Milaka euskaltzalek errespetu gehiago eskatu diote Frantziari

Hamar mila lagun baino gehiagok euskarak murgiltzea behar duela aldarrikatu dute Baionan

29.05.2021 | 23:55
Milaka euskaltzalek errespetu gehiago eskatu diote Frantziari

Egoera bidegabea dela ohartarazi zuten manifestariek 'Gure hizkuntzak bizi daitezen' lelopean. Argazkia: Iker Azurmendi

Baiona – Euskararen alde aspaldian ikusi gabeko mobilizazioa izan zen atzo Lapurdiko hiriburuan. Izan ere, mundua elkartu zen euskarak murgiltzea behar duela aldarrikatzeko eta Frantziak bere konstituzioaren bigarren artikulua alda dezan eska-tzeko. Hamar mila manifestari baino gehiagok argi utzi zuten ez dutela batere begi onez ikusten Fran-tziako Konstituzio kontseiluak legez kanpo utzi izana hizkuntza gutxituetan eskaintzen den murgiltze irakaskuntza. Ingelesaren hedatzearen aurrean frantsesa babesteko idatzi zen artikulua hizkuntza gutxituen garapena oztopatzeko erabili ohi dela kritikatu zuten ere. Egoera bidegabea dela ohartarazi zuten Gure hizkuntzak bizi daitezen lelopean.

Eguzkia lagun, jai giroan eta batasun handian, joaldunek, traktoreek, eta musikariek ireki zuten jende uholde zabala, eta bertan gisa askotako mezuak entzuteko parada izan zen, besteak beste, euskara maite dixit Baxe Nafarroako xuka agerian utzi eta gaztetxo batzuek zeramaten pankarta. Macron kasu, herria kexu eta Euskara gelarat, Blanquer kanporat leloak maiz oihukatu zituzten Baionan bildutako manifestariek. Manifestariek Jean Michel Blanquer hezkuntza ministroa jomugan izan zuten, murgiltzearen aurkako jarrera sutsua erakutsi baitu. Macronen aldeko 60 bat diputatuk aurkeztutako helegitea Blanquerren kolaboratzaile batek idatzi izana salatu zuten ere.

Bestalde, azterketak euskaraz idazteko eskubidea aldarrikatu zuten atzo Baionan. Izan ere, gaur egun euskaraz ikasten duten ikasleek azterketa gehienak frantsesez idatzi behar dituzte ikasturte bukaeran.

Euskal Konfederazioaren inguruan talde, alderdi, sindikatu, elkarte eta erakunde asko elkartu zen atzo. Euskaltzaindia eta Garapen Kontseiluaz gain jendarte zibileko 200 lagunek bertara joateko deia egin zuten ere. Hizkuntza aniztasuna aukera dela eta ez mehatxua ohartarazi zuten aho batez. "Haserrea erakutsi dugu eta bihartik arazoa konpondu beharko dute. Parisek sortu duen arazoa konpondu behar du mende erdi batez eskaintzen dugun murgiltze irakaskuntzari babesa emanez", adierazi zuen Peio Jorajuria Seaskaren presidenteak.

"Ez dugu onartzen sortu duten egoera. Murgiltze eredua garatzen segituko dugu eta irailean hogeita hemezortzigarren ikastola zabalduko dugu Bardotzen", gehitu zuen Hur Gorostiaga ikastolen federazioaren zuzendariak. Bere ustez, Macron presidenteak aste honetan Seaskaren alde egindako ele ederrak ez dira aski. "Bermeak eskatzen ditugu". Euskaltzaleen arabera, euskarak irakaskuntza sare guztietan egon behar du, Seaska bezalako itunpeko zentroetan, ikasgela publikoetan eta baita katolikoetan. Azken bi hauetan, osoki euskaraz ari diren 40 ikasgela dauzkate gaur egun eta beste lau sortu nahi lituzkete irailean.

"Ez dugu nahi murgiltzea debeka dezaten, sare guztietan nahi dugu haurrek behar den bezala ikas dezaten", azaldu zuen Marie Andrée Ouret Biga Bai elkartearen bozeramaileak. Eskola katolikoetako 40 zuzendarik agiria izenpetu dute baliabide gehiago eskatzeko euskarazko irakaskuntzaren alde.

"Aterabide indartsua eta lasterra aurkitu behar digute", zioen Antton Curutcharry Euskal Hirigune Elkargoaren kide eta Euskararen Erakunde Publikoaren presidenteak. Egitura honekin batera, okzitaniera, katalana eta bretoiera sustatzen duten erakunde publikoek eskutitza bidali diote Emmanuel Macron Errepublikako presidenteari konstituzioaren bigarren artikulua lehenbailehen alda dezan eskatzeko. Orain arteko eraikuntzaren desegitean ez dutela parte hartuko ohartarazi diote ere.

"Badakigu Konstituzio kontseiluak emandako ebazpenaren arabera, murgiltze irakaskuntza legez kanpo gelditu dela. Baitezpadakoa da egoera aldatzea, lehenbailehen", adierazi zuen Kike Amonarriz Topagunearen izenean. "Baionan ikusitako uholdea bihur dadila asanblea nazionalean ere uholde benetako aldaketak emateko euskaldunen eskubideak bermatu ahal izateko", bota zuen bere aldetik Paul Bilbao Kontseiluaren bozeramaileak.

Aurreko egunetan bezala, Jean René Etchegaray buru zutela, kolore guztietako hautetsiek bat egin zuten Baionan atzo izandako manifestaldian. Andoni Ortuzar eta Maria Eugenia Arrizabalaga EAJren EEBren presidente eta ordezkaria Lapurdiko hiri nagusian egon ziren atzo. "Europako aniztasuna jokoan dago, irtenbide bat eskatzen eta lortu behar dugu", adierazi zuen Ortuzarrek. Peio Etxeleku IBBren presidenteak egoera salatu zuen "munstro juridikoa" eta demokraziaren kontrako jarrera aipatuz. "Frantziak dauka mundu mailako murgiltze sistema zabalena munduan zehar dauzkan frantses lizeoekin. Badakite murgiltzea bide bakarra dela hizkuntza ongi ikasteko eta ez lukete onartuko aldatzea. Zergatik hori inposatzen digute guri?", galdetu zuen Etxelekuk. Euskal herritarren nortasunaren aurkako erasoa delakoan, Jeltzaleek kritikatu dute ere "ñ" bezalako hizkiak legez kanpo utzi dituela Konstituzio kontseiluak. Murgiltze irakaskuntzaz gain, agiri ofizialetan zeinu diakritikoen erabilera legeztatu zuten Frantziako asanblea nazionalak eta senatuak. Dena den, Konstituzio kontseiluak artikulu hori ere atzera bota zuen eta ondorioz Iñaki edo Begoña bezalako izenak eta Ibañez gisako deiturak ezin dira behar den bezala ida-tzi Frantziako agiri ofizialetan.

Anita Lopepe EH Bai koalizioaren bozeramaileak salatu zuen aspaldian ez zela hein horretako erasorik gertatu. "Guk argi dugu murgiltzea sistema bakarra dela euskararen transmisioa segurtatzeko. Baionan erantzun anitza eman da ebazpena demokraziaren kontra doalako", deitoratu zuen. Euskaltzaleek kritikatu dute Frantziako gobernuak Euskal Herrian duen ordezkaritzak agiria argitaratu duela egunotan gogoratzeko euskararen alde ematen dituen baliabideak. "Hemengo herritarrak gara eta zergak ordaintzen ditugu. Ez digute oparirik egiten. Herritarren %30k euskara daki eta hamarretik zortzik gizarte elebiduna nahi dutela diote ikerketa soziolinguistikoek. Eskola guztietan gero eta ikasle gutxiago dute, euskara irakasten den zentroetan ordea gero eta gehiago", argitu zuen Martak, atzo Baionako manifestaldian parte hartu zuen aspaldiko ekintzaileak. Baionaldeko gaskoizaleek ere bat egin zuten deiarekin eta Gaskoniako banderak ikus zitekeen atzoko manifestaldian.

Lapurdiko hiriburuan bezala, aldarrikapen bereko manifestaldi jendetsu gehiago egin zuten atzo Alsazia, Ipar Katalunia, Okzitania, Bretainia eta Kortsikako hainbat hiritan.

"Murgiltze eredua garatzen segituko dugu eta irailean 38. ikastola zabalduko dugu"

Hur Gorostiaga

Ikastolen Federazioaren zuzendaria

noticias de noticiasdealava