberintoan diskorako (1994) hasi zen Serrano bere luma taldearen zerbitzura jartzen, eta, ordutik, “taldearen norabidea marraztu” du bere hitzekin, Nortonen esanetan. “Idazle eta poeta izateaz gain, musikaria ere bada, eta taldearen izpiritua barruan darama; konplizitate handia du-gu eta badakigu zer nahi duen batak besteaz”, agertu du taldeko liderrak, Serrano “anaia musikal” bat dela gainera-tzearekin batera. Nortonen hitzetan, “emozio handiko letrak” dira Serranorenak, “abestu ahala barrura sar-tzen direnak” eta, besteak beste, nostalgia, dekadentzia eta heriotza hizpide dutenak.
25 URTE, ETA AURRERA
Mikel Gorosabel Norton (ahotsa eta gitarra), Facundo Amador (bateria) eta Cesar Tejada (baxua) izan ziren EH Sukarraren lehen taldekideak, eta lehen kontzertua 1990eko uztailean eman zuten, Soraluzeko gaztetxean. “Lehen urteak frenetikoak izan ziren”, oroitu du abeslariak. Izan ere, sasoi hartan, kontzertuak eta estudioko lanak etengabe tartekatu zituzten eta taldearen sukarra laster zabaldu zen Euskal Herri osoan. 1991n argitaratu zuten lehen diskoa, taldearen izen berekoa, “sekulako eztanda” izan zena gaztetxo haien-tzat. Urteak, ordea, ez dira alferrik igaro, eta egun “oso bestelakoa” da egoera, taldekideek diotenez. “Gaur egun, norbaiten belarrietara iriste hutsa arrakasta bat da -onartzen du Nortonek-. Izan ere, orain ez dira diskoak entzuten (eta are gutxiago saltzen); zapping bat egiten da eta kantu solteak entzuten dira. Baina kantu bakar batek ezin du islatu disko bateko lana; disko hau bere osotasunean entzuteko da”, agertu du abeslariak.
Musikan toki bat egitea ez da inoiz erraza izan, baina are zailagoa da musikaren plazan irautea, eta EH Sukarrak hori lortu badu “zaleen fideltasunagatik” izan dela dio Nortonek. “EH Sukarrak mantentzen du oraindik nahiko publiko fidela. Guretzat gauza handia da, 25 urte eta gero, jendea gure kontzertuetara etortzea. Era berean, polita da belaunaldi desberdinetako jendea gure kontzertuetan nahasita ikustea”, gehitu du.
Azken urteotan aldaketak izan dira taldean -laukote izatetik hirukote izatera pasa zen EH Sukarra 2002an- eta egun irauten duen bakarra Norton da. Berarekin batera, Loiola Maderak (bateria) eta Axier Garaik (baxua) jardun dute disko berrian, eta zuzenekoetan ere horrela arituko dira, betiko kantuak doinu berriekin txandakatuz. Momentuz kontzerturik iragarri ez badute ere, ziur laster etorriko direla beterano gaztetu hauen agertoki-gosea asetzeko aukerak.