Samantha Gonzalez Satse erizaintzako sindikatuaren probintziako idazkaria

"Osakidetzako Lehen Mailako Arreta kolapsatzeko zorian dago bizi duten presio asistentzialagatik"

30.08.2020 | 01:39
"Osakidetzako Lehen Mailako Arreta kolapsatzeko zorian dago bizi duten presio asistentzialagatik"

Samantha Gonzalez Satse sindikatuko idazkari probintzialak adierazi duenez, ospitaleetako egoerak okerrera egin dezake eskolak irekitzearekin batera

Gasteiz – Koronabirusak ez du atsedenik ematen Euskadin. Eguneroko kasuen gorakadak Eusko Jaurlaritza kezkatzen du, herritarren erantzukizuna eskatuz. Satse erizainen sindikatutik, Samantha Gonzalez idazkari probidentzialak esan du beraiek ere eguneroko positiboekin kezkatuta daudela. Eguneroko kutsadurez gain, ospitaleratze eta heriotza kopuruak ere gora egin du eta horrek, Gonzalezek azaldu duenez, Osakidetzako lehen mailako arretaren saturazioa eragin ahal du. Gainera, langileak "agortuta" daudela nabarmendu du Samantha Gonzalezek. Hori dela eta, Satsek dei egin nahi die herritarrei, covid-19aren aurkako borroka guztia ez dezaten osasun-langileek egin, herritar guzti-guztiek baizik.

Nola baloratzen duzu osasun-sistemaren egungo egoera?

–Datuak kezkagarriak dira, ospitaleratutako pertsonen kopurua eta ZIUn daudengaixoen kopurua handitzen ari baitira. Eta, bestalde, plantilla agortuta dago fisikoki eta emozionalki. Horri gehitu behar zaio oporretako hiritik kanpo dauden arabarrak, datozen egunetan itzuliko direnak. Ikasturtearen hasiera ere gehitu behar zaio.

Ba al dago kolapsorik, oraintxe bertan, Gasteizko ospitaleetan?

–Une honetan bertan ez dago ospitale-kolapsorik, baina esan bezala, zifrek gora egiten jarraitzen dute, eta baliteke hala izatea. Kolapsatzeko zorian dagoena Lehen Mailako Arreta da, alarma-egoera amaitu zenetik jasaten ari den presio asistentzialagatik. Pandemiaren aurretik Lehen Mailako Arreta ahulduta zegoen eta, izatez, Osakidetzak berak hura indartzeko estrategiak diseinatuta ditu, une honetan eta etorkizunari begira argi eta garbi nahikoak ez diren hainbat neurriren bidez. Egun, Lehen Mailako Arreta eustorma bat izaten ari da, kutsatzea komunitario bihur ez dadin; ahalegin guztiak kasuak kudeatzera bideratzen ari dira, eta kasuen kudeaketa hori erizaintzaren esku dago funtsean; langileak murriztuak daude oporrengatik, bajengatik eta ahalegin horri aurre egin ahal izateko, duten agendak itxi behar izaten dira batzuetan.

Nola ekidin daiteke kolapso hori?

–Jakina, kolapsatzeko arrisku argia dago, eta pandemiaren lehen zatian bezala geldiarazteko, herritarrak gara hori saihestu dezakegun bakarrak, agintarien gomendioak betez.

Une hartan, alarma-egoeran egonda egin genuen, eta oso albiste ona izango litzateke oraingoan hertsapenik gabe egitea, gizarte heldu, arduratsu eta konprometitua garela erakutsiz.

Osasun-langileak kontratatu dira taldea indartzeko, pandemiak okerrera egingo balu ere?

–Bai, une honetan erizaintzari dagokionez kontrata daitekeen guztia kontratatuta dago. Ildo horretan, ESIetako erizaintzako zuzendaritzak benetako malabarismoak egiten ari dira, eta lan hori aitortu egin behar da. Erizainen sindikatutik espero dugu kontratazio horiek udazkenean eta neguan luzatzea, eta horregatik, giza baliabideak ez urritzea eskatzen dugu. Etorkizunari begira, behin-behinekotasuna murriztea eta oposizioen bidez egiturazko plantilla indartzea eskatzen dugu. 100.000 biztanleko Europako erizainen ratio antzekoak lortu behar ditugu: Euskadin 7,1, Europako batez bestekoa 8,8 eta Alemanian eta Frantzian 10etik gora. Hori horrela balitz, egoera lasaiago eramango genukeen.

Duela hilabete batzuk, deskonfinamenduaren ondoren, osasun-langileek oporrak hartu behar zituztela adierazi zenuen, baina bigarren olatua aurreikusitakoa baino lehenago iritsi da. Osasun-langileek atseden hartzeko astirik izan dute?

–Lehen esan bezala, kezkatuta gaude plantilla agortuta dagoelako fisikoki eta emozionalki pandemiaren hasieratik. Erizainek, fisioterapeutek eta gainerako sanitarioek profesional gisa duten balioa erakutsi dute, bai eta kudeatzeko eta egoerara egokitzeko gaitasuna ere. Une honetan, ez dituzte opor guztiak hartu; izan ere, osasun-arretaren ondorioz, langileen zati bat lanean geratu behar izan da eta oporrak pixkanaka hartu behar dira.

Prest al daude Gasteizko ospitaleetan bigarren olatu honetan kasuek gora egiten badute ere?

