Exorzismo bat. Halaxe definitzen du Txelu Angoitiak Noctis Labyrinthus. “Denok dugu alde ilun bat gure barnean; batzuk orri zurian islatzen dute, beste batzuk psikiatrarengana joaten dira, eta guk argazkien bidez azaleratzen dugu gure barneko iluntasuna”, dio argazkilariak. Gaua eta iluntasuna dira, hain justu, proiektu hau osa-tzen duten lanak elkarlotzen dituen hari nagusiak. “Gaua konstante bat da gure lanetan, eta gizakiaren alderik ilunenaren metafora lez darabilgu. Gauarekin batera, dekadentzia, beldurra, ezinegona eta eromena bezalakoak ageri dira argazkietan”, azaldu du Angoitiak.
Proiektu hau sortu baino lehen ere lagunak ziren Angoitia eta Arruabarrena argazkilari durangarrak, eta baita proiektu honen hirugarren hanka izan den Segun Lazkano ere, antolatu zuten lehen erakusketaren ondotik zendua. “Argazkilaritzarekiko pasioa partekatzeaz gain, aspalditik izan dugu ohitura bakoitzaren lanen inguruan hitz egiteko”, kontatu du Arruabarrenak. “Konturatu ginen antzeko gauzen inguruko interesa genuela, eta gure lanetan bazeudela elementu batzuk nahiko errekurrenteak zirenak: iluntasuna, gaua, heriotza, biolentzia, eromena? Bizitzaren alde ilunak, azken finean”. Horrela ba, 2012an, erakusketa amankomun baterako ideia otu zitzaien, “nahiz eta bakoitzak bere aldetik eta era librean egin dituen argazkiak”, gehitu du Arruabarrenak.
Argazki deserosoak Orain arte toki berezietan erakutsi dute Noctis Labyrinthus; 2013an, Elorrioko Casajara jauregi abandonatuan paratu zuten lehen erakusketa, eta urte berean, Durangoko Azokarekin batera, Durangoko tren geltoki zaharra atontu zuten lanak erakusteko. “Erakusketen asmoa argazkiak erakusteaz haratago doa. Argazkiek iradokitzen duten dekadentzia giro hori helarazi nahi dugu, eta horretarako aukera ematen duten lekuak baliatzen ditugu, gure ustez, lekuak eta bertan sortzen den atmosferak gure mezua indartzen laguntzen dutelako. Edozein kultur etxetako horma zurian ez dugu ikusten erakusketa hau, egia esan”, iritzi dio Arruabarrenak.
Angoitiak ere ildo beretik hitz egin du. “Argi dugu proiektu hau ez dela erakusteko erraza. Ez da ikustera ohituta gauden argazkilaritza mota bat: ez dira paisaia ederrak ageri, ezta argazki dokumental edo artistiko hutsak ere. Lan sailkaezina da, baina batez ere argazki deserosoak dira, eta hasieratik bagenekien horrek zaildu edo mugatuko zuela ondoren etor zitekeen ibilbidea”.
APARTEKO tokiAN Proiektu honek Markina-Xemeinen aurkitu du orain leku ezin aproposagoa: iraganean kartzela izandako eraikinean, hain zuzen. “Lekua ikusi eta berehala ohartu ginen erakusketarako primerakoa zela. Iraganean kartzela izanik, lekuak berak badauka berez misterio, iluntasun eta marginaltasun kutsu bat, gure lanekin primeran datorrena”, azaldu du Arruabarrenak.
Lekua “perfektua” da, Angoitiaren iritziz. “Kartzela batek berez trasmititzen duen misterioarekin jolastu dugu atmosfera berezi bat sor-tzeko, eta, batez ere, erakusketa bisitatzea, argazkiak ikustea baino gehiago, ikuslearentzat esperien-tzia oso bat izan dadin lortzeko”.
Noctis Labyrinthus proiektuan baturiko hiru bildumetan “senez eta barru-barrutik” eginiko lanak biltzen dira, Arruabarrenaren hitzetan. “Barruko bulkadei erantzuna ematen dioten lan pertsonalak dira”. Erakusketaren helburuez hitz egitean, hausnarketarako bidea ireki nahi izan du durangarrak. “Gaur egun argazkilaritza erabat endogamikoa bilakatu dela iruditzen zait. Argazkilaritza kontsumitzen dugun gehienak argazkilariak gara, baina guretzat garrantzitsua da gure lanak argazkilaritzarekin zerikusirik ez daukan jendearengana ere iristea”. Eta erakusketa honek horretarako gaitasuna duela nabarmendu du Arruabarrenak. “Irudi indartsuen bidez, ikuslearen barnean zirrara bat egiten duten klabe batzuk uki-tzen asmatu dugula uste dut. Argazki hauek hitzez azaltzeko zailak diren sentsazioetara daramate ikuslea. Uste dut erakusketak ez duela inor epel uzten”, erantsi du.
Argazki erakusketa ibiltari soil bat baino zerbait gehiago da Noctis Labyrinthus, izan ere, argazkilari-tza eta literatura uztartzen dituen egitasmoa ere bada, “proiektu honen sorreran literaturak pisu handia” izan baitu, egileen esanetan. “Lan honen sortze prozesuan konturatu ginen gure eragin artistikoak ez zetozela soilik argazkigintzatik, literaturatik ere eragin handia jaso dugula ikusi genuen, eta asko interesatzen zaigu bi diziplinen arteko harremana”, dio Angoitiak.
Hala, erakusketa inauguratzen duten aldiro, argazkiak bideo batean erakuskeaz gain, irakurketa literario bat egiten dute, beraiengan eragina eduki duten idazleen pasarte literarioak irakurriz: Sarrionandia, Pessoa, Auster, Houebelleqc, Sartre? Bi motatako testu literarioak irakur-tzen dituzte emanaldietan: zuzenean proiekturako inspirazio iturri izan direnak eta argazkigintzaz mintzo direnak. “Era honetan, bi diziplinak batzen ditugu, izan ere, argazkigin-tzak eta literaturak bikote emankorra eratzen dutela sinesten dugu”.