Gasteizko Udalak hirugarren aplikazio bat gehitu du araututako eremuan (TAO) aparkatzeko aukera mugikorraren bidez ordaindu ahal izateko. Lehendik erabilgarri zeuden “ElParking” eta “Telpark” aukerei “EasyPark” gehituko zaie orain. APP horren bidez, aparkatze-prozesua mugikorretik hasi, luzatu eta geldiaraz daiteke, kontsumitutako denbora ordainduz, parkimetroa erabili beharrik izan gabe. Mugikorrarekin ordainduta, ez da beharrezkoa ibilgailuaren haizetakoan txartela jartzea. Izan ere, kontrola egiten duten langileek matrikularen bidez egiaztatzen dute TAOaren ordainketa behar bezala eginda dagoen. Horixe bera da gainazaleko aparkatze arautuaren funtzionamendua erabat digitala izateak dituen abantailetako bat.

Gaur egun, EasyPark Estatuko 100 hiri baino gehiagotan dago erabilgarri eta, horien artean, hauetan: Bilbo, Madril, Bartzelona, Valentzia edo Malaga. Nazioartean, 20 herrialde baino gehiagotako 2.200 hiri baino gehiagotan dago erabilgarri. Horri esker, oso tresna erabilgarria da beste hiri batzuetatik Gasteiz bisitatzera iristen direnentzat. Izan ere, aparkamendua beti erabili ohi duten app-arekin eta beren hizkuntzan kudea dezakete.

EasyParkek eskaintzen dituen prestazioen artean, enpresentzako zerbitzu espezifikoa dago. Horrek aparkamenduari lotutako administrazioko izapidetzeak gutxitzen ditu gastu guztiak faktura bakarrean multzokatzen dituelako (enpresako datuak eta datu pertsonalak bereizteko aukerarekin).

Udalak gogorarazi duenez, TAO ordaintzeko erabiltzen diren aplikazio horiek enpresa pribatuenak dira. “ElParking” aplikazioak ez du Gasteizen komisiorik kobratzen. Aldiz, “Telpark”ek eta “EasyPark”ek komisioa kobratzen dute kasu batzuetan.