URAk uraren arloko nazioarteko lankidetza proiektuak finantzatzera bideratuko du uraren kanonarekin bildutakoaren %5a
URA Urarek Euskal Agentziak eLankidetza Lankidetza eta Elkartasunerako Euskal Agentziakri helaraziko dio uraren kanonaren bidez bildutako diruaren %5a, funts horiekin uretarako eta saneamendurako giza eskubidea bermatzeko nazioarteko proiektuak kudeatzeko.
Horrela jaso du URAk eta eLankidetzak izenpetu duten lankidetza hitzarmen berria. Eusko Jaurlaritzak uraren esparruan ere nazioarteko garapenerako lankidetzarekin duen konpromisoa indartzea da helburua, bereziki hegoalde globaleko herrialdeetan edateko ura eta saneamendua eskuratzeari dagokionez.
Hitzarmenaren harira Asier Lopez Etxebarria URAko zuzendari nagusiak adierazi duenez, "ura ondasun publikoa eta giza eskubidea den heinean, hitzarmen honek lurraldeen arteko elkartasunarekin eta lankidetza globalarekin dugun konpromisoa islatzen du, pertsonen bizitzarako eta duintasunerako funtsezkoa den esparruan".
Era berean, eLankidetzako zuzendari Francisco Javier Cortes Fernandezek azpimarratu du akordioak erakusten duela "agentzia publikoen arteko lan koordinatuak modu eraginkorrean lagun dezakeela giza garapen jasangarrian, konponbideak gehien behar diren tokietara eramateko".
Finantzaketaz gain, hitzarmenak URAren laguntza teknikoa ere barne hartzen du, eta eLankidetza teknikoki aholkatuko du uraren kudeaketarekin eta saneamenduarekin lotutako proiektuetan, jarduketen kalitatea eta iraunkortasuna indartzea xede.
Bi agentziek modu bateratuan lan egingo dute proiektuak identifikatzen, jarraipena egiten eta gauzatzen, bi erakundeetako ordezkariek osatutako jarraipen batzorde misto baten bidez. Batzordeak erabakiko du funtsak zein ekimenetara bideratuko diren, hitzarmena betetzen dela zainduko du eta lankidetza teknikorako formulak adostuko ditu.