- Forondan mugitzen den merkantzia kopurua jaitsi egin da uztailean. Hala adierazi zuen atzo Aenak argitaratutako txostenean. Zehazki, 5.746 tona erregistratu zituen, %8,5eko jaitsiera bat. Hala ere, salerosgaien trafiko gehien izan duen laugarren aireportua izan da hilabete horretan bertan, Aenak adierazi zuen bezala.

Aireportu gasteiztarraren aurretik, Adolfo Suarez Madrid-Barajas (28.134 tona eta %39,2ko jaitsierarekin), Zaragoza (10.144 tona eta %20,9ko jaitsiera) eta El Prat ( 9.320 tona eta %40,8ko jaitsierarekin) aurki daitezke, Aenak argitaratutako oharraren arabera.

Gainera, Aena sareko aireportuek 6.987.828 bidaiari izan zituzten hilabete horretan zehar -aurreko urtean baino %76,2 gutxiago-, 118.467 aireontzi mugimendu -2019ko uztailean baino %50,8 gutxiago-, eta 59.292 merkantzia tona -%32,9ko beherakada-. "Hegazkin-konpainiek haien eskaintza komertzialari ekin zioten berriro uztailaren hasieran, Espainia eta Europa arteko mugimendu murrizteak kendu zirenean", gogoratu zuen Aenak.

Palma de Mallorcako aireportua izan zen hilabete horretan bidaiari gehien erregistratu zituen aerodromoa (1.102.854). Hala ere, %73,8ko beherakada garrantzitsua eman zen horretan ere. Adolfo Suarez Madrid-Barajas, Josep Tarradellas Barcelona-El Prat, Málaga-Costa del Sol, Ibiza, Alicante-Elche eta Gran Canaria izan ziren hurrengoak.

Operazio gehien izan zituena, berriz ere, Palma de Mallorca izan zen, beherakada batekin gainera. Hilabete honetan, izan ere, 12.478 mugimendu eman ziren bertan, aurreko urtean baino %56,6 gutxiago. Bidaiarien kasuan bezala, hurrengoa Adolfo Suárez Madrid-Barajas izan zen, eta honen atzetik ere aireportu berdinak etorri ziren; Josep Tarradellas Barcelona-El Prat, Malaga-Costa del Sol, Ibiza eta Gran Canaria alegia. Guztietan, %40tik gorako jaitsiera erregistratu zen, aurreko urteko uztailarekin alderatuz, datuen arabera.

Gainera, Aenak hala adierazi zuenez, bereziki jarduera ez komertziala izan zuten eta, zentzu horretan, mugimendu gehien jaso zituzten aireportuak Madrid-Cuatro Vientos -5.651 operazio eta %9ko igoera-, Sabadell -5.288 eta %0,4ko jaitsiera-, eta Jerez -5.088 operazio eta %3,5eko jaitsiera- izan ziren, hurrenez hurren.

Aenak aireportuen egoera eguneratu du gainera. Algecirasen eta Gasteizen, adibidez, ordutegiak eta instalazioen erabilera egokitzen ari dira hegazkin-konpainien operatibara.

Aenako aireportu sarean zabalik jarraitzen dute ostalaritzako zerbitzu batzuk, prentsako saltoki batzuk (elikagaiak eta edariak saltzen dituztenak) eta arreta berezia jartzen ari diote vending makinen hornidurari, haien web orrialdean adierazi zuten bezala.

Gainera, gogoratzen dute derrigorrezkoa dela maskara erabiltzea, eta bidaiariek eta haien laguntzaileek (sorospena behar izatekotan) sar daitezkeela soilik. Atzerritik etorritako bidaiariek osasun kontrolerako inprimakia eman behar dute aireportuan. Halaber, sintomaren bat nabarituz gero, aireportura ez joatea eskatzen dute.

%8,5

Forondan mugitzen den merkantzia kopurua jaitsi egin da uztailean. Zehazki, 5.746 tona erregistratu zituen; hau da, %8,5eko jaitsiera bat.

%76

Aena sareko aireportuek 6.987.828 bidaiari izan zituzten uztailean zehar -aurreko urtean baino %76,2 gutxiago-.

%50

Hilabete horretan, gainera, 118.467 aireontzi mugimendu izan zituen Aenak -2019ko uztailean baino %50,8 gutxiago-.