-Bi gidari zauritu ziren atzo AP-68 autobidean, Zuian, Zaragozarako noranzkoan, bertan gertatutako istripu batean. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak egunkari honetan azaldu zuenez, aipatutatako istripua 15: 15ak aldera gertatu zen, eta oraindik ikertzen ari diren arrazoiak tarteko, hiru ibilgailuk elkar jo zuten. Pertsona bat Txagorritxuko ospitalera eraman behar izan zuten, eta beste bat Santiagoko ospitalera. Ertzaintzak bi errei itxi zituen errepidea garbitzeko. Poliziaren arabera, garbiketa lanak hiru ordu baino gehiagoz luzatu ziren.
Bestalde, Udaltzaingoak 33 urteko gidari bat salatu zuen joan den ostegunean Kantabrikoaren hiribidean 116 kilometro orduko abiaduran gidatzen zuen bitartean harrapatu zutelako. Gizonak bideko segurtasunaren aurkako delituaren ustezko egile gisa erantzun beharko du eta horrek hiru eta sei hilabete arteko espetxeratze-zigorra eta gidabaimena kentzea ekar diezaioke. Atxilotu ostean, epailearen esku utzi zuten gaztea.
Hori ez da Udaltzaingoaren azken orduko esku-hartze bakarra izan. Gasteizko Udaleko Segurtasun Sailak atzo jakinarazi zuenez, arma zuriz eraso egiten saiatu ziren joan den ostegunean. Oraingo honetan, Florida kalean gertati zen. Antza denez, 50 urteko gizon bat aipatutako kaleko establezimendu informatiko batera joan zen ordenagailua konpontzera, eta une jakin batean “jarrera bortitza erakutsi zuen saltzailearekin”. Azkenean, poliziaren arabera, gizonak kuter bat atera eta saltzailea mehatxatu zuen. Gainera, antza denez, lokalean ere kalteak eragin zituen. Udaltzaingoa gertakarien lekura iritsi ondoren, agenteek saltokiko bideozaintzako kameren irudiak ikusi zituzten, eta 50 urteko gizona atxilotu zuten, arma zuriz eraso egiten saiatzea egotzita. Gasteizko suhiltzaileei dagokienez, joan den asteazkenean bost irteera egin zituzten eraikinetako eta hiri-altzarietako elementuak erortzeko arriskuagatik. Segurtasun Sailak azaldu duenez, azken orduetako haizeteek eragin dituzte lur-jausiak. Gainera, Murgiara joan behar izan zuten etxola batean sortutako sua itzaltzera. Bi butano-bonbona zeuden mendi batean gertatu zen. Une jakin batean, oraindik ezagutzen ez diren arrazoiengatik, bonbonetako batek su hartu zuen eta sutea eragin zuen etxolan. Zorionez, ez zen inor zauritu eta sua itzali egin zuten kalte handiagorik gertatu gabe.-