- Lanbide Euskal Enplegu zerbitzuak Gasteizko Zaramaga auzoan eta Laudion dituen bulegoak itxi zituen atzo, bi langilek (emakume batek eta gizon batek, hurrenez hurren) covid-19aren proban positibo eman ondoren. Hala aurreratu zuen zerbitzuak prentsa ohar baten bidez.

Adierazi zuenez, Zaramagako bulegoko kasua ostiral eguerdian detektatu zen, eta Laudioko kasua, berriz, asteburuan zehar. Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak kasu horietarako ezarritako protokoloari jarraitu zion Lanbidek.

Zaramaga auzoko bulegoan lan egiten duen pertsona ostiralean bertan bidali zuten etxera, eta Laudioko langilea bezala, etxean egon da PCR proba bat egiteko zain; "azkenean, probek positibo eman dute. Horren ondorioz, bi bulegoetako ia plantilla osoak (hogei langile) bere bizilekuan jarraituko du bigarren PCR proba egin arte. Emaitza negatiboa bada, langileak normal itzuliko dira beren lanpostura", azaldu zuen Lanbidek. Ordura arte, bi bulegoak itxita egongo dira, eta instalazioak sakon garbitu dira, Osasun sailak ezarritako jarraibideen arabera.

Euskal Enplegu zerbitzuak berretsi zuen Lanbideko erabiltzaileak babestuta egon direla "une oro, segurtasun-neurriei (itxiturei), urruntze sozialari eta higiene-neurriei esker". Oharrean kaltetuei barkamena eskatu zieten, baita haien egoera ulertzen dutela adierazi ere. Bi bulegoak berriz ireki arte, egoera horren eraginpean dauden Lanbideko erabiltzaileek Euskal Enplegu zerbitzuaren webgunearen bitartez jarraitu ahal izango dute beren kudeaketak egiten. Era horretan, alta eskatzeko https://apps.lanbide.euskadi.net/apps/!MI_INSCRIPCION_LANBIDE?LG=C&ML=OFEMEN1&MS=E web orrialdean sar daitezke, eta LanbideNet-era sartzeko, berriz, https://apps.lanbide.euskadi.net/apps/GE_IDENTIFICAR?LG=E&ML=&TPRG=L orrialdera.Azken honetan, Lanbidek aurreratu zuen bezala, Darde dokumentua eta berritze-datari buruzko informazioa eskatu, ziurtagirien jaulkipena, formakuntza ikastaroetara aurreinskripzioa, eta lan eskaintzetan aurreinskripzioa egin daiteke, besteak beste.

Goizean zehar, Zaramagako bulegora gerturatzen zen jendeak atean zegoen kartela ikusi zuen. Bertan, itxieraren berri ematen zuen Lanbidek, herritarren jakinpean hau guztia jartzeko, eta haien web orrialdean ere eman zuten honen berri. Gainera, ate horretan bertan, segurtasun neurriak ageri ziren; maskararen derrigorrezko erabilera, segurtasun distantzia eta eskuen garbiketa, besteak beste.

Atzo, gainera, Arabako Foru Aldundiak Gasteizen mendekotasuna eta dementzia duten adinekoak artatzen dituen Bizia eguneko zentroaren itxieraren berri ere eman zuen. Izan ere, langileen artean covid-19aren kasu positibo bat detektatu zen.

"Erabiltzaile guztiek maskara kirurgikoa erabili ohi dute zentroan dauden bitartean; langileek, berriz, segurtasun materialak erabili dituzte nahitaez. Hala ere, Gizarte Ongizaterako Foru erakundeak erabaki du instalazioa ixtea badaezpada, harik eta PCR testa egin arte 24 erabiltzaileei eta langile guztiei", aurreratu zuen Aldundiak.

Erakunde honek, halaber, ekin zion atzo Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen parte diren Gasteizko egoitzetan PCR proba masiboak egiten, positiboren bat dagoen ala ez identifikatzeko eta era horretan covid-19a zentro hauetatik kanpo mantendu ahal izateko.

Atzo lan honi ekin zioten, eta langileekin hasi ziren. Gogoratu zutenez, guztira 2.000 pertsonek egingo dute proba. Momentu honetan, Gasteizen soilik egitea erabaki zuten positibo gehien dituen hiri arabarra delako.

Beste alde batetik, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak aurreko egunean zehar covid-19aren inguruan jasotako nobedadeen berri ere eman zuen. Guztira,4.669 PCR proba egin ziren igandean, eta, haietatik, 353 positiboak izan ziren. Lurraldeen arabera, 64 Araban erregistratu zituzten (aurreko egunean baino 11 gehiago), 204 Bizkaian, 75 Gipuzkoan eta 10 Euskaditik kanpo bizi diren pertsonetan. Araban, berriz ere, Gasteiz izan da positibo gehien erregistratu dituen hiria (58). Besteak, Laudion (2), Aiaran (2), Agurainen (1) eta Arratzua-Ubarrundian (1) eman ziren.

Aurreko egunekin alderatuz, Araban gorakada bat eman da, eta herrietan erregistratutako datuak ere aldatu dira. Izan ere, larunbatean, 43 izan ziren positiboak -36 Gasteizen, bat Zuian, bi Agurainen, bi Laudion eta azkenengoa Iruña Okan-. Positibo gutxien erregistratu ziren eguna astelehena izan zen. Bertan, 14 kasuetatik, 12 gasteiztarrak izan ziren, eta gainerako biak Laudiokoak. Igandekoaz aparte, ostiralean ere gorakada bat eman zen, 61 positiborekin -berriz ere, Gasteizek gehiengoa eraman zuen (54), Zuiak bat, Agurainek bat, Laudiok bi, Aiarak beste bi, eta Alegria-Dulantzik bat-.

Atzo argitaratutako buletinean, gainera, sailak ROaren inguruan - kutsatu bakar batek, batez beste, zenbat pertsona kutsa ditzakeen neurtzen duen indizea- ere hitz egin zuen, zehazki, aurreko hiru egunetan erregistratutako ROaren inguruan. Hala, 1,44an egotetik, 1,42an egotera pasatu da.

Ospitaleen egoera dela eta, covid-aren ondorioz 12 pertsona ospitaleratu ziren igandean gainera -14 larunbatean eta 17 ostiralean-, eta covid-a duten 4 pertsona ZIUn daude (aurreko egunean baino bat gutxiago, eta larunbatean baino bat gehiago). Egun, ospitaleratuta dauden 94 pertsona daude -87 eta 75 aurreko bi egunetan, hurrenez hurren-.

Egiten ari diren proben berri ere eman zuen sailak prentsa ohar horretan. Horren harira, Galdakaoko Ospitalean, orain arte 1.161 PCR proba burutu dira Mugur tabernako bezeroen artean egiten ari diren behaketa lanak direla eta, eta horietatik, 6 positibo izan dira.

Araban, bestalde, hiru foku daude irekita. Lehenengoa, Aguraingo Kokolo tabernari dagokio. 142 PCR egin dira, hiru positiborekin. Bigarrena, Kilimanjaro diskoteka da, eta kasu horretan 27 PCR egin dira, positibo batekin. Azkenik, Xixilu jatetxeari dagokionez, 492 PCR burutu dira orain arte, eta 10 positibo erregistratu dira.

Beste alde batetik, Donostiako Okendo Kultur Etxean 1.431 PCR proba egin dira orain arte. Emaitza 22 positibokoa izan da, gehienak Ramuntxo Berri tabernan sortutako fokuarekin lotutakoak.

Segurtasun neurriak errespetatzea ezinbestekotzat jotzen dute beti Osasun sailak eta Osakidetzak; hala nola, segurtasun distantzia mantentzea, maskara erabiltzea, eskuak sarritan garbitzea eta harreman sozialak ahal den heinean ekiditzea covid-19a hemen dagoen bitartean eta honi aurre egin ahal izateko.

Gainera, eta momentu hauetan bizi den egoeraren inguruan kontzientzia hartzearren, pasa den astean gogoratu zuten pertsona batek covid-arekin bateragarriak diren sintomak edukiz gero -sukarra, eztula, eztarriko mina, arnasteko zailtasunak, usainaren galera, etab.- bere etxean isolatu behar dela eta osasun-zentrora deitu, honen inguruan neurriak hartu ahal izateko.

Arratsaldean, gainera, Bilboko elizbarrutiak San Felicisimo elizako (Bilboko Deustu auzoan) brotearekin erlazionatuta dauden lau positibo berri daudela aurreratu zuen. Hau itxita dago igandetik covid-19a dela eta. Izan ere, ostiralean bertan 90 urte zituen erlijioso bat Basurton ospitaleratu zuten, eta neurriak hartu zituzten horren inguruan. Horrela, eta langile eta erlijiosoen artean 44 PCR proba egin ondoren, lau positibo hauek erizaindegiko bi langileei eta bi erlijiosoei dagozkie.

Elizbarrutiak aurreratu zuenez, bi langile hauek ohartarazi dituzte eta neurriak hartu dira -isolatzea eta kasuen jarraipena, alegia-. Erlijiosoen kasuan, isolamenduan jarraituko dute hurrengo PCR proba egin arte.