Gerediaga Elkarteak 60. urteurrena ospatzeko ekitaldia antolatu du larunbaterako, ekainaren 14rako, Abadiñoko (Bizkaia) Gerediaga auzoko foru zelaian. Ekitaldi zabala izango da, joan nahi duen guztientzat irekia, eta ordubeteko ikuskizunean, "elkartearen iraganari, orainari eta etorkizunari begiratzeko ahalegina" egingo dute, musika, dantza, bertso, antzerki eta ezustekoekin.
Gerediaga Elkarteko iturriek prentsa ohar bidez jakinarazi dutenez, 1965. urteko ekainean eman zituen lehen pausuak elkarteak, eta urtemuga ospatzeko ekitaldia antolatu larunbaterako.
Abadiñoko Gerediaga auzoko foru-zelaian izango da ospakizuna. Hain zuzen, orain dela 60 urte, ingurua nahiko utzita zegoela ikusita eta Durangaldearen historian hain leku garrantzitsuak arreta behar zuela iritzita, bertan elkartu ziren elkarteko lehenengo bazkideak. Beraz, elkartearen sorrera lekuan izango da ospakizuna.
Durangaldeko elkarte, talde, erakunde eta jendeak parte hartuko dute ospakizunean eta ikus-entzuleak ere "denetarikoak" nahi dituzte. Horregaitik, ospakizunera etortzeko gonbidapena luzatu diete "etortzeko gogoz edota jakin-minez diren guztiei".
Bada, 'Izan eta Eragin' izenburuko ikuskizuna prestatu dute, eta, 20:00etan hasita, ordubete inguruko iraupenarkin, "Gerediaga Elkartearen iragana, oraina eta geroa laburbiltzeko ahalegina" izango da, ikus-entzunezko laburretan eskualdeko eragileen lekukotzak eta eskualdeko irudiak tartekatuta.
Horrez gain, musika ere izango da. Ikuskizunaren aurreko eta osteko tarteak girotzeko Itsua dj-ak jarriko du musika, eta ikuskizunean, Malakiasek, batetik, eta Onintza Azkaratek, Eider Gallastegik eta Joannah Keenek osatuko duten hirukoteak, bestetik, pieza bana joko dute.
Halaber, Iruri Altzerrekak eta Unai Iturriagak bertsotan egingo dute ikuskizunerako prestatuko diren bi eszenatokietan, eta Karrika antzerki taldeak XIX. mendean foru zelaian egiten ziren eskualdeko udalerrien batzar baten murgilduko ditu ikus-entzuleak umorez.
Durangaldeko izaeraren parte diren ezpata-dantzarien saioa ere izango da, ekitaldirako berariaz eskualdeko herri ezberdinetako dantzariz osatutako taldea eratuta. Sopresarik eta jan edanik ere ez da faltako urteurrena ospatzeko.