Iaz lortutako arrakastaren ondoren, Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziadunen Euskadiko Elkargo Ofizialak (Colcafid EH) bigarren urtez jarraian Gorputz Hezkuntzaren Eguna kalean ekimenarekin bat egitea erabaki du.
Fran Flórez Gorputz Hezkuntzako irakasle batek duela hamar urte abian jarritako ekimena da Gorputz Hezkuntzaren Eguna kalean. Irakasle horrek erabaki zuen ikasle guztiak kalera ateratzea eta herritarrei erakustea nolakoa den gaur egungo gorputz-hezkuntza eta irakasleek ikasgelan egiten duten lana. Harrezkero herri eta hiri gehiago gehitu zaizkio ekimen honi, iaz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa ere.
"Aurreko edizioan, pandemiaren eraginez, kalea etxez etxe aldatu behar izan genuen eta denok murgilduta geunden boom digitalaren ondorioz, emaitza izugarriak lortu ziren (1.358 ikastetxetako 272.244 ikaslek egin zuten bat), hala, DEFC 2020, konfinamendu garaiko hezkuntza-ekitaldi handiena izan zen. Gorputz Hezkuntzako milaka maisu eta irakasleri eta horien ikasleei esker, trending topic izatea lortu genuen, eta mundu guztiak jakin zezan, bizi izandako egoeraren aurrean ere, Gorputz Hezkuntza sortzailea, berritzailea, integratzailea eta inklusiboa izaten ari zela", azaldu zuten Colcafid-etik. Ildo horretatik jarraituz, iaz Arabako lurraldeak ere bat egin zuen ekimenarekin, eta izan zuen arrakastaren ondorioz, aurten ere parte hartuko du. Edizio honetan, ordea, herritarrak kalean daude berriro, normaltasun berriaren esparruan. Beraz, etxea ez da protagonista bakarra izango, kalea eta ikastetxeak ere bai. Hau da, edozein espazio, barnekoa zein kanpokoa izan, gorputz-hezkuntzarako eta pertsonak kirolarekin aktibatzeko leku egokia izan daiteke.
Azken aste hauetan, ikastetxe askok egin dute bat ekimen honekin. Izan ere, edizio hau egiteko egun gutxi falta direnean, dagoeneko Estatu osoko 800 ikastetxetako 170.000 ikasle baino gehiago atxiki dira. Euskadin ere, 1.500 ikasle baino gehiago eman dute izena jada. "Colcafiden Euskadiko irakasle guztiei dei egiten diegu ekimen honetan parte har dezaten eta milaka irakaslerekin batera mobiliza daitezen", esan eta gaineratu dute: "Elkarrekin kalitateko Gorputz Hezkuntzaren beharra aldarrikatuko dugu".
Gainera, ospakizun honen helburuetako bat ikuspena ematea ez ezik, kalitatezko baliabide gehiago eskatzea ere bada: "Egia da, urtero, Gorputz Hezkuntza berria ikusaraztea eta kalitatezkoa izan dadin baliabide gehiago eskatu behar direla, baina aurten, #Defc2021ek are ikusgarritasun, protagonismo eta garrantzi handiagoa eman nahi dio Gorputz Hezkuntzari, eta oso momentu berezian egiten du hori. Aldarrikapenak Lomloeren arau-garapenaren testuinguruan egiten dira. Eskaera guztiak Colef Kontseiluak martxoaren hasieran argitaratutako Kalitateko Gorputz Hezkuntzaren Aldeko Manifestuaren bidez bideratzen dira, eta dagoeneko 120.000 atxikimendu baino gehiago lortu dira", azpimarratu dute.
"Hezkuntzari buruzko Lege Organikoa aldatu ondoren, aukera paregabea dago Lomloe garatzeko araudiak Unescoren jarraibideak, Colef Kontseiluaren eta Gorputz Hezkuntzaren arloko irakasleen kolektiboaren eskaerak jaso ditzan, bai eta alderdi guztietako politikariek Diputatuen Kongresuan egindako erreklamazioak ere", gaineratu dute. Horrelako ekimenekin, eta batez ere, Gorputz Hezkuntzako irakasle guztien eta ikasleen laguntzarekin, gorputz-hezkuntzari balioa eman nahi zaio, irakasgai honen beharraz gain, bizitza osasuntsua ere sustatzen baitute, diotenez.
Hain zuzen, adierazpenean bertan, puntuetako batean, irakasgai honen garrantzia azpimarratzen da: "Irakasgai honek herritarrak hezten laguntzen du, eguneroko zereginak arrakastaz eta segurtasunez egin ahal izateko behar adinako alfabetatze motorrarekin, eta, aldi berean, gizarte iraunkor baten parte izateko bizi-ohitura osasungarriak sustatzen ditu, garapen integrala lortzen lagunduz", diote. Gainera, gaineratu dutenez, Gorputz Hezkuntzak ere ekitatea bermatzen du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen dituen jarduera fisikoaren gutxieneko mailetara iristeko.
Ekimena. Euskal Herriko Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Lizentziatuen Euskal Herriko Elkargo Ofizialak (Colcafid EH) bat egiten du bigarren urtez jarraian Gorputz eta Kirol ezkuntzako Elkargo Profesionalen Kontseilu Nagusiaren Gorputz Hezkuntzaren Eguna Kalean #DEFC ekimenarekin.
Gomendioa. Gorputz Hezkuntzak ere ekitatea bermatzen du Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen dituen jarduera fisikoaren gutxieneko mailetara iristeko.