–Azpiegiturei dagokienez, nahiko prestatuta gaude eta antolakuntzari dagokionez, aurreko olatutik asko ikasi dugu. Norbera babesteko ekipamenduei dagokienez, jakin badakigu Osakidetzak ahalegina egin duela eta, jakinarazi digutenez, zortzi asterako materiala dugu ikusgai, gainera baliabide horien hornitzaileak egiaztatzen ari dira. Eskatzen duguna da beharren arabera aurreikusitako hornidura bat egotea. Arazo gehien osasun-langileei dagokienez izango dugu, bai osasun-arloa bai arlo soziosanitarioa estaltzeko.

Ba al dago alderik lehen eta bigarren olatuen artean?

–Goiz da hori jakiteko. Ezberdintasun nagusia da SarsCov-19ak nola funtzionatzen duen eta min egiteko duen gaitasunaren larritasuna hobeto ezagutzen dugula. Agintari gehienek eta herritar gehienek ez dute egoera hori ukatzeko denborarik galduko. Lehenengo olatua ikasturtearen erdian hasi zen, oporretarantz, eta horrek, nolabait, jarduera pixkanaka murrizteko aukera ematen zien biztanleei. Hala ere, orain beste egoera bat agertzen zaigu ikasturtea hasi gabe dagoenean, eta horrek zaildu egiten die familiei egoera.

Orduan, laster hasiko den ikasturteak ospitaleen egoera okertu dezakeela uste duzu?

–Ikasturtearen hasiera oso garrantzitsua da, gure haurren hezkuntzarako, baita familia bateragarri egiteko ere. Baina ezin dugu ahaztu eskola-hasierak egoerak okerrera egitea ekar dezakeela, bai. SATSE sindikatutik hainbat hamarkadaz geroztik beste herrialde batzuetan dagoen eskola-erizainaren figura eskatzen ari gara. Erizain hori oso tresna erabilgarria da une oro, baina berebiziko garrantzia du bizi dugun une honetan. Eskola-erizain horrek kontingentzia-plana kudea lezake, sortzen diren haurren osasun-arazoak tratatu, neurriak eta gomendioak kontrolatu eta haur horien osasun-hezkuntza landu. Gainera, deigarria da ikasturtea hasteko egun gutxi falta direla eta herritarrek ez dakigula zer neurri eta protokolo jarraitu behar diren arlo horretan.

Egoera indartzeko neurriren bat hartu beharko litzatekeela uste duzu, oraindik hartu ez dena?

–Garrantzi handiko hainbat neurri orokor hartu behar dira, baina baliteke epe laburrera ez izatea. Krisiak are gehiago nabarmendu du behar adina giza baliabide eta behar diren ekipoak dituen osasun-sistema publiko baten beharra. Eredu sanitario berri bat behar dugu, eredu tradizionala zaharkituta geratu baita, hain ospitaleratzailea ez den eta Lehen Mailako Arretan arreta gehiago jartzen duen eredu bat, behar besteko aurrekontua duena, egonkorra eta osasuna sustatzeko eta gaixotasuna prebenitzeko politikekin koherentea dena. Laburbilduz, Lehen Mailako Arreta sendoa duen osasun batek gastua eraginkorragoa izatea eragingo du, ez baita hainbeste inbertitu beharko zainketa espezializatuetan, garestiagoak baitira.

Eta neurri espezifikoagoak?

–Maila espezifikoagoko beste neurri batzuei dagokienez, adibidez, Osakidetzako aldageletan jardun beharko litzateke; izan ere, araudi baten arabera, langileek denbora bat izan behar dute lanean bazkaldu eta lanetik irten aurretik garbitzeko, eta aldagelak dutxa ratio egokiekin eta arropa garbi eta zikinerako armairu bikoitzekin. Eta hori ez da gertatzen Osakidetzako ESI gehienetan.

Nola ikusten duzu negua?

–Negu zaila izango da, izan ere, urtero bezala gripea urteroko hitzordura bueltatuko da. Horrek ziurgabetasuna eragingo du bai biztanlerian bai osasun-arloko profesionalengan; izan ere, hasieran zaila izango da gripearen eta koronabirusaren diagnostikoak bereiztea. Berri ona da populazioaren ehuneko handi batek maskara behar bezala erabiltzen badu, gripearen kutsatze kopurua jaitsi egingo dela. Hori guztia gaur egun negua igaro duten herrialdeetatik ateratako datuetan islatu da, eta logikak dio hemen gauza bera gertatuko dela.

Zer mezu bidaliko zenieke herritarrei?

–Azpimarratu nahi nuke ezin dela izurrite horren pisu guztia agintariengan eta osasun-langileengan jarri. Jakin behar dugu gutako bakoitza arazoaren edo konponbidearen parte izan gaitezkeela, eta hori argi egon arte, ez dugu egoera kontrolatuko. Gaur egun PCR asko egiten ari gara sintomarik ez dutenak detektatzeko. Baina eguneko 8000 PCR ere ez dira irtenbidea, gaur proba egin eta negatibo ematen duten herritarrak, bost egunetan, agintarien arauak errespetatzen ez badituzte, positiboak izan baitaitezke. Arauak errespetatu behar dira, hori da dagoen irtenbidea.

"Kezkatuta gaude plantilla agortuta dagoelako fisikoki eta emozionalki pandemiaren hasieratik"

"Erizainek, fisioterapeutek eta gainerako sanitarioek profesional gisa duten balioa erakutsi dute"

"Une honetan erizaintzari dagokionez kontrata daitekeen guztia kontratatuta dago"

"Ezin da izurrite honen pisu guztia agintariengan eta osasun-langileengan jarri"

"Ezin dugu ahaztu eskola-hasierak egoerak okerrera egitea ekar dezakeela kutsatuen gorakadagatik"

"Egun badakigu SarsCov-19ak nola funtzionatzen duen eta min egiteko duen gaitasunaren larritasuna"