Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, igande honetan, ekainaren 1ean, hodei ugari eta euria. Zerua lainotua egongo da eta tarteka zaparradak egingo ditu, gainera arratsalde-gau partean zaparradak trumoitsuak izan daitezke.

Giroa aurreko egunetan baino nabarmen freskoagoa izango da: jaitsierak bereziki handiak izango dira lurraldearen erdialdean eta hegoaldean. Iparraldeko haizeak aginduko du. Hiriburuetan, Baionan 17 gradu espero dira gutxienez eta 20 gehienez, Bilbon 17 gutxienez eta 21 gehienez, Donostian 17 gutxienez eta 20 gehienez, Gasteizen 14 gutxienez eta 23 gehienez eta Iruñean 15 gutxienez eta 30 gehienez.

Itsasbazterrean ipar-mendebaldeko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, eta arratsaldean iparraldetik finkatu eta 3koarekin ibiliko da, 4ko tarteekin; itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du, itsaskiko guneekin arratsaldean.

Ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro inguruko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 09:36an eta 21:55ean izango dira, eta itsasbehereak 03:18an eta 15:30ean. Uraren tenperatura 18 gradukoa da eta ikuspena lau eta hamar kilometro artekoa izango da.

BESTE INFORMAZIO BATZUK

Bestalde, Euskaltzaindiak Andima Ibinagabeitiaren artxiboak kontsultagarri jarri ditu bere webgunean. Haren artxiboak balio berezia du frankismo garaiko euskaltzaletasunaren testigantza gisa, Akademiak jakinarazi duenez.

Andima Ibinagabeitia (Elantxobe, Bizkaia, 1906 - Caracas, Venezuela, 1967) idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea izan zen

Andima Ibinagabeitia (Elantxobe, Bizkaia, 1906 - Caracas, Venezuela, 1967) idazle, itzultzaile eta euskaltzain urgazlea izan zen. Espainiako gerra zibilaren ondorioz erbesteratu egin behar izan zuen eta atzerrian gauzatu ziren bere lan ia guztiak.

Ibiñagabeitiaren familiak 2000. urteko urrian eman zion artxiboa Euskaltzaindiari, Akademiaren egoitzan eginiko ekitaldian, Bilbon. 2006an, Euskaltzaindiak idazlea omendu zuen bere sorterrian, Elantxoben. Egun berean, Ibinagabeitiarekin batera omendu ziren Imanol Berriatua idazle eta euskaltzain urgazlea eta Gorgonio Renteria politikari eta idazlea.

Sei ataletan banatu da Euskaltzaindiaren webgunean kontsulta daitekeen funtsa: 'Gutuneria', jaso eta erantzundako gutunak; 'Kazetaritza', Euskadi Irratia, Alderdi, Euzko Gogoa, Irrintzi eta bestelako hedabideetarako landutako artikuluak; 'Itzulpengintza' idazle klasikoen lanen itzulpenak (Ovidio, Virgilio...); 'Jon Mirande' idazlearen lanak eta berarekiko gutuneria mamitsua; 'Editore lanak', editore lanetan hainbat egilek bidalitako lanak; 'Saski-Naskia' orotariko dokumentuak.