Síguenos en redes sociales:

Boteprontoan

Karmele Jaio

Fikzioa

Egunotan fikzioa eta errealitatearen arteko mugei buruz hausnartzeko aukera izan dut, gaur bertan Ignacio Aldecoa Kultur Etxean izango dudan elkarrizketaren harira. Gasteizko Ipuin Literarioaren Nazioarteko Jaialdiari zor diot gaiari buruz aritzeko aukera Maria Fernanda Ampuero eta Jon Bilbao idazle handiekin. Fikzioa errealitateaz elikatzen dela eta fikzioa gure bizitzetatik urruntzeko baino, gure bizitzak gertuagotik ikusteko aukera bat dela argi izan dut beti. Baina egunotan, horrez gain, fikzioak gure bizitza errealean duen eraginaz pentsatu dut. Zein neurrira arte gure identitateak fikzio baten arabera eta aginduetara eraikitzen diren. Izan ere, gizartean nagusi diren aginduek eta sinesmenek eraikitzen gaituzte neurri handi batean. Fikzio batek agintzen digu zer egin behar dugun gizartean onartuak izateko, zer nolakoak izan behar dugun, gure nortasunaren zein alde ezkutatu behar dugun, edo gure nahiak nola mozorrotu behar ditugun besteen aurrean. Fikzio batek eraikitzen gaitu eta, horrez gain, neurri handi batean, fikzio batean bizi gara. Gutako bakoitzak fikzio bat asmatzen du bere buruaz eta kanpora begira bere buruaren irudi hori erakusteko ahaleginak egiten ditu. Honekin batera, besteen irudi fiktizio bat izaten dugu. Ez dakigu nolakoak diren benetan bakarrik daudenean. Irudi bat daukagu haietaz eta irudi horren portzentaje handi bat guk asmatutakoa da, fikzioa beraz. Kontua da fikzio horrek guztiak eragina duela gure bizitzetan, gure gorputzetan, gure osasunean... Adibidez, denok gorputz eredu bera izan behar dugula erakusten digute egunero telebistak, aldizkariek, sareetan eraso egiten diguten irudiek, pelikulak egiteko aukeratzen dituzten aktore ederrek… Baina dena da fikzio bat. Egia beste bat da: Gure gorputzak anitzak dira eta gutxi batzuk dira ezarritako kanon horren barruan sartzen direnak. Hala ere, zenbat min eragiten duen fikzio horrek gure autoestimuan eta zein neurrira arte baldintzatzen dituen gure aukerak. Fikzioa da, baina benetako laban zorrotz baten antzera sartzen da gure urdailean.