Euskalgintzaren Kontseiluak eta Batuz Aldatu adostasun sozialaren talde eragileak euskararen biziberritzearen aldeko akordio soziopolitiko berri baterako oinarriak aurkeztuko dituzte ostiralean, ekainaren 20an, Donostian, Miramongo parke teknologikoan egingo den ekitaldian.

Kontseilutik gogorarazi dutenez, 2021eko ekainean, Euskal Herri osoko eta sektore askotariko 110etik gora elkartek, fundaziok, eragilek, enpresak eta sindikatuk 'Batuz Aldatu: Hizkuntza-politiketan eragiteko adostasun soziala' aurkeztu zuten, euskararen normalizazio eta biziberritze prozesuan jauzi bat emateko beharra aldarrikatuz.

Adostasun hartan, etorkizuneko hizkuntza politikek izan beharko dituzten bi printzipio zehaztu ziren: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioa eta orokortzea bultzatu beharra, eta euskara eroso eta normaltasunez erabiltzeko eremuak sortu, garatu eta elkarlotzea.

2022an, akordio soziopolitiko berri baterako proposamena lantzeko talde eragilea osatu zen, Athletic Club Fundazioa, Agirre Lehendakaria Center, Mondragon Korporazioa, Eusko Ikaskuntza, Euskal Kontsumitzaileen Alkartea, Taupa Mugimendua, Bizipoza Bilgunea, AEK, Gazte Euskaltzaleen Sarea, Gipuzkoako Erizainen Elkargoa, Nafar Ateneoa eta Euskalgintzaren Kontseiluak eratua.

DEIALDIA

Denbora honetan "diskrezioz baina etenik gabe" lanean aritu dira, eta proposamenaren oinarriak aurkeztuko dituzte ostiralean Donostian egingo duten agerraldian. Miramon parke teknologikoaren eraikin nagusian izango da, eta Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Aitziber Blanco elkarrizketa prozesuaren dinamizatzaileak eta talde eragileko kideak diren Igor Arenazak (Athletic Club) eta Leire Alberdik (Euskal Kontsumitzaileen Elkartea) parte hartuko dute.