BILBO. Filmaren arduradunek jakinarazi dutenez, "Igelak" Pasaia eta Oiartzun udalerri gipuzkoarretan hasi da filmatzen eta filmaketa lanek zazpi asteko iraupena izango dute. Euskara hutsean filmatuko da eta, batez ere, Donostia eta inguruan grabatuko da.

Euskal musikari ospetsu askok parte hartuko dute, hala nola Ainhoa Artetak, Xabi Solanok (Esne Beltza), Gose taldeak, Francisek (Doctor Deseo), Natxo de Felipek, Oreka Tx txalapartari bikoteak eta Gatibu taldeak; hain zuzen, Gernikako taldeak filmarentzako abesti bat konposatuko du.

Gorka Otxoak ("Pagafantas", "Bypass", "Los miércoles no existen", "Velvet") banku sukurtsal bateko zuzendariaren rola beteko du. Aktoreen zerrenda, Otxoarekin batera, Miren Gaztañagak, Josean Bengoetxeak, Gurutze Beitiak eta Mikel Losadak osatuko dute, besteak beste.

Patxo Telleriak idatzi eta zuzenduko duen filma musika ukituak dituen euskal komedia izango da, eta Joxe Portela eta Alberto Gerrikabeitiak (Abra Prod.) ekoitziko dute, 2.000.000 euroko aurrekontuarekin.

Filmaren lantaldean, Juanma Pagazaurtundua produkzio zuzendaria ("La vida inesperada", "La Comunidad", "Martín (Hache)"), Aitor Mantxola argazki zuzendaria ("Velvet", "Bon Appétit"), Peio Villalba arte zuzendaria ("Lucia y el sexo", "La Comunidad"), Saioa Lara jantzi arduraduna ("Embarazados", "Loreak"), Iciar Arrieta eta Lola López ile apainketa eta makillaje arduradunak ("Lo imposible", "La Gran Familia Española", "Orfanato") eta Iñaki Salvador musikaria daude.

Sinopsiari dagokionez, Pello banku sukurtsal bateko zuzendaria da eta delitu ekonomikoengatik atxilotuko dute. Bere nagusiak ere inplikatuta daude eta bakarrik utzi dutela konturatzean kartzela ekiditeko ihes egiten du. Patuaren kapritxo bategatik etxe gabetuen elkarte batek okupaturiko etxe batean aurkituko du babesa, eta bere kide berrien konfiantza bereganatuko du, atzerrian bizitza berri bat hasteko behar duen dirua lapurtzeko asmoz.