Yin Yang arabarra zorioneko dago. Gimnasio gasteiztarreko ordezkariak nazioarteko lehiaketetara itzuli dira ate nagusitik: 8 domina lortu dituzte azaroaren 19an eta 20an ospatu zen Munduko Kyokushin Karate Txapelketan.
Arabako espedizioa Poloniaraino joan zen oraingo honetan. Oso ondo neurtu zuten nor lehiatuko zen, karateka bakoitzak egin behar zuen diru kopuru handiak (800€ inguru pertsona bakoitzak) horretara behartzen zuelako. «Batzuk ez ziren joan gastu horri ezin ziotelako aurre egin», azaldu zuen Naroa Lezkano shian-ak. Hara joan zirenek lehiaketaz, emaitzez eta antolakuntzaz gozatu zuten, «baina Krakoviaz, ezer ez» penatu zen entrenatzailea.
«Ohitura denez, lehiatzeko denborarekin estu eta larri goaz, eta ez dugu gauden lekuak ezagutzeko aukera, pena da€», deitoratu du. Oraingo honetan, maila eta karateka-giroaz gain, txapelketa burutu zen lekuak zirrara egin zien: Poloniako kirol-pabiloi handiena, Krakow Tauron Arena, 20.000 ikuslerentzako tokia duena. «Espaziontzi baten antzekoa da. Kanpoan, neurri izugarriko bideoak jartzen dituzten pantaila handi bat da, eta barruan, sabaiaren erdiko zirkuluan, lehiaketa zuzenean proiektatzen da», zehaztu du Naroak. 33 herrialdetako 690 lehiakide, ehun bat arbitro eta 200 teknikari inguru elkartu ziren kokapen horretan.
Yin-Yangek Naroa Lezkano eta Jose Luis Lezkano izan zituen zuzendari, eta parte-hartze handia burutu zuen, 4 munduko txapelketa, 3 txapeldunorde eta brontze bat lortuz, guztiak katen modalitatean. Markel Conde izan zen munduko txapeldun gazteen katetan, eta kadeteetan Ekaitz Pinedo, 2019ko Portugalen Europako Txapelketan garaile izandakoa, podiumeko gorenera igo zen Munduko Txapelketa honetan Eduardo Villanuevarekin batera, bigarrena izan zena. Maddi Barona ere bigarren izan zen emakumezkoetan. Junior mailan Marco Salazarrek -2019an ere Europako txapeldun izan zena- irabazi zuen eta Iñigo Angulok hirugarren postua lortu zuen finalean.
Maila gorenean, seniorretan, Oihane Sanchez izan zen munduko txapeldunorde, eta Jon Lamasek berriro erakutsi zuen bere maila gainerako lehiakideen gainetik dagoela eta, hirugarrenez, izendatu zuten munduko txapeldun. Francisco Javier Lezkano eta Pablo Estensoro ere izan ziren Polonian, eta zenbait finaletan arbitraje lanak egin zituzten.
Emaitza horietara iristeko egindako ahalegina oso handia izan da.
Aipatutako ekonomikoaz gain, karatekek gogor entrenatu dute. «Normalean astelehenetik larunbatera entrenatzen gara, baina txapelketaren bat gertu badago edo beste edozer gauzagatik norbait ezin izan bada entrenatu, igandeetan ere entrenatzen da», nabarmendu du Naroa Lezkanok. «Nazioartean lehiatzea halaxe da, hau da eskatzen den maila», zehaztu du.
Aipatzekoa da ere lortutako lorpenek asko animatzen dituztela Yin Yangera joaten diren gainerako gazteak prestatzera. «Katen modalitatean, adibidez, 3 eta 16 urte bitarteko haurrak entrenatzen dira. Beraientzat, Jon Lamasekin entrenatzea gertu egonez, adibidez, harrigarria da, erreferentzia bat delako txikienentzat, eta berak ere asko gozatzen du gertu egonda», nabarmendu du. Haien hurrengo helburuen artean Espainiako Txapelketa eta maiatzean jokatuko den Europako Txapelketa daude, baina bitartean beste hitzordu asko prestatu behar dituzte: «Eskola-kiroleko txapelketak, Espainiako Karate Federazioak egiten dituen txapelketak, Euskadikoak, ligak, nazionalak zein nazioartekoak€ ahal dugun guztian parte hartzen dugu», ziurtatzen du shian-ak.
«Diru kopuru nabarmen bat gastatu behar denean, aukera gehien dituena eta gastuari aurre egin diezaiokeena hautatzen dugu, baina hurbileko txapelketetan ahal duten guztiek ahal duten guztietan parte hartzen dute, maila hobetzen laguntzen duelako eta erronka handiagoak lortzeko asmoa izaten laguntzen duelako».