Mendia gustuko duten neska-mutilek urtero izaten dute Arabako Federazioak antolatzen dituen jarduerez gozatzeko aukera. Aurten, David Navas federazioaren atal honen buru dela, 7 eta 15 urte bitarteko ikasleentzat 23 hitzorduetako jarduera-egutegi bat antolatu du Arabako erakundeak. Jardueren artean, ezin bestela izan, mendi irteerak eta mendiarekin lotutako hainbat kultur jarduera daude.

Fosilak, orientazioa, geologia, espeleologia eta botanika dira egutegi horretan ezarri diren jardueretako batzuk. Jarduera horietan, gaia modu atseginean irakasteko, tituluduna den pertsona baten laguntza dute. Urtarrilaren erdialdean hasi ziren eta maiatzaren 28an amaitutzat emango dute kanpaina. Orain, lau hitzordu falta diren arren, Navasek aho zapore ona du gauzak nola doazen ikusita, «balorazioa oso positiboa da. Txangoaz eta bokataz gozatzen da, eta hobetzen jarraitzeko —beti zeozer ikasten baita— ilusioa mantentzen da», adierazi du arduradunak.

ANTOLAKETA

Arabako erakundearen ikasleentzako jarduerak larunbatetan egiten dira, 9etatik 14etara. Mendi taldea duen ikastetxe bakoitzean pertsona bat dago deialdia koordinatzen eta ezagutarazten, irteera bakoitzean interesa duten haurrak apuntatzen ditu eta datu horiek federaziora bidaltzen ditu. Federazioak, datuen arabera, beharko diren monitore kopurua eta beharrezko autobusak ezarriko ditu.

Lehen begiratuan erraza irudituko balitz ere, irteera bakoitzaren atzean lan handia dago, Federazioko arduradunak aitortzen duen bezala: «Autobusa abiatzen denerako, lan handia dago atzean», «begiraleak trebatu, ibilbideak berrikusi eta alternatiba posibleak kontuan hartu…». «Jarduera garatzen dugun ingurunea ez da ingurune kontrolatu bat, alda daitezken baldintza askorekin moldatu behar gara, eta horrek bere arriskuak ditu. Ibilbideak lehenago berrikusi behar ditugu, arriskuak baloratu, eta sor daitezkeen arazo guztiak monitoreei azaldu», hala ere, nahiz eta lan guzti hori egin behar, David Navasek argi dauka: «Azkenean konpentsatu egiten du».

PARTE-HARTZEA

Urtero bezala, aste batetik bestera aldaketa handiak egoten dira parte-hartzean. Lehen irteeran 92 gazte egon ziren, baina eguraldi txarra iritsi zenean, zenbait txangoetan hogei bat besterik ez dira egon. Orain, eguraldi ona datorrela, 45 lagun inguruko jarduerak ari dira egiten. Guztietan dago nota komun bat: ia beti parte hartzen duten gehienak neskak dira, eta, momentuz, 4 neska daude jarduera guztiak egin dituztenak. «Ikastetxeren batean ere, mendiko jardueran izena eman duten 12 pertsonetatik 10 neskak dira».

Navasen esanetan, jarduera bakoitzean gutxienez 90 ikasle izatea da helburua, Gasteiz bezalako hiri batean, mendizaletasunaren tradizioarekin, normala litzatekeelako. Arduradunak helmuga horrekin egiten du lan, bere pasioa izateaz gain, mendia leku egokia dela uste duelako kirol-lehiaketetan aritu nahi ez duten baina ingurune zabal batean jarduera bat egin nahi duten neska-mutil guztientzat.

«Horrez gain, ia ez du inbertsiorik behar, oinarrizko bota pare batekin nahikoa da», eta, ziurtatu duenez, irteera bakoitzaren helburua da jarduera ikasle guztiek egin ahal izatea, bat bera ere ez atzean geratzea, mundu guztiarentzat egokia izatea. «Hau ez da lehiaketa bat, eta gailurrera iristea ez da helburua, ondo pasatzea eta mendiarekiko esperientzia positiboa izatea baizik». Gainera, irteera bakoitzean zehar, bertaratzen diren begiraleek eta esperientzia duten bi pertsonek beren ezagutzak areagotzeko argibide teknikoak emango dizkiete txangoan zehar: aurkitzen dituzten zuhaitzak eta animaliak, polainak nola jarri, ingurunea nola errespetatu eta zaindu, etab.

DATORREN IKASTURTERAKO

Urteko azken 4 irteerak aurrean izanda, David Navasek datorren ikasturtean pentsatzen du jada, eta eskaintza Arabako beste toki batzuetara zabaltzeko asmoa duela aurreratu du. «Oraingoz jarduerak Gasteizko ikasleentzat baino ez dira, eta beste lekuetara hedatu nahi ditugu», ziurtatu du, eta nabarmendu du hori egiteko «begirale gehiago eta baliabide ekonomiko gehiago» beharko direla, «baina saiatu beharko gara, dena hiriburuan hain zentralizatuta egon ez dadin».