Síguenos en redes sociales:

Ramon Bareak jasoko du III. Gure Zinema Saria

Bareak euskal zinemaren erreferente gisa duen rola eta pantaila handiko zinemari egindako ekarpena aitortu nahi izan ditu saria emanez

Ramon Bareak jasoko du III. Gure Zinema SariaUtzitakoa

Gure Zinema Sariak Ramon Barea aktore, antzerkigile eta antzerki zuzendari bilbotarraren ibilbidea aitortuko du bere hirugarren edizioan, eta Borja Cobeaga zuzendariak emango dio saria irailaren 24an, 73. Donostia Zinemaldiaren baitan.

Gure Zinema plataformak jakinarazi duenez, Bareak euskal zinemaren erreferente gisa duen rola eta pantaila handiko zinemari egindako ekarpena aitortu nahi izan ditu saria emanez.

Esan bezala, Borja Cobeagak emango dio garaikurra, biek konplizitate handia baitute, zuzendariaren bost filmetatik lautan parte hartu bait Bareak -'No controles' (2010), Negociador (2014), 'Fe de etarras' (2017) eta 'Los aitas' (2025)-.

Gainera, Éramos pocos (2005) Oscar sarietarako izendatua izan zen bere film laburreko protagonista ere izan zen, eta Su majestad (2025) seriean ere esku hartu zuen aktore gisa.

Gure Zinema plataformaren arabera, Ramon Bareak "inork ez bezala irudikatzen du gure zinemaren historia hurbila". 200dik gora ikus-entzunezko lanetan parte hartu du, eta "eskuzabaltasunez" egin du bere ibilbide profesionala, "Euskadin errotuta eta mundura irekia".

La fuga de Segovia, La Muerte de Mikel', 27 horas, Vacas, edo La Madre Muerta bezalako film ikonikoetan parte hartu du, baita Obaba, La comunidad, Blancanieves, bezalako lan berriagoetan ere, besteak beste.

Gure Zinema Sariaren helburua da Euskadiko ikus-entzunezko ekosistema indartzen duten ibilbide profesionalak eta lanak azpimarratzea. Aurreko edizioetan Ane Gabarain aktorea (2024) eta 'Cinco lobitos' filma (2023) saritu zituzten, "eta hurrengo urteetan ere, Euskadiko ikus-entzunezkoaren sektoreko arlo guztietako profesionalen talde lanak zein banakako ibilbideak nabarmentzen jarraituko du ekimenak".

Gure Zinema plataforma duela hiru urte sortu zen ikus-entzunezkoaren sektoreko eragile guztiek bultzatuta. Euskal zinema indartzeko helburua du, bai eta ikusleei abantailak eskaintzeko ere, euskal lanez pantaila handian are eta gehiago gozatu dezaten.

Plataformako kide dira Euskadiko ekoiztetxeen elkarteak, EZAE, EiTB eta euskal zinemaren gainerako kideak, jaialdiak, kultura-erakundeak eta elkarteak barne, hala nola aktoreena eta gidoilariena. Gainera, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren laguntza du.