Reala eta Maren Lezeta akordiora iritsi dira kontratua 2028-2029ko denboraldira arte luzatzeko eta lehenengo taldeko jokalari izango da, 17 zenbakidun dortsalarekin. Lehenengo talderako pausoa ematea "izugarria" dela berarentzat esan du Aretxabaleako erdilariak.

Lezetak estadioan sinatu du kontratu berria, Maider Castillo elite mailako emakumezkoen futbol arduradunarekin eta Garbiñe Etxeberria emakumezkoen futbol arduradunarekin batera.

Realak sarean argitaratutako oharrean jakinarazi duenez, emakumezkoen bigarren taldean ibilbide bikaina egin ostean, Maren Lezetak lehenengo taldearekin debuta egin zuen aurreko denboraldian Atletico Madrilen aurkako partida batean.

Lezetak estadioan sinatu du kontratu berria, Maider Castillo elite mailako emakumezkoen futbol arduradunarekin eta Garbiñe Etxeberria emakumezkoen futbol arduradunarekin batera

Aretxabaletako erdilari gaztea bere izaeragatik, teknikagatik eta jokoa irakurtzeko duen gaitasunagatik nabarmentzen da, eta bigarren taldean izan duen bilakaerarengatik eta egindako lanari esker, klubak bere aldeko apustua egin du datorren denboraldietarako.

Kontratuaren luzapenarekin, Realak harrobiarekin duen "konpromiso sendoa" berretsi du, eta lehen taldeko erdiko lerroa indartu du "kalitatezko, talentudun eta etorkizuna duen jokalari batekin".

BESTE DATU BATZUK

Bestalde, Athletic Clubek eta Itxaso Uriartek ekainaren 30ean amaitu den kontratua luzatu dute, eta erdilari gasteiztarrak eskuin belauneko lesioaren errehabilitazioa jarraituko du Lezaman, talde zuri-gorriak jakinarazi duenez.

Uriartek mina zuen duela pare bat denboralditik eta birritan igaro behar izan du ebakuntza gelatik. Lehenengoa 2024ko apirilean izan zen, eta denboraldiaurrea egin ondoren, F Ligako lehen jardunaldian debutatu ahal izan zuen Levante UD taldearen aurka 2024ko irailean.

Hala ere, aurtengo otsailean berriz ere ebakuntza egin zioten eta ez da hobeto sentitu. Beraz, orain arte bezala errehabilitazioarekin jarraituko du, kontratua berritu ondoren .