Euskal AEko gizonen eta emakumeen bizi-itxaropenak gora egin zuen 2024ean, Eustaten datuen arabera. Gizonen bizi-itxaropenak 0,5 urte egin zuen gora aurreko urteko balioekin alderatuta, eta 81,7 urtetan kokatu zen; emakumeen bizi-itxaropenak, berriz, 0,4 urte egin zuen gora, eta 87,0 urtetan kokatu zen. Balio horiek jaiotzako bizi- itxaropenaren maximo historikoak adierazten dituzte bi sexuetarako.

Europar Batasun osoarekin alderatzeak agerian uzten du Euskal AEko biztanleriak bizi- itxaropen handiagoa duela: Euskal AEko gizonak, batez beste, Europakoak baino 2,5 urte gehiago bizi dira; emakumeak, berriz, Europakoak baino 2,6 urte gehiago batez beste.

Espainiako datuekin alderatuz gero --herrialde hori Europako bizi-itxaropen handienetako bat izateagatik nabarmentzen da--, Euskal AEk ere zifra hobeak ditu; zehazki, bizi-itxaropena 0,3 urte luzeagoa da gizonen kasuan eta 0,5 urte emakumeen kasuan.

Euskal AEko gizonen eta emakumeen bizi-itxaropenak etengabe egin du gora, pandemiaren urtean eta ondorengo bietan (2020tik 2023ra) behera egin arren. 1976ko datuekin alderatuz gero -orduan bizi-itxaropena 69,6 urtekoa zen gizonentzat eta 76,9 urtekoa emakumeentzat-, bizi-itxaropen hori 12,1 urte igo da gizonetan eta 10,1 urte emakumeetan.

Bilakaera horrek esan nahi du gizonek hiru hilabete inguru luzatzen dutela bizi- itxaropena urtean, eta bi hilabete eta erdi emakumeek. Gizonen artean eman den aurrerapen nabarmenenak genero-arrakala murriztea ekarri du: bi sexuen arteko aldea 5,3 urtekoa da gaur egun, 1991n eta 1994an 8,7 urteko maximoa erregistratu zen bitartean. Tumoreak dira oraindik ere bizi-itxaropena luzatzeko mehatxu nagusia.