- Martxoaren azken egunetatik, eta apirilaren lehenengo hiru asteetan, Arabako Foru Aldundiak (mendi-guardek bertan izan zirelako) Arroiaben (Arrazua-Barrundia) eta beste leku batzuetan jaki pozoituak aurkitu zituzten. Eremu hauetan, mendi-guardek, Ertzaintzak eta Gasteizko Udaltzaingoak jaki hauek eta hildako animaliak jaso zituzten. Animalia batzuk gainera, babestuak eta desagertze arriskuan daudenak ziren, baita txakurrak, beleak, etab.

Hala gogoratu zuen atzo Ingurumen eta Hirigintza saileko foru diputatua den Jose Antonio Galerak Arabako Batzar Nagusietan ospatutako batzordean. “Ale guztiak jaso zituzten pozoitze kasuetan jarraitu behar diren pausoak jarraituz, eta Martiodako berreskuratze zentrora eraman zituzten”, adierazi zuen gainera. Momentuz, ustez pozoituta izan direla diote frogek. Analisi honekin, haien heriotzaren jatorria ezagutuko da, hauetatik hartutako laginak laborategi batera eraman baitzituzten.

Fiskaltzari igorri diote kasu hau, eta orain dena bere esku dagoela adierazi zuen. Horregatik, instrukzioa amaitu arte, diputatuak ezin izan zuen informazio gehiago eman. Talde politiko guztiek gertatutakoa gaitzetsi zuten, “hau oso larria izan delako eta asko kezkatu gintuelako”, aztertu zuen.

Bestalde, Elkarrekin Araba taldeak Argomanizeko ubidearen inguruan galdetu zion, azken hilabeetan animalia batzuk bertan harrapatuta gelditu eta ito direlako. Zentzu horretan, diputatuak hori Gasteizko udalaren jabetza dela gogoratu zuen, eta Amvisa eta Urarekin bildu zela adierazi zuen gainera. “Arabako Foru Aldunditik, gure kezka helarazi genien, eta Amvisak gai hau landu duela azaldu zigun”, kontatu zuen Galerak. Zentzu horretan, beste herri eta herrialde batzuetan hartzen ari diren erabakiak aztertuko zituela aurreratu zion Amvisak, eta mahai gainean konponbide eta irtenbide desberdinak dituztela ere.