Eusko Jaurlaritzako gobernu kontseiluak arte eszenikoak, musika, literatura eta arte plastikoak sustatzeko eta zabaltzeko diru laguntzak onartu ditu, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eskatuta, eta 850.000 euro banatuko ditu.
Hain zuzen, kulturgintzako ekoizle, banatzaile eta komertzialak) merkatu berriak irekitzeko eta horretarako behar diren sustapen tresnak birdimentsionatzeko laguntzak izango dira, eta iaz baino 250.000 euro gehiago banatuko dira, Jaurlaritzatik jakinarazi dutenez.
Arte galeriek Euskaditik kanpo egingo diren nazioarteko arte azoketan parte hartzea sustatzeko 72.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzak, iazko kopuru bera
Lau laguntza modalitate daude. Arte eszenikoetako konpainia profesionalek (antzerkia, dantza, zirkua) egiten dituzten ikuskizunak sustatzeko, merkaturatzeko, nazioartekotzeko eta banatzeko 500.000 euro banatuko dira, iuaz baino %51,5 gehiago.
MUSIKA TALDEEN SUSTAPENA
Musika taldeen sustapen, merkaturatze, nazioartekotze eta banaketa proiektuetara 238.000 euro bideratuko dira, 2024an baino %42 gehiago, eta literatur argitaletxeak diren pertsonek edo entitateek EAEtik kanpo egingo diren liburu eta literaturaren arloko azoka eta ekitaldi profesionaletan parte hartzen laguntzera 40.000 euro, iaz baino %33 gehiago.
Azkenik, arte galeriek Euskaditik kanpo egingo diren nazioarteko arte azoketan parte hartzea sustatzeko 72.000 euro banatuko ditu Jaurlaritzak, iazko kopuru bera.
Bestalde, Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak astearte honetan onetsi ditu irabazi asmorik gabeko elkarte eta erakundeentzako diru laguntzen bi deialdien ebazpenak, emakumeen eta gizonen berdintasunerako jarduerak egin ditzaten, eta, Berdintasun, Euskara eta Gobernantza Sailak proposatuta, 200.000 euro banatuko ditu lurraldeko 37 elkarte eta erakunderen artean.
Foru erakundeko arduradunen arabera, Arabako Foru Aldundiak emakume eta gizon arabarren benetako berdintasunaren alde egindako apustu politikoaren barruan kokatuta daude bi deialdiak.