ELA sindikatuak CAF Taldeko "langile guztien" lan baldintzak "duintzeko" eskatu du, eta horren alde mobilizatzen jarraituko duela ziurtatu du, "enpresak, bere filialetan ere, errespetuaren eta negoziazioaren kultura zabaldu behar duelako zentro bakoitzeko ordezkariekin".
Sindikatuak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, CAF Taldea "asko hazi da azken urteotan", eta enpresaren nazioarteko proiekzioak eta lan kargen eta eskaeren hazkundeak lanpostu asko sortu ditu Euskal Herrian.
Esan du enplegua sortzea albiste ona dela, baina deitoratu du hazkunde horrek "desberdintasun handiak" sortu dituela CAF Taldearentzat lan egiten duten pertsonen artean.
Horrela, ELAk azaldu duenez, alde batetik, "historikoki sindikalizatuta" dauden eta hitzarmen kolektibo propioak dituzten Beasaingo eta Irungo lantegiak daude, baina, bestetik, enpleguaren hazkunde nagusia "CAFen %100ekoak diren baina lan baldintza nabarmen okerragoak dituzten filialetan gertatzen ari da".
"Filial horiek onura handiak ekartzen dizkiote taldeari, baina langileek eragozpen gehien izaten dituzte sortzen duten onuraren araberako lan baldintzak negoziatu ahal izateko", salatu du.
ELAren arabera, filial horietako askok "ez dute Gipuzkoako metalaren hitzarmenak ematen duen oinarririk ere", eta kasu batzuetan Estatuko hitzarmen kolektiboak aplikatzen dira.
Bada, errealitate horrek eta "langileak antolatzea eragozten saiatzen ari den" CAFeko zuzendaritzaren jarrera "ezinegon handia" sortzen ari dela ohartarazi du sindikatuak.
Egoera horren "azken adibide gisa", CAF Power filialean gertatzen ari dena da aipatu du ELAk. "Langileak deitutako mobilizazioekin eta grebekin bat egiten ari dira, eta zuzendaritzak lan baldintzak aldebakarrez inposatzen jarraitu nahi du", salatu du.
Horregatik guztiatagatik, CAF Taldeko langile guztien baldintzak "duintzeko" eskatu du ELAk. "Enpresak, bere filialetan ere, errespetuaren eta negoziazioaren kultura zabaldu behar du zentro bakoitzeko ordezkariekin", esan du.