- Vital Fundazioak covid-19ri buruzko hamalau ikerketa-proiektu jarriko ditu abian, Bioaraba Osasun Ikerketarako Institutuarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) elkarlanean. Proiektu horien garapena Arabako gizartean pandemiak dituen ondorioak arintzeko Vital Fundazioak apirilean egindako ezohiko deialdiaren barruan kokatu da. Bi erakundeek 312.000 euro jasoko dituzte guztira, aipatutako lan horiek garatzeko.

Laguntza horiek azaltzeko, Axier Urresti Vital Fundazioen zuzendari exekutiboak, Maria Angeles Garcia Bioaraba Osasun Ikerketako Institutuko zuzendari zientifikoarekin eta Ivan Igartua EHUko Arabako campuseko errektoreordearekin batera, atzo aurkeztu zituen proiektuak, prentsaurreko batean. Axier Urrestiren hitzetan, Vital Fundazioak ezohiko laguntza deialdia egin zuen "koronabirusak Arabako gizartean izan dituen ondorioak arintzeko, milioi bat euroko diru laguntza bereziarekin". Laguntzen ari direnei lagundu lelopean, deialdi hau zabalik zegoen irabazi-asmorik gabeko elkarteentzat eta deialdiaren helburuekin bat zetozen proiektuak aurkezten zituzten erakunde eta profesional guztientzat. Hau da, zehaztu zuenez, arlo sozialekoak, lurraldearen biziberritzekoak eta berrikuntza eta garapen teknologikoaren arlokoak. Laguntzen deialdi berezia 787.000 euroko kopuru globalera iritsi da, eta %40 (312.000 euro) osasun ikerketaren esparrura bideratuko du, Bioaraba Osasun Ikerketarako Institutuaren eta UPV/EHUren eskutik. Hain zuzen ere, hamalau proiektu jarriko dituzte martxan, bederatzi Bioaraban (200.000 euro jasoko dituzte) eta bost UPV/EHUn (112.000 euro jasoko dituzte). Gainera, pandemiak bereziki eragindako bi eremutan ere ekimenak ordaintzeko aukera emango du laguntzen deialdiak: laguntza-arloan (263.000 euro) eta hezkuntzan eta kulturan (127.000 euro). Azkenik, enpleguaren eta garapen ekonomikoaren alorrera (79.000 euro) eta kirol-eremura (6.000 euro) ere bideratu dira funtsak.

Bioarabako zuzendari zientifikoak azaldu zuenez, bederatzi proiektutan murgilduta daude. Horien guztien artean aipatu zuen, besteak beste, gripe-txertoaren eraginaren ebaluazioa covid-19 birusak infektatutako pazienteenganako proiektua. "Proiektu honetan aztertu nahi da covid-19ak eragindako infekzio-arriskua handiagoa den txertoa hartu ez duten edo txertoa hartu duten pertsonengan, eta behatu txertoa hartu duten pazienteek eboluzio hobea edo okerragoa duten", azaldu zuen. Proiektuen artean, inguruneen simulazioan oinarritutako ikaskuntza-plataforma bat eta arnas terapien garapena eta baliozkotzea izeneko beste bat daude, biriketako simulagailuaren bidez koronabirusaren aurka borrokatzeko.

Ehutik beste bost proiektu eramango dituzte aurrera: Immunogenizitatearen analisi serologikoa eta sars-cov2-ren neutralizazio-gaitasuna covid-19 eriondoko gaixoengan; Hondakin-uren epidemiologia sars-cov2-2ren detekzio goiztiarrerako, farmakoen kuantifikaziorako eta substantzia toxikoen analisirako; covid-19k Arabako haurren artean eragindako konfinamenduaren ondorioak, D bitaminaren estatusean, pisuan eta gorputz-osaeran oinarrituta; covid-19ren infekzio- eta larritasun-markatzaileak bilatzea eta SARS-CoV-2ren infekzioa detektatzeko eta haren jarraipena egiteko gailu bat garatzea; eta azkena, covid-19rako aurreikusteko ereduen ekarpenak, adimen artifizialean oinarrituak, Arabako Lurralde Historikoarentzat espezifikoak - Covid19THA: "Proiektu hau José Manuel Lópezek zuzendutako talde batek garatuko du, eta adimen artifizialean oinarritutako eredu prediktiboak lortzea du ardatz, osasun-langileei paziente bakoitzaren kudeaketa eta tratamendua hobetzen laguntzeko", azaldu zuen Igartuak.

Proiektuak. Vital Fundazioak covid-19ri buruzko hamalau ikerketa-proiektu jarriko ditu abian, Bioaraba Osasun Ikerketarako Institutuarekin eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin (UPV/EHU) elkarlanean. Proiektu horien garapena Arabako gizartean pandemiak dituen ondorioak arintzeko Vital Fundazioak apirilean egindako ezohiko deialdiaren barruan kokatu da. Bi erakundeek 312.000 euro jasoko dituzte guztira, aipatutako lan horiek garatzeko. Proiektu hauek atzo aurkeztu zituzten.