Badakizu zein den zure lekua lelopean, Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak 76 jarduera eskainiko ditu irailetik maiatzera, Emakumeen Etxean zein Arabako hiriburuko beste leku batzuetan. Programazioaren barruan konferentziak, arte eszenikoak, literatura, zinema eta musika izango dira.
“Hamahirugarren edizio honetan, berdintasun-arloan egindako aurrerapenak nabarmendu nahi ditugu, gizartean duela gutxira arte pentsaezinak ziren aldaketak ekarri baitituzte. Kirol-gertakarietan ikusi dugu hori azken egunetan. Adibide deigarri bat baino ez da, baina bilakaera geldiezina da”, adierazi du Ana Lopez de Uralde Gasteizko berdintasuneko zinegotziak.
2023-24 ikasturtearen inaugurazioa irailaren 21ean, ostegunean, izango da, 18:30ean, Félix Petite antzokian. Hasiera batean, ¿Cómo hemos llegado hasta aquí? antzezlana eskaintzea zegoen aurrez ikusita, baina bertan behera gelditu behar izan du. Hori dela eta, laster jakinaraziko zaizue zer ikuskizun izango den horren ordez. Agenda eszenikoak urriaren 20an izango du jarraipena Aldabe Gizarte Etxean zuzenean egingo duten Divulgadoras de la historia podcastarekin, eta, azaroaren 9an, Kilimaterioa. Bat-beteko bertsoak eta bakarrizketa izango da Jesús Ibáñez de Matauco antzokian.
Aldabe Gizarte Etxeak beste bi hitzordu kultural hartuko ditu. Nire irudia zure haragian antzezlana azaroaren 24an eta Nadie hablará de nosotras ikuskizun musikala abenduaren 15ean.
Gasteizko Jabetze Feministarako Eskolak denboraldi honetan hiriko antzokietan egingo duen apustu nagusia Rodrigo Cuevasen kontzertua izango da. La Romería proiektu musikal berria aurkeztuko du martxoaren 14an Principal antzokian.
2023-24 ikasturte honetako kultur programazioarekin amaitzeko, Lo normal antzezlana izango da maiatzaren 9an Félix Petite antzokian eta beste bi hitzordu izango dira Jesús Ibáñez de Matauco antzokian: Bollo-Trans Bertso-Saio Musikatua proposamena maiatzaren 18an eta musika eta umorea oinarri izango dituen Wateke inprobisazio-ikuskizuna, hilaren 25ean.
Ikasturtearen itxiera maiatzaren 30ean, ostegunean, izango da Landatxo Gizarte Etxeko kiroldegiko kantxan. Festa eta Alarma Morearen kontzertua izango dira egun horretan.
Halaber, Jabetze Feministarako Eskolak kalitate handiko emankizunen zikloa egingo du Florida zinemetan, eta hitzaldiak izango dira ondotik. Entre3 zine-forumaren barruan, Txileko 2019ko urriko iraultzari buruzko ‘Mi país imaginario’ filma emango dute urriaren 19an eta, azaroaren 23an, Espainiako trantsizioko feminismoari buruzko Las buenas compañías lana.
2024an, Gasteizko publikoak Plan 75 filma ikusteko aukera izango du urtarrilaren 25ean, Japoniak biztanleriaren zahartzeari aurre nola egiten dion azaltzen duen filma. Otsailaren 29an, La consagración de la Primavera lanaren txanda izango da, neska baten eta garun-paralisia duen mutil baten arteko harremanari buruzkoa, eta maiatzaren 16an, Petit mal filma, emakume hirukote baten bizikidetzari buruzkoa.
Zine-forumerako gonbidapenak emanaldi bakoitza baino bi hilabete lehenago eskura daitezke.