- "Oso garrantzitsua da kasu berriak garaiz detektatzea, kutsatutako pertsona azkar isola-tzeko, kutsatze gehiago saihesteko helburuarekin. Horixe da normaltasun berri horri eutsi ahal izateko gakoa. Baina ez da bakarra. Norbera babesteko eta urruntzeko neurriak ere garrantzitsuak dira transmisioa geldiarazteko". Nekane Murga Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak atzo berriro azaldu zuen kasu berriak garaiz detektatu behar direla (batez ere sintomarik gabekoak), herritar gehiago kutsatu aurretik, eta beste behin ere berretsi zuen maskara erabiltzearen beharra eta garrantzia, baita koronabirusaren transmisioa gelditzeko urrun-tze soziala ere.
Bilbon emandako prentsaurrekoan azaldu zuen, Euskadiko covid-19aren datu berriak ezagutzera ematerako momentuan. Hala, Eusko Jaurlaritzaren azken datuen arabera, Arabako lurraldea azken asteotan euste fasean mantentzen ari da. Izan ere, pandemiaren hasieran Euskadiko lurralderik kaltetuena izan bazen ere, azken egunotan egoera inguruko gainerako lurraldeetan baino kontrolatuago dago. Zehazki, azken orduetan sei dira PCR probei positibo eman dietenak, eta Gipuzkoan 38 pertsona gehiago zenbatu dituzte. Bizkaia da kasu gehien izan dituen lurraldea, joan den asteazkenean 93 izan ziren arte. Kutsatuetako bat autonomia-erkidegotik kanpo bizi den pertsona bat da. Guztira, 138 positibo berri izan dira Euskadin aurreko asteazkenean, aurreko egunean baino 27 gehiago. Kasuen gorakada handia izan bada ere, berragertze berri horietan, kutsatutakoen adina jaisten ari da, eta, horrekin batera, baita hildakoen kopurua ere. Izan ere, sailburuak atzo gogorarazi zuenez, "azken astean ez da inor hil". EAEko ospitaleetako zainketa intentsiboetako unitateetan ospitaleratutako pertsonen kopuruari dagokionez, gaur egun bi dira larri jarraitzen dutenak. Horietako bat duela hamar egun baino gutxiago ospitaleratu zutela nabarmendu zuen Murgak.
Osakidetzak screening kanpainarekin jarraitzen du PCR proben bidez. Azken astean 30.000 PCR proba inguru egin dira, eta guztira, herritarren %14 inguruk egin dute jada proba hori: "Euskadi da, oraindik ere, Estatu osoan biztanleko PCR proba gehien egiten dituen autonomia-erkidegoa. Horrek islatzen du egiten ari garen miaketa-ahalegina", azpimarratu zuen Nekane Murgak. Eta erantsi zuen: "Astebete da Euskadik maskara nahitaez erabiltzea ezarri zuela. Behar-beharrezkoa da une honetan, garaiz baikaude komunitatearen transmisioa saihesteko. Ildo horretan, uste dut herritar gehienek onartu dutela neurri horien garrantzia, eta maskara beraien eguneroko errutinan sartu dutela". 138 positiboen adinari dagokionez 12 positibo izan dira 10 urtetik beherakoen artean, eta 15 positibo soilik 60 urtetik gorakoen artean. Horrek erakusten du gazteen artean kutsatzeko joerak bere horretan jarraitzen duela. Horren harira, Nekane Murga sailburuak aitortu du familia inguruan kutsa-tze ugari gertatzen ari direla eta aisialdiko establezimenduetan kutsatzeak jaisten ari direla, ostalaritzako kontrol neurriak indartu eta maskara erabiltzea derrigorrezkoa bihurtu denetik.
Azkenik, Osakidetzak Ordizian hartutako neurri bereziak kentzea erabaki du, birusaren hedapena gelditzea lortu ostean. Neurri horiek ostalaritzako edukiera mugatu, barrako kontsumoa debekatu eta establezimenduak ixteko ordutegia finkatzen zuten.
"Euskadi da, oraindik ere, Estatu osoan biztanleko PCR proba gehien egiten dituen autonomia-erkidegoa. Horrek islatzen du egiten ari garen miaketa-ahalegina".
"Astebete da Euskadik maskara nahitaez erabiltzea ezarri zuela. Behar-beharrezkoa da une honetan".