Aste honetan Europako Energia Astea ospatzen da, eta Gasteiztik ere parte hartu nahi izan dute horretan. Izan ere, Europako Energiaren Astea kontinente osoan ospatzen da urriaren 25etik 31ra bitartean eta "Gasteizko Udalak aukera aprobetxatu du udalak berak kudeatutako 229 eraikinek energia termikoaren kudeaketan duten aldaketa ikusarazteko, eta egunero gizarte-etxeetara, kultura- eta kirol-zentroetara, eskoletara eta udal bulegoetara joaten diren 20.000 pertsona baino gehiago haien erabilera eraginkorraz sentsibilizatzeko".
"Eraikinek hirietako CO2 emisioen % 30 sortzen dute; beraz, ezinbestekoa da energia berriztagarrien erabilera handitzea. Proposatutako jarduketekin, Gasteizko udal eraikin eta instalazioetan energia berriztagarrien erabilera bikoiztea lortuko dugu, CO2 emisioak nabarmen murriztuz", adierazi zuen Udal Administrazioaren eta Eraldaketa Digitalaren zinegotzi Borja Rodríguezek.
Ildo horretatik, aste honetan zehar, gune horietako lauretan, hots, Aldabeko eta Ibaiondoko gizarte-etxeetan, Mendizorrotzako kirol esparruan eta Umandi ikastolan, lau informazio-totem egongo dira. Haietan udal eraikinen energia-kontsumoa eta haren bilakaera azaltzen da, bai eta energia berriztagarrien erabilerak orokorrean eta bereziki lau espazio horietan izango duen gorakada ere.
"Hala, adibidez, Aldabeko gizarte-etxea energia berriztagarriak % 61 erabiltzetik % 77 erabiltzera pasatuko da, Ibaiondoko gizarte-etxea % 31tik % 82ra, Mendizorrotzeko kirol esparrua % 11tik % 91ra eta Umandi ikastola iturri berriztagarriak ez erabiltzetik % 91 erabiltzera", azpimarratu zuten Udaletik atzo. "Udalak, halaber, erabilera-aholku errazak emateko aprobetxatu du kanpaina, udalak kudeatutako 229 eraikinetan energia kontsumoa are gehiago murrizten laguntzeaz gain, etxeetako kontsumo pribatua gutxitzeko ere erabilgarriak izango direlakoan", ondorioztatu zuten.
Aholku horiek dira, besteak beste, "dutxa laburragoak hartzea, bero- eta hotz-iturriak itzaltzea berotu edo hoztu nahi den espazioan ez bagaude, beroa alferrik galtzea saihestea espazioak zentzuz aireztatuz, edo arduradunei matxuren berri ematea", jakinarazi zuten.