- Zergatik aukeratu zen Araia siderurgia ezartzeko? Zergatik iraun zuen La Union Obrerak beste kooperatiba askok ez bezala? Zer egiteko izan zuen fabrikako gerente bakoitzak? Izango al zuen zerikusirik fabrikak musikarekin, antzerkiarekin, kooperatibarekin, mediku laguntzarekin? Hainbat zalantza argitzeko, Paz Larrumbide idazleak liburu bat idatzi du eta Arabako Foru Aldundiak argitaratu eta aurkeztu zuen atzo.
Hala, Foru Aldundiko Kultura eta Kirol Sailak La forja de una identidad. Araya, pasado y presente liburua argitaratu du, Paz Larrumbidek idatzia. Atzo aurkeztu zuten Ana del Val Kultura eta Kirol Saileko foru diputatuak, Txelo Auzmendi Asparreneko alkateak eta egileak berak. Ikerketa hiru eragileren inguruan egituratuta dago: Industria eta hura zuzendu zuten pertsonak; La Union Obrera kontsumo kooperatiba, itzaleko benetako prestakuntza eskola bera; eta herriko biztanleak. Liburu dendetan eros daiteke, 15 euroren truke, edo liburutegi publikoetan kontsultatu.