Euskadin Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) kudeatzen duen Moves III 2025 laguntzen programak 2.099 eskaera jaso ditu. Ekainaren 25ean zabaldutako diru laguntzen programak 14,9 milioi euroko aurrekontua du.

EEEk eskuragarri dituen Moves programaren kudeaketari buruzko azken datuen arabera, gorakada progresiboa gertatzen ari da motorizazio elektrikoko ibilgailuentzako diru laguntzen eskaeren aurkezpenean.

Horrela, jasotako eskaera guztietatik 1.352 ibilgailuei dagozkie, eta 747 kargatzeko guneei. Ibilgailuen kasuan, eskaeren %92 autoentzako dira, %5 furgonetentzat eta %3 motorrentzat. Gainera, eskaeren %56 ibilgailu elektriko puruentzako izan dira, eta %43 hibrido entxufagarrientzako.

Kargatzeko guneek ere laguntzak jaso ditzakete, eta 747 eskaera jaso dira jada. Ibilgailuen eta kargatzeko guneen artean, 3.000 diru laguntza eskaera jasotzea aurreikusi da.

Ekainaren 18an jarri zen abian laguntzen programa eta ekainaren 25ean hasi ziren eskaerak erregistratzen. Bi aurrekontu sailetan banatzen da 14,9 milioi euroko aurrekontua: lehenengoa 8,4 milioi eurokoa ibilgailu elektriko berrien edo erakusketako ibilgailuen erosketan laguntzeko, eta bigarrena 6,5 milioi eurokoa kargatzeko guneak diruz laguntzeko.

Laguntza 7.000 eurora iristen da %100 elektrikoak diren eta laguntza programan adierazitako baldintzetan txatar bihurtutako beste ibilgailu zahar bat ordezten duten autoentzat. Gainera, karga elektrikoko guneeek %70erainoko diru laguntza jaso ahalko dute.

PROGRAMA

Programak atzeraeragina du herritarrentzat, eta 2025eko urtarrilaren 1etik aurrera egindako ibilgailu erosketetarako aplika daiteke. Guztira, eta beti ibilgailu tipologiaren mende, 2.000 ibilgailu elektrikoren eta kargatzeko 1.000 guneren erosketan laguntzea aurreikusi da.