Erretzea osasunerako ondorio negatiboak dituen jokabidea da. Ondorio horiek guztiak oso dokumentatuta daude eta herritarrek ezagutzen dituzte. OMEren arabera, urtero mundu osoan 8 milioi pertsona baino gehiago hiltzen dira tabakoaren kontsumoa dela eta (haietako 1 milioi erretzaile pasiboak dira) eta, ondorioz, prebeni daitekeen mundu mailako lehen heriotza-kausa da. Gainera, zigarro-puntak dira elementu kutsakor ugarienetako bat (botilak eta bilgarri plastikoak baino gehiago) eta 10 urte arte behar ditzakete degradatzeko. Zigarro-punta horietako bakoitzak itsasoko 10 litro-ur inguru eta ur gezaren 50 litro arte kutsa ditzake izaten dituzten mundrunak eta beste substantzia toxiko batzuk direla eta.
Horregatik, uda honetan, Gasteizko Udaleko Kirol eta Osasun Sailak Mendizorrotzako kirolgunea eta Gamarrako parkea Kerik Gabeko Gune bihurtuko ditu Minbiziaren Aurkako Arabako Elkartearekin elkarlanean.
“Mendizorrotza eta Gamarra Kerik Gabeko Gune” ekimenaren oinarria da Gasteizko herritarren prebentzioa eta sentsibilizazioa. Horren guztiaren helburua da tabakoaren kontsumoa prebenitzea edo kontsumitzen hasteko adina atzeratzea, tabakoarekiko esposizio pasiboa desagerraraztea (batez ere adingabeen eta pertsona zaurgarrien kasuan), osasungarriagoak diren hiri-inguruneak sortzen aurrera egitea, tabakoaren kontsumoa desnormalizatzea eta zigarro-puntek ingurumenean eragiten duten kaltea ekiditea. Kanpaina horretarako, gainera, hiri osoko Udalaren euskarrietan eta sare sozialetan kokatuko diren kartel digitalak eta fisikoak erabiliko dira.
Bi gune berri horiek iaz mugatu zituztenei gehituko zaizkie: gizarte-etxeetako, autobus geltokiaren eta Udalaren San Martingo Bulego Teknikoetako inguruei. Izan ere, Udalak 2022an egin zuen bat Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailaren Tabako Kerik Gabeko Euskadiko Sarearekin.