ane araluzea

gasteiz

momentuko errealitate sozio-politikoari estu lotutako izatea bizi izan dute euskal literatur aldizkariek. Lehenengoek Frankismo garaia izan zuten lekuko; orduantxe hasi baitzuten, herabeki, euren ekoizpen oparoa. Gerraostea, erbestea eta literatura modernoa gaitzat izanik, Gernika, Egan, Euzko-gogoa, Olerti eta Igela bezalako argitalpenetan parte hartu zuten idazleen zerrenda oso garrantzitsua izan zen: Orixe, Luis Villasante, Julene Azpeitia, Txillardegi, Jon Mirande, Joxe Miguel Barandiaran... Hala ere, literatur aldizkarien urrezko aroa 1975tik 2000ra bitartean jazo zen, 25 agerkari berriren sorrerarekin. Miguel Angel Elkoroberezibar filologo eta ikerlariak gertutik ezagutzen du euskal literatur aldizkarien errealitatea. Euretako batzuetan aktiboki parte hartu izanaz gain, tarte horretan eratu ziren argitalpenak aztertu ditu Susa argitaletxeak 2001ean abiarazitako Literatur Aldizkarien Gordailua osa-tzeko xedez.

Diktaduraren azken urteotan "sor-tzeko beharra zegoen, euskaltzaletasuna eta abertsaletasuna puri-purian zeuden", azaltzen du Elkoroberezibarrek. Kultura bera politika egiteko modu bat omen zen. Testuinguru horretan sortu zen Ustela, euskal literatura modernoko lehen aldizkaria. Bernardo Atxaga eta Koldo Izagirreren gidaritzapean eratutako "fanzine hark underground literaturaren hasiera suposatu zuen Euskal Herrian", kontatzen du Bergarako ikerlariak. Elkoroberezibarren esanetan, "ezarrita zeuden literatura sozial eta konprometituaren oinarriak betierekoak ez zirela agertu nahi zuten. Gizarte, politika eta erlijioarekiko dogma guztien aurka agertu ziren". Gerora, fanzinearen ereduarekin bat egin zuten Susa, Korrok, Txortan, Zantzoak eta Vladimir bezalako aldizkariek.

Ustela argitalpenak ez zuen larregi iraun; bere sortzaileek ikuspegi ezberdinak zituztenez, bakoitzak bere bideari ekin zion. Atxagak Pott banda eta aldizkaria sortu zuen 1978an; non Jon Juaristi, Ruper Ordorika eta Joseba Sarrionandia bezalako sortzaileekin "literatura heterodoxoaren eta abangoardien abiapuntua" ezartzeko bidea aurkitu zuen. Izagirrek, berriz, Ramon Saizarbitoriaren laguntzarekin, Oh! Euzkadi abiarazi zuen; "literatur kazetaritza" eta "estetika jakin bateko borroka ideologikoa" sustatuz. Gerora begira ere, oihartzuna izango zuten egiteko eredu ezberdinak aldarrikatzen zituzten aldizkari biek.

Edozelan ere, 80ko hamarkadak undergroundtasunaren bukaera ekartzeaz gain, idazle labealdi berri bat agertu zuen, "euskal literaturaren krisia oihukatzen zutenak isilaraziz", dio Elkoroberezibarrek. "1970etik 1979ra baino lau aldiz literatur aldizkari-ale gehiago argitaratu ziren 1980tik 1984ra bitartean: 80 bat inguru", gaineratzen du. Bere ustez, zilegi da esatea orduantxe jazo zela aldizkarien booma.

ezaugarri orotarikoak Orokorrean heterogeneotasuna nagusitu zen. Aldizkarietan era guztietako gaiak jorratzen zituzten, betiere "kideen zaletasun, esperientzia eta eraginen arabera". Bazeuden ale monografikoak ere, gustuko gaiak lantzearren edota aginduz gauzatutakoak. Analisiak ere lekua hartu zuen; Elkoroberezibarren esanetan, literatur joeren azterketa eta lanen kritikak landu ziren, zenbait kasutan debate sutsuak sortzera iritsi arte.

Hizkuntzari dagokionez, "euskara tresna zuten eta ez helburu", adierazten du bergararrak. Euskara batua izan zen nagusi 1975tik aurrera. Dena den, Idatz eta Mintz eta Txistu y Tamboliñ bezalako argitalpenek bizkaiera bultzatu zuten eta jarrera berbera hartu zuen Maiatz aldizkariak Iparraldeko euskalkiekiko. Garziarena, Garziarena berria, Porrot eta Stultifera Navis aldizkarietan gaztelerazko testuak ere aurki zitezkeen. Goraipatzekoa da, era berean, itzulpenek hainbat aldizkaritan hartu zuten garrantzia. Haiei esker eman ziren ezagutzera atzerriko autore askoren lanak.

1919tik aktiboan dagoen Argia astekariak -1980era arte Zeruko Argia izan zenak- zeresan handia izan du euskal kulturaren nondik norakoak azaleratzeko. Literatur aldizkarien sorreraren eta ibilbideen berri emateaz gain, zenbait aldizkari esplizituki lagundu zituen: "bere babesean jardun zuen Susa aldizkariak 1982ko 4. aletik bere azken zenbakira arte eta Argia astekariari esker atera zuen Kandela-k bere 2.a", zehazten du ikerlariak. Egun bezala, garai haietan finantzamendua aurkitzeko zailtasunak zeuden. Denetarik zegoen, diru-laguntzetatik bizi zirenak eta autofinantzatzea lortu zutenak. Hala ere, "argitaletxe edo elkarte sendoren baten sostengua izan zutenek iraun zuten gehien".

idazleen haztegi Erakundeetan sortutako aldizkarien artean unibertsitatean hasitakoak nabarmen-tzen dira. Irakaskuntza arautua idazle gazteentzako eta argitalpenentzako haztegia izan zen: "Susa bera Donostiako EUTGn sortu zen, Stultifera Navis eta Zintzhilik Gasteizko EHUn eta Enseiucarrean Deustun". Unibertsitateen babesa izan zuten bitartean, behintzat, irauteko ahalmena izan zuten; nahiz eta askotan ikasleen egonaldi mugatuek aldizkarien biziraupena duda-mudan jarri.

Elkoroberezibarrek ez du inongo zalantzarik: "Idazle gehienen hastapenak eta oinarriak literatur aldizkarietan daude". Zentzu horretan, hizkuntza edota literatura bezalako irakasgaietan, eskoletako zein unibertsitateetako ikasketa-planetan, aldizkarien presentzia eza nabarmentzen du. Edonola ere, literaturgintzarako plataforma bezala duten balioa goraipatzen du ikerlariak; izan ere, aldizkarietan argitaratzeko aukera liburuak plazaratu aurreko "bezpera" izan zen idazle askorentzat.

Hain zuzen ere, zenbait aldizkariren xedea argitaletxe bilakatzea zen. Horretan ere denetariko kasuak daude Elkoroberezibarren arabera: liburu bakarra kaleratu zutenak (Pott), ezinbestez sortu zirenak (Pamiela), argitaletxe izateko bokaziorik gabe hainbat lan kaleratu zituztenak (Kandela), argitaletxeen babesean aritutakoak (Xaguxarra), aldizkaria amaitutakoan argitaletxe bilakatutakoak (Plazara)...

formatu berriak 1993tik aurrera, aniztasuna nagusitu zen: tokiko komunikabideetako literaturzale ba-tzuk aldizkari probokatzaileak ateratzen hasi ziren, literatur banda eta taldeen iraultza jazo zen, Bizkaiko eta Gipuzkoako zenbait gazte literatura heterodoxoaren moldeetara itzuli ziren... Gainera, idazteko zaletasuna zuten gazteek euskarazko egunkariekin egin zuten topo, adierazpide berri bat aurkituz; horrela, literatur aldizkariek zuten kostua zein ganorazko zabalkundea lortzeko zailtasunek beste bide batzuk bilatzeko premia sortu zuten. Azkenerako, literatur aldizkari digitalen aukera eta sareko blogen ugaltzearen aldeko apustua gailendu zen.

"XXI. mendean sortutakoen artean ez dira hamarrera iristen paperezkoak, 1984an sortutakoak beste", zehazten du bergararrak. Paradoxikoki, sarean aurrera eramandako egitasmoen kopurua ere ez da oso altua izan, nahiz eta zenbaitzuk nabarmentzekoak diren: Volgako Batelariak edota Sareinak izenarekin aktiboan jarraitzen duten blogak aipa daitezke, besteak beste. Egungo aldizkarien kopuruaren txikiagotzea aditzeko zenbait argudio daude: "Literatur sorkuntza ulertzeko eta adierazteko modu desberdinek, liburuak argitaratzeko erraztasunak, sailkaezinezko web orrialdeen erakargarritasunak, indibidualismoak? ez dute lana erraztu eta dispertsioa da nagusi gaur egun", epai-tzen du Elkoroberezibarrek. Horregatik, ikerlariaren esanetan, eredu berri baten bilaketan dihardute.

2001an Susa Argitaletxeak abiarazitako Literatur Aldizkarien Gordailuan argitalpen guztietako 451 aldizkari ale daude digitalizatuta, eta, publikatu diren 10.967 artikuluetako 7.949 irakur daitezke sarean. "Digitalizatutako idazlanei esker, modu erraz eta arinean irakur di-tzakegu euskal literaturaren zutabe garran-tzitsuak diren literatur aldizkariak", adierazten du ikerlariak. Horregatik, erabateko garran-tzia aitortzen dio egitasmoari.

Gaur egun literatur aldizkarien presentzia txikia dela onartzen du Elkoroberezibarrek. Hala ere, literatur aldizkariak ulertzeko moduari dagokionez, aldaketa handi baten atarian egon gaitezkeela sinistu nahi du. Hori dela eta, aldizkariek "bere neurrian, kultur mundua piztu" dezaketela pentsatu nahi du.