- Euskararen erabilerarekin aurrera egitea, baina orain Arabako enpresen esparruan. Hori da Arabako erakundeetara indarrak batzera eraman duen helburu nagusia. Hala, Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin bat egin dute Lanabes programari bultzada emateko.

Esparru sozioekonomikoan euskara suspertzeko tresna berrien aurkezpenean, Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko alkateorde eta Euskara zinegotziak, Miren Doraban Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, Lexuri Ugarte Euskara eta Gobernu Irekiko foru zuzendariak eta Electra Vitoria Oronako ordezkariek hartu zuten parte. Lanabes programa Arabako enpresa eremuan euskararen erabileran eragiteko sortutako foru ekimena izan zen. Atzo Electra Vitoria Oronaren instalazioetan egindako prentsaurrekoan jakitera eman zutenez, lortutako akordio horri esker, hiru erakundeek lurraldeko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko giltzarri izan nahi duten bi proiektu abiatuko dituzte laster: aholkularitza-zerbitzu tekniko bat eta praktika-komunitate bat, hain zuzen ere. "Zerbitzu horren jatorria 2019an Arabako Foru Aldundiak 50 langiletik gorako enpresei bidali zien galdetegian dago, hizkuntza-kudeaketari buruzko datuak biltzeko asmoz", azaldu zuen Lexuri Ugartek. "Horietako 59k erantzun zuten galdetegia, eta eskerrak eman nahi dizkiet haien jarrera eta parte-hartze paregabeagatik". Galdera-sortari erantzun zioten 59 enpresen erantzunen bidez, txosten bat egin zen lortutako emaitza orokorrekin. Lexuri Ugartek azaldu zuenez, txosten horretatik ondorioztatu ziren enpresen beharrak, eta, hain zuzen ere, erakundeen arteko akordio berri horrekin egin nahi da lan txostenetan atzemandako behar horiei erantzuna eta laguntza emateko. Alde batetik, Lanabes zerbitzu teknikoa urrian zehar jarriko da martxan, eta Ahize-AEK hizkuntza-aholkularitzak kudeatuko du. Zehazki, aholkularitza eta laguntza teknikoak eta ekonomikoak eskainiko dizkie hizkuntza-kudeaketa hobetu nahi duten lurraldeko enpresa guztie, baita galdetegia erantzun zuten guztiei ere. Beste alde batetik, praktika-komunitate bat sortuko da, hizkuntza-kudeaketan duten esperientzia partekatu, "batzuengandik ikasi", ezagutza berriak sortu eta Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabilera hobetzen lagundu nahi duten enpresen foro bat, hain zuzen. Gaineratu zutenez, Bai Euskarari Elkarteak kudeatuko du praktika-komunitate hori, Lanabesen talde eragileko kide baita.

Hiru erakundeek indartsu eta elkartuta lan egiten duten akordio bat da atzo aurkeztutakoa. Miren Dobaranek berak nabarmendu eta azpimarratu zuen, izan ere, hizkuntza normalizatzeko politiketan erakundeen eta erakunde pribatuen arteko lankidetzak duen garrantzia. Hala, Eusko Jaurlaritzako Politika Linguistikoko sailburuordeak azpimarratu zuenez, Lanabes programa "lankidetza horren emaitza da, eta Arabako eremu sozioekonomikoan euskararen erabileraren normalizazioan beste urrats bat ematea dakar".

Ildo beretik jarraituz, Euskara zinegotzi eta alkateordeak azaldu zuen Gasteizko Udalak txikizkako merkataritzan eta establezimendu ertainetan egin duela lan hainbat urtez. Zehaztu zuen, halaber, enpresa handiak alde batera utzi zituztela Udalaren jarduera-eremua gainditzen zutelako.

Iñaki Gurtubairen hitzetan, "hainbat urtez txikizkako merkataritzan egin ditugu ahaleginak: Saltoki txiki eta ertainetan. Gune handiak alde batera utzi ditugu, merkataritza guneak, frankiziak€ beste agente batzuk haien gainean lanean ari zirelako. Industria ere ez dugu gehiegi landu, gure jarduera eremua gainditzen zuelako", adierazi eta erantsi zuen: "Orain hiru administraziook indarrak batzen ditugu euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan indartzeko. Hori da garrantzitsuena, maila desberdineko administrazioek bat egitea, denok komunean dugun helburu bati heltzeko".

Hala, lan hori datozen egunetan hasiko da, hilabete honetan Lanabes harremanetan jarriko baita interesa agertu duten enpresa guztiekin. Hau da, erakundeek bidalitako galdera-sortari erantzun zioten eta txostena egiten lagundu zuten berrogeita hemeretzi enpresekin jarriko dira harremanetan. Enpresa horiei laguntza eta zerbitzu horiek eskainiko zaizkie. Hala ere, hiru erakundeek atzo azpimarratu zutenez, Arabako lurralde historikoan dagoen eta interesa duten 50 langile baino gehiago dituen edozein enpresa jar daiteke harremanetan ekimeneko kideekin "elkarrekin aurrera egiteko".

Programa. Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak Arabako Foru Aldundiarekin bat egin dute Lanabes programari bultzada bat emateko, Arabako enpresa eremuan euskararen erabileran eragiteko sortutako foru ekimenari. Akordio horri esker, hiru erakundeek lurraldeko enpresetan euskararen erabilera sustatzeko giltzarri izan nahi duten bi proiektu abiatuko dituzte laster.

"Zerbitzu horren jatorria 2019an Arabako Foru Aldundiak 50 langiletik gorako enpresei bidali zien galdetegian dago, hizkuntza-kudeaketari buruzko datuak biltzeko asmoz", azaldu du Lexuri Ugarte Aretxaga Euskara eta Gobernu Irekiko zuzendariak. "Horietako 59k erantzun zuten galdetegia, eta eskerrak eman nahi dizkiet haien jarrera eta parte-hartze paregabeagatik".

"Gune handiak alde batera utzi ditugu, merkataritza guneak, frankiziak€ beste agente batzuk haien gainean lanean ari zirelako. Industria ere ez dugu gehiegi landu, gure jarduera eremua gainditzen zuelako ", adierazi du," Orain hiru administraziook indarrak batzen ditugu euskararen erabilera arlo sozioekonomikoan indartzeko. Hori da garrantzitsuena, maila desberdineko administrazioek bat egitea, denok komunean dugun helburu bati heltzeko".

Miren Dobaran Hizkuntza Politikarako sailburuordeak erakundeen eta erakunde pribatuen arteko lankidetzaren garrantzia azpimarratu zuen, hizkuntza normalizaziorako politiketan. "Lanabes programa elkarlan horren emaitza da eta Arabako esparru sozioekonomikoan euskararen erabileraren normalizazioan beste urrats bat ematea da".