Zaramagako birgaitze energetikorako eta irisgarritasuna hobetzeko obrak Mendozako Taldea 59 eta Zaramaga plaza 9 zenbakietako eraikinetan amaitu dira
Betetze maila % 80koa da auzoa biziberritzeko proiektuari atxikitako gainerako komunitateetan
Auzoa biziberritzeko planari atxikitako Zaramagako higiezinetan birgaitze energetikorako eta irisgarritasuna hobetzeko obrak amaitu dituzte, eta Mendozako Taldea 59 eta Zaramaga plaza 9 zenbakietako komunitateetan egindako lanen azken ziurtagiria jaso dute. Amaitutako bi eraikin horiekin batera, Nafarroako Errege-Erreginen kaleko 28. zenbakian dagoen eraikinaren betetze maila % 97,71koa da, eta lanen azken fasean dago.
Proiektu osoan, 16 ataritan garatzen ari diren esku-hartzeen batez besteko gauzatze maila % 80,17koa da, eta garapen hori % 90etik gorakoa da Biasteri-Arabar Errioxako Taldea 50ean eta Mendozako Taldea 35eko eraikinetan, obrak amaitzetik gertuen dauden komunitateak baitira. Gainerako higiezinetan, lanen gauzatze maila % 54tik % 89ra bitartekoa da, eta horrek agerian uzten du hiria berroneratzeko jarduketen aurrerapen maila handia dela.
Zaramagaren eraldaketa Euskadiko hiri-berroneratze proiekturik handiena da. 332 etxebizitza atxiki dira, auzoko 22 ataritan banatuta.
“Esku-hartze integrala da, eta, birgaitze energetikoaz eta irisgarritasunaren hobekuntzaz gain, azpiegitura berdeko jarduerak eta komunitate energetikoen sustapena ere aurrez ikusten ditu, ingurumenaren jasangarritasuna eta ingurunearen kohesio soziala indartuz”, azaldu du Borja Rodríguez Hiri eta Hirigintza Ereduaren zinegotziak.
Guztira, 31,5 milioi euroko inbertsioa egin da, Eusko Jaurlaritzak eta Gasteizko Udalak batera finantzatuta. Zenbateko horretatik 24,9 milioi euro funts autonomikoetatik datoz, eta 6,6 milioi euro Udalaren ekarpenetatik. Horiei bizilagunen ekarpena gehitu behar zaie (2,9 milioi euro baino gutxiagokoa izango da).
Esku-hartze hori Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza eta Hiri Agenda Sailak onartutako auzoak berroneratzeko Inbertsio Estrategikoen Planean jasotako jarduketen barruan dago, eta Gasteizko Udalak Zaramaga auzoaren hiri-, gizarte- eta ingurumen-berroneratzean jarduteko duen konpromiso estrategikoetako bati erantzuten dio. Horren bidez, auzoa jasangarritasun, irisgarritasun eta bizi-kalitate arloetan erreferente bihurtu nahi da.
Temas
Más en Actualidad
-
Vital Fundazioak 1.100 eta 4.400 euro arteko laguntzak emango ditu kirol ekipamenduak eta materiala erosteko
-
Ertzaintza eta Save the Children bildu dira komunikazio bideak indartu eta lankidetza estutzeko
-
Gipuzkoako Aldundiak 32 milioi euroko 2026ko laguntza programa abiatu du lurraldeko enpresa sarea indartzeko
-
Al menos 673 presos políticos han sido excarcelados en Venezuela desde enero