- Foru Aldundiak Arabako Gida akustikoa argitaratu du, hirigintza-plangintzan legeria akustikoaren ulermena, interpretazioa eta aplikazioa hobetzeko helburuarekin. Atzo jakinarazi zutenez, argitalpen honen bidez zarataren kudeaketari buruzko irizpideak bateratu nahi dira, bai eta Arabako udalerri bakoitza bere berezitasunekin aztertu eta zonakatze akustikoak definitzeko eta etorkizuneko hirigintza-garapenetarako inpaktu akustikoaren azterketak egiteko beharrezkoak diren baldintzak zehaztu ere.
Ido horretatik, Josean Galera Ingurumen eta Hirigintza Saileko foru diputatuaren hitzetan, "Arabaren zati handi batean dauden zaratarik gabeko zonak ondare bat dira, eta lurraldearen balio bat, zaindu behar dena". Argitalpena doan banatuko da udal, administrazio-batzar, koadrila eta hirigintza-plangintza orokorrak idazten dituzten taldeen artean. "Soinu maila berdinak ez dauka eragin berdina etxebizitza zona batean eta industria zona batean. Horrengatik ezinbestekoa da hiri zona bakoitzarekin loturik dauden lurzoruaren erabilera desberdinak kontuan edukitzea zarataren ebaluazioa egiteko garaian", gaineratu zuen Galerak, eta horrela justifikatu zuen udalerri bakoitzeko zona bakoitzarekin kalitate akustikoko irizpideak "lotu beharra". "Hala, zona bakoitzaren zonakatze akustikoak, adibidez, etxebizitza zona bat galaraz dezake errepide edo burdinbide batetik hurbilegi baldin badago". Gainera, zehaztu zuen gida honen helburua Arabako herritarren lasaitasuna dela, batez ere. "Gidaren helburua da lasaitasuna eta berezko soinuaren gozamena diren ondarea nabarmentzea, Arabaren zati handi batean goza daitekeen pribilegio bat. Lagundu nahi dugu ingurumenaren kalitatea eta Arabako herrietako bizitza kalitatea hobetzen", esan eta erantsi zuen:
"Hortaz, kutsadura akustikoaren aurkako babes berezia behar dute biztanle gutxi eta biztanle dentsitate txikia dituzten Arabako udalerriek". Hori dela eta, toki erakundeei banatuko zaie gida, erabili ahal izan dezaten beren hirigintza planak tramitatu eta idazten dituzten bitartean, eta laguntza tekniko moduan, zaratarekiko minbera diren zonetan planteatzen diren eraikuntza berriei hirigintza lizentziak emateko garaian. Bukatzeko, Foru Aldundiatik gogoratu zutenez atzo, momentu hauetan, Arabako hogeita hamarren bat udalerri beren hirigintza planak idazten ari dira.