Arabako Foru Aldundiak eta Santa María la Real Fundazioak beste hiru enplegu anezka jarriko dituzte abian urrian, Arabako 60 langabeturi baliabide eraginkor bat eskaintzeko, lan bat aurkitzeko aukera hobeak izan ditzaten. Bi anezkak aurrez aurreko saioak eta lineako saioak izango dituzte eta Gasteizen izango dute egoitza. Hirugarrena, berriz, berritasun gisa, % 100 linean izango da lurralde osorako.
Izena emateko epea urriaren 11 arte egongo da irekita.
Horrela, bi erakundeek langabeziaren aurkako borrokan duten konpromisoa indartu dute, eta beren lankidetza errepikatuko dute, programa honen aurreko zazpi edizioetan lortutako emaitza onak ikusita. Lana aktiboki bilatzeko talde hauetan 363 arabarrek parte hartu dute 2016tik, eta haietatik % 60 inguruk besteren konturako lanpostu bat aurkitu dute, euren negozioa martxan jarri dute edo profesionaltasun ziurtagiriak lortu dituzte lan praktika eta guzti.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak azaldu duenez, proiektu hori estrategia integral baten barruan sartzen da, enplegua sortzea eta enpleguaren kalitatea hobetzea bultzatzera zuzendua. Estrategia horren ardatzak dira prestakuntza eskaintza sendoa ematea, tokiko enplegu planak eta Lanbide Heziketa sustatzea. Estrategia horrek arreta berezia eskaintzen die kolektibo behartsuenei eta kualifikazio txikieneko pertsonei.
Gure lehentasuna kalitatezko enplegua sortzea eta teknikoki erabateko enplegua lortzeko helbururantz aurrera egitea da oraindik ere, eta enplegu anezkak tresna baliotsu eta eraginkorrak dira, urtez urte emaitza onak eskaintzen dituztenak eta helburu hori lortzen laguntzen dutenak, gaineratu du.
Aurtengo berritasuna da anezkek zenbait modalitate konbinatuko dituztela: bi anezka Gasteizen egingo dira aurrez aurreko eta lineako saioak bateratuta, eta Arabako hiriburuan bizi diren langabeei zuzenduta egongo dira; hirugarrena linean egingo da osorik, eta lurralde osoko herri eta landa guneetako langabeentzat izango da, eta lehentasuna izango dute Laudion bizi direnek, deialdiari lotutako herri baita.
Datak eta partaideak
Arabako hiru enplegu anezka berriak urriaren erdialdean hasiko dira, bost hilabete iraungo dute eta talde bakoitzean 20 plaza izango dira. 18 eta 60 urte bitarteko (biak barne) langabetuek parte har dezakete. Prestakuntza maila desberdinetakoak (DBH, Lanbide Heziketa, Batxilergoa, unibertsitate graduak, etab.) izan daitezke eta edozein lanbide sektoretakoak, aldez aurreko esperientziarekin edo esperientziarik gabe.
Lan arloan espezializatutako teknikariek orientazioa eskainiko diete partaideei, eta gidatu egingo dituzte haien enplegagarritasuna hobetzeko eta laneratzea indartzeko, tresna digitalak (aplikazioak, sare sozialak…), zeharkako gaitasunak, lan ibilbideak eta enpresekiko harremanak baliatzearen bitartez. Hortaz, besteak beste, adimen emozionaleko dinamikak egingo dituzte, lan prospekzioko plan bat egingo dute eta beren lanbide helburua fokalizatuko dute.
Lan bilaketa aktiborako talde horiek beste jarduera hauek ere egingo dituzte: curriculumak eguneratu eta lan elkarrizketen simulazioak egin hautaketa prozesuetan konfiantza eta segurtasuna areagotzeko, enplegagarritasun mapak egin eta enpresekiko harremanak planifikatu eta gauzatu.
Programako parte hartzea borondatezkoa eta doakoa da, eta bertan partaide izan nahi direnek urriaren 11ra arteko epea dute izena emateko, www.lanzaderasdeempleo.es web atarian edo aurrez aurre Gasteizko Ignacio Ellacuría Udal Ikastegiaren bulegoetan (Castro Urdiales kalea, 10-12, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 14:00etara). Ikastegi horretako lokalak Gasteizko Udalak lagatakoak dira, eta Arabako hiriburuko bi anezken egoitza izango dira.