Ardoaren etorkizuna
Ardo ekologikoaren etorkizuna eztabaidagai egon da EcoWine2022 sinposioan. Hala, sinposioak estatuko mahastizaintza eta ardogintza ekologikoko profesional aditu ugari hartu ditu
Ingurumena gehiago errespetatzen duten ekoizpen metodoen aldeko interesa eta beharra iritsi dira mahastizaintza eta ardogintzara ere. Mahastiaren eta Ardoaren Nazioarteko Erakundearen arabera (OIV), 2005etik 2019ra bitartean mahastiak ekoizpen ekologikora aldatzeko tasa batez beste % 13 hazi da urtero. OIVren iritziz, joera hori azaltzeko egungo gizartearen eskaerak hartu behar dira kontuan, esaterako, kontsumitzaileen osasuna zaintzea eta ingurumena babestea.
Hori izan zen joan den astean egindako EcoWine 2022 sinposioan eztabaidatu zen gaietako bat. Ekolurraren datuen arabera, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluak, azken bost urteetan, bikoiztu egin du autonomia-erkidego horretako mahasti ekologikoaren laborantza; guztira, 984 hektareako mahasti ziurtatuak daude: “ EAEn mahasti ekologikoaren laborea bikoiztu egin da, guztira 984 hektarea baitaude mahasti ekologikoan ziurtatuta -horietatik 944 Arabako lurretan daude-, 2014an 432,7 hektarea zeudelarik inskribatuta”. Ildo beretik, ardo ekologikoaren ekoizpenaren hazkundea kontsumitzaileen ahosabaian ere nabari da: europarren %35 inguruk diote gutxienez astean behin kontsumitzen dutela ardo, garagardo edo likore ekologikoa. Datu horiek ardoaren eta mahatsaren industriak ekoizpen ekologikoaren etorkizunean funtsezko azpisektore gisa duen potentziala erakusten dute. Agertoki horretan, NEIKER zentro teknologikoak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin (EKOLURRA), Basque Winerekin eta Nekazaritza Ekologikoaren/Agroekologiaren Espainiako Elkartearekin (SEAE) lankidetzan, EcoWine2022 sinposioa antolatu zue Guardian, Arabako Errioxaren bihotzean. Ekitaldian izan ziren erakundeetako ordezkariak, hala nola Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, eta Leire Barañano, NEIKEReko zuzendari nagusia. Orozek irekiera hitzaldian azaldu zuenez, EcoWine “urrezko aukera da sektorearentzat, eta benetako topagunea mahastizaintza ekologikoan espezializatutako estatuko eta nazioarteko profesional, ikertzaile, teknikari eta aztertzaileentzat”.
Zehazki, EcoWine2022ren helburua da mahastizaintza eta ardogintzaren sektoreari espazio bat eskaintzea, mahastiaren lanketa ekologikoaren azken aurrerapenak partekatu eta eztabaidatu ahal izateko, klima aldaketa arintzeko eta ingurumena errespetatzeko eragile moduan jokatzen duen rola nabarmenduz, parte hartzaileek ponentzia magistraletan, mahai inguruetan, eztabaidetan, ardo-solasaldietan eta komunikazioetan egindako ekarpenei esker.
Hiru egun iraun zuen ekitaldiak, eta oso ikuspegi parte-hartzailea izan zuen. Besteak beste, zerbitzu ekosistemikoen garrantzia, ekoizpen ekologikoaren eta ardoaren kalitatearen arteko lotura, tokiko kulturen garapena eta aldeko apustua, eta, azkenik, ekoizpen-sektorea ekoizpen ekologikora hurbiltzeko eta orientatzeko beharra azaldu ziren bertan. Programan nabarmendu beharreko puntuetako bat da ostiralean Arabako Errioxan dauden zenbait familia upategiren sailetara egindako bisita teknikoa. Horiek ardo ekologikoa ekoizten dute, Rioja Jatorri Deitura Kalifikatuko upategiak dira, eta beren ardo ekologikoen ekoizpenari lotutako hainbat alderdi ezagutarazi zituzten lehen eskutik. “EcoWine2022 sinposioaren xedea da ardoaren sektoreari trantsizio ekologikoa egiten laguntzea, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2014tik bultzatutako Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planaren barruan sartzen da (FOPE). Helburu nagusia da ekoizpen ekologikoa handitzea eta horri lotutako transformazio eta komertzializazio katea garatzea”, ondorioztatu zuten.
Ekitaldia. NEIKER zentro teknologikoak, Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseiluarekin (EKOLURRA), Basque Winerekin eta Nekazaritza Ekologikoaren/Agroekologiaren Espainiako Elkartearekin (SEAE) lankidetzan, EcoWine2022 sinposioa antolatu zue Guardian, Arabako Errioxaren bihotzean. Ekitaldian izan ziren erakundeetako ordezkariak, hala nola Bittor Oroz, Eusko Jaurlaritzako Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuordea, eta Leire Barañano, NEIKEReko zuzendari nagusia. Orozek irekiera hitzaldian azaldu zuenez, EcoWine “urrezko aukera da sektorearentzat, eta benetako topagunea mahastizaintza ekologikoan espezializatutako estatuko eta nazioarteko profesional, ikertzaile eta teknikari entzat”.
Helburua. EcoWine2022 sinposioaren xedea da ardoaren sektoreari trantsizio ekologikoa egiten laguntzea, eta Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak 2014tik bultzatutako Ekoizpen Ekologikoa Sustatzeko Planaren barruan sartzen da (FOPE)”.