- San Prudentzioko jaia itzuliko da, bi urtez Arabako patroiaz gozatu eta ospatu gabe egon ondoren, koronabirusaren pandemia dela eta. Programazio zabalarekin, aurten ere danborrada dator. Leire Betazola izango da bertako zuzendaria. Pandemia baino lehen izendatu zuten baina aurten estreinatuko da. Helduetan, 350 pertsona inguruk hartuko dute parte, eta haurrentzako edizioan, 125 haurrek.

Bi urtez koronabirusaren pandemiaren ondorioz danborradarik gabe egon ondoren, nola doaz aurten antolaketak?

-Prestaketak gogo handiz eta ilusio handiz doaz. Gogorra izan da, gauza askotan hutsetik hastea izan baita. Bereziki, haurrentzat prestatutako danborradan, bi urte daramatzatelako ospatu gabe, eta bi urte hauetan gehiago nabaritzen delako haietan, batzuk nagusitzen hasi direlako. Baina San Prudentzio jaia ospatzeko gogo handia dugula ikusten da. Hain zuzen, 2020an pandemiak geldiarazi zuen lehen festa ofiziala izan zen, eta orain gogo eta ilusio handiz ekingo diogu berriro.

Zenbat lagunek hartuko dute parte edizio honetan?

-Danborrada txikian, 125 haur gutxi gorabehera, eta helduen danborradan, 300 heldu inguru. Ez dakit zehatz-mehatz esaten, baina 300 eta 350 heldu artean. 2019koen antzeko datuak dira. Aurten, jendeak gogoa du. Izan ere, zenbait jendek atzeratu ditu oporrak, eta Gasteizen geratuko da San Prudentzio eguna ospatzeko.

Noiz hasi zineten prestaketekin?

-Otsailaren amaieratik, martxoaren hasieratik. Denbora daramagu honekin.

Zuzendari gisa estreinatuko zara azkenean, aurten bai.

-Aurten bai. Egia esan, aurten nire proba-urtea izango da. Pandemia baino lehen izendatu ninduten, gero danborrada balkoietan egin zen, iaz telebistarako gauza txikitxo bat egin genuen eta aurtengoa benetakoa izango da. Ilusio handia daukat danborradako zuzendaria izateagatik. Eta nerbioak. Baina beharrezko nerbioak?.