Bizimodu osasungarriak gora egin du Araban eta Euskadiko gainerako lurraldeetan. Hala adierazten du Euskal Estatistika Erakundeak egindako azken txostenak, 2021eko osasunaren ikuspegiak, hain zuzen.

Txosten horren arabera, emakumeak, batez beste, gizonak baino sei urte gehiago bizi dira, ez bakarrik emakumeak izateagatik, baita gizonak baino gehiago zaintzeagatik ere. Hori dela eta, txosten horretan adierazten dute emakumeak gizonak baino askoz gehiago zaintzen direla, bizimodu orokorrean, hasi elikaduratik, azterketa medikoetaraino, tabakoraino eta kiroleraino.Hala ere, kirolaren azken puntu horretan, nabarmendu behar da gizonak ere nabarmen handitzen ari direla kirola egiteko maiztasuna, eta igo egin dela kirola egiten duten gizonen kopurua, baita emakumeak gaindituz ere.

"Euskal Autonomia Erkidegoan bizi diren emakumeek gizonek baino bizimodu osasungarriagoak dituzte, ariketa fisikoaren praktika izan ezik, eta jaiotzean duten bizi-itxaropena gizonena baino sei urte luzeagoa da", adierazi eta erantsi dute: "Jaiotzako bizi-itxaropena 80,8 urtekoa da gizonen artean eta 86,4koa emakumeen artean, Euskal Autonomia Erkidegoann, 2019an. Balio horiek Europar Batasuna-28ko batezbestekoaren gainetik daude. Bizi-itxaropenaren aldea etengabea izan da denboran emakumeen mesederako, baina murriztu egin da azken urteetan, 2019an 5,8 urtera iritsi arte". Bizi-kalitatea neurtzerakoan, osasunari dagokionez, mina edota ondoeza da dimentsioa zeinetan hala emakumeek (%33) nola gizonek (%24) arazoren bat sarrien adierazten duten. Atzetik doaz antsietatea eta depresioa, mugikortasun-arazoak eta eguneroko jarduerak egiteko zailtasuna.

"Depresioaren edo antsietatearen sintomak, aurreko aldiekin alderatuta jaitsi egin direnak, ohikoagoak dira emakumeen artean (% 17) gizonen artean baino (%9), eta zahartzaroarekin areagotu egiten dira", azpimarratu dute. Gaixotasun kronikoek gehiago eragiten diete emakumeei gizonei baino; zehazki, %46k emakumeei, eta %42k gizonei. Nork du gaixotasun kronikoak izateko arrisku handiagoa? Txostenaren arabera, adinekoek; izan ere, 75 urte edo gehiago dituzten pertsonen %93k gaixotasun kronikoren bat dute. Ohikoenak hipertentsioa eta kolesterol altua dira, hain zuzen ere arrisku kardiobaskularra areagotzen duten gaixotasunak. Hori dela eta, osasun ona duten pertsonen artean normalak diren jarduerak egiteko muga kronikoa ohikoagoa da emakumeen artean (% 11) gizonen artean baino (% 9), eta adinak gora egin ahala nabarmen handitzen da, 75 urteko eta gehiagoko hiru pertsonatik bati eragiteraino.

Hala eta guztiz ere, datu ona da gero eta pertsona gehiagok sartzen dutela kirola eguneroko agendan, eta modu erregularrean egiten dutela gizonek eta emakumeek.

Ildo horretatik jarraituz, "gero eta pertsona gehiagok egiten dute jarduera fisiko osasungarria: gizonen %80k eta emakumeen %74k, eta jarduera fisikoa egiten duten emakumeen proportzioak gora egin duen arren, oraindik ere gizonena baino txikiagoa da adin-talde guztietan", nabarmendu dute. Gainera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako herritarrek gero eta denbora gehiago ematen dute lotan, minutu batzuk gehiago badira ere: "Euskal Autonmia Erkidegoko biztanleriak gero eta denbora gehiago ematen du lotan, duela bost urte baino 14 minutu gehiago (2013. urtea), hau da, batez beste bederatzi ordu eta sei minutu, osasun onaz gozatzeko gomendagarriak diren eguneko 7-8 orduen gainetik", azaldu dute.

Ohitura on horiek, elikadura hobekoak, kirol gehiago eta lo-ordu gehiago, herritarren bizi-kalitatea errazten dute, eta gaixotasun kardiobaskularra izateko aukerak murrizten dituzte, osasunaren egoeraren arabera. Izan ere, jakinarazi dutenez, gaixotasun kardiobaskularren arriskua murriztera bideratutako prebentzio-jarduerak 75 urteko edo gehiagoko pertsonen%90era hedatu dira, hau da, gaixotasun kardiobaskularrak izateko arrisku handiena duen kolektiboarengana.

Azkenik, beste datu bat: gripearen ondorioz hiltzen diren pertsonen %92k 60 urte dituzte gutxienez; hala ere, gripearen aurkako txertoaren estaldurak behera egin du azken urteotan 65 urte eta gehiagokoen artean. 2018an, 65-74 urteko pertsonen erdiek baino zertxobait gehiagok jarri zuten gripearen aurkako txertoa (%58 gizonak eta %55 emakumeak), baina proportzio hori %79ra igotzen da 75 urte eta gehiagoko biztanleen artean, taldea zeinetan alderik handiena baitago gizonen eta emakumeen artean txertaketari doakionez (%82 eta %77, hurrenez hurren).