Pixkanaka-pixkanaka udara hurbiltzen ari gara eta asteburuak musikaz betetzen dira ‘Vital Araban zehar’ Vital Fundazioaren programaren eskutik. Larunbat eta igande honetan emanaldiak izango dira Egileta, Zanbrana, Ekora, Bastida eta Langraiz Okan.

 Jardunaldia gaur, larunbata, hasiko da, arratsaldeko 18:00etan, Zanbranako kirol gunean, ‘Handicap’ musika talde gasteiztarraren kontzertuaren eskutik. Heterodoxoa, etiketarik gabea eta lotsarik gabea dela dio taldeak.

 20:00etan hainbat musika estiloren artean aukeratu ahal izango da. Egiletako plazan ‘Soul Reunion’ arituko da rhythm and blues eta gospel kantu klasikoen bere proposamena eskaintzeko; Ekorako taberna-etxeko lorategian ‘La orkestina MV' taldearen erritmoan dantzatzeko aukera izango da; eta Bastidako Bakearen plazan ‘Big Band Berri' jazz orkestrak joko du. Talde hori 2004an sortu zen, Luis Aramburu Udal Musika Eskolan, irakasle eta ikasle talde baten ekimenez. Ikastea, ondo pasatzea eta, aldi berean, publikoari eurek agertokian bezain ondo pasaraztea zuten helburu, swing, be-bop, rock, pop, funk, soul, hip-hop edo musika latinoz osatutako beren errepertorioaren eskutik.

 Asteburuari amaiera emateko, igandean 19:00etan, Langraiz Okako plazan ‘Apellido adverbio’ taldeaz arituko da.

 ‘Vital Araban zehar’ programak XIX. edizioa beteko du uda honetan, Arabako sei kuadrilletako 50 udalerritako 69 herritan (67 Araban eta bi Trebiñun) egingo diren 106 emanaldiren eskutik. Sortu zenetik, ekimen kultural hau Lurralde Historikoko udalerri guztietara (Gasteiz izan ezik, proposamenetik kanpo geratu baita) eta Trebiñuko Konderriko bi udalerrietara iritsiko den bigarren aldia da. Udalek erakutsitako askotariko zaletasunei erantzutea du helburu eta, aldi berean, Arabako talde eta artistei aukerak eskaintzea